Aurreko udan izan ginen aurrez aurre hemen berean, Amaiurren, erretore-etxean. Nik, galderak. Zuk, "ai, mutiko!, ez naiz oroitzen! Izan ere, hamaika gauza egin ditut nire bizitzan!".
Egia baita! Arrunt memoria flakoa dut. Beti izan dut memoria flakoa.
Hamaika gauza egin dituzu. Pintatu, besteak beste.
Horixe da gehien egin dudana. Pintatu. Neskatila nintzelarik hasi nintzen. Zortzi, bederatzi urte izanen nituen nik orduan. Lehengo batean ere erran nizun erbesteraturik bizi izan ginela Frantzian. Handik hona etorri eta Donostian izan nintzen ni, amatxirenean. Elisa Arin. Uste dut ordurako Mariaren konpainian ari nintzela ikasten, San Bartolome kalean. Sukar erreumatikoak harrapatu nituen eta etxean geratu behar izan nuen. Maria Dolores Laseras, Maria Dolores Agirreren alaba baitzen, etortzen zitzaidan eskola ematera. Amatxiren urtebetetzea nonbait, eta marrazkia egin genion. Huraxe da nik bizian egin dudan lehen marrazki serioa.
Zer ageri zuen marrazkiak?
Baserri bat. Donostia inguruko mendi magaleko baserria. Kopiatu egin nuen beste non edo nondik. Eskola garaian ere antzerki-lanen dekoratuak pintatzen nituen, ni ez bainaiz behin ere ikasle saiatua izan. Nik aski nuen dekoratuak eginda! Tira, antzerki-lan batean Xabierko Frantziskoren morroia jokatu nuen, Mateo. Aktoresa izan nintzen lan hartan. "Asi en la selva al ser dia / anuncia una algarabia de pajaros la mañana". Kar, kar, kar... Barre? Hobe ez! Victoria Eugenia antzokian antzeztu genuen obra, kolegiotik hara joanda. Dena dela, baserri hura izan zen nire lehen marrazkia. Horrela hasten da bat pintatzen, jakina.
Hasi, eta segi gero...
Donostiako amatxi, Menchu Galen ama ponteko zen. Amatxiren etxean Regoyosen koadroak zeuden, adibidez; Regoyos gure amatxiren etxe batean bizi izan baitzen Orion. Regoyosen bi koadro, Menchuren hainbat lan, haren lehenengo etapakoak... Menchuk denboraldiak ematen zituen gure amatxiren etxean, Donostian. Bestalde, trouçeau et llete denda bat zuen gure amatxik, aberatsak janzten zireneko lekua. Abenidan zegoen. 100 bat jostun zituen lanean, han eta beraien etxeetan. Orain, bidaia-agentzia, banketxea, hau eta hura daude leku hartan! Urte batzuk iraganda, gure aita pare bat... Erran nahi dut amatxiren fazeta horrek ere eraginik izanen zuela nire baitan, arrunt gauza delikatuak baitzituen etxean: portzelanazkoak, txarroak eta beste. Eta, jakina, pinturak.
Gurasoak erbestean eta zu amatxirenean Donostian.
36an erbesteratu ziren eta 40ko hamarkadan itzuli ziren. Ez dakit zein urtetan. Errana dizut memoria flakoa dudala. Elizondora etorri ziren. Bitartean, guk Donostian eman genuen beti negualdia eta Elizondon, aldiz, udako sasoia.
Eta gurasoak Elizondora etorri eta bertara zuek denok.
Horixe. Gero, hemen nintzelarik, hamazazpi, hemezortzi urte nituela, mutil bat etorri zen soldadu Elizondora, pintatu egiten zuena: Ismael Fidalgo, Bilbokoa. Ibarrolaren garaikoa da. Soldadu etorria, pintorea, zeinahi bazterretan hasten zen pintatzen, karrikan. Ni, bizikleta hartu eta haren gibelean ibiltzen nintzen, nola pintatzen zuen begira. Egun batean erran zidan: "Aizu, fabore bat eskatu behar dizut. Soldaduak elurretara goaz, ikastaroa dugu, eta nire materiala gordetzea nahi nuke. Xuxen gordetzen badidazu, bueltan koadro bat pintatzen utziko dizut". Erran eta egin. Huraxe izan zen nik pintatu nuen lehenengo olio-koadroa. Nire zaletasunaz jabetu eta estudio bat jarri zidaten gurasoek, Elizondon, bizi gineneko etxeko ganbaran.
Eta pintatzen hasi zinen.
Bai. Orduantxe. Oraindik badut garai hartako koadro bat, natura hila. Berrogeita hamar urte baino gehiago izanen ditu jadanik. Kanpoan pintatzea gustatu izan zait beti. Kanpoan pintatu eta barruan bukatu. Aunitz lore pintatu dut. Natura hila ere, aunitzetan. Estudioan hasi eta gero, eta soldadu hark soldadutza bukatu orduko, Madrilera joan nintzen Arte Ederretako Zirkulura. Han, Menchu Galen estudioan egoten nintzen. Amatxik ordaintzen zuen ostatua. Nik ez dut dudarik Menchu gure amatxiri mintzatu zitzaiola ni Madrilera joateko. "Hartuko dut nik estudioan. Lagunduko diot. Jendea aurkeztuko diot". Eta egia da erakusketa kolektibo batean parte hartu nuela hainbat pintorerekin: Caballero, Alvaro Delgado... Madrilgo eskolako jendea, alegia.
Kanpoan pintatu eta barruan bukatu, esan duzu.
Bai. Arrunt ezberdina da kanpoan ala barruan jardun. Nik beti diot nire pintura naturalista dela. Kanpoan gozatzen zara, naturalezarekin harremanetan, bertan izanik, bat eginik. Gainera, koadroak eraikitzen badakizunean, hemendik hasi, handik segi, pixka bat okertu hemen... eta paisaiak berak emana dizu koadroaren soluzioa. Horrelaxe da. Paisaiak berak egiten dizu koadroa! Bertan da soluzioa!
Ez dakit ez ote zigun Menchu Galek berak esan: begiratzen ikasi behar dela.
Bai, begiratzen ikasi behar da, eta ikusi. Eskarmentua behar da horretarako. Hasieran aunitzez gehiago kostatzen da. Borroka egin behar izaten da egin nahi zenuena egin ahal izateko. Gogoan duzun koadroa errealitatean gauzatzeko, alegia. Aunitz jendek erraten didate: "Non daude zuk pintatzen dituzun koadroak". "Hortxe, kanpoan". "Bada nik ez ditut ikusten!". "Bada joan eta begiratu berriz!".
Bejondeizula!
Aunitz maite dut kolorea. Fidalgok erraten zidana neskatiko nintzenetik. "Begira! Abiatu kolore zuri batetik. Begiratu beste zuri batera, eta ez dira berdinak. Begiratu berde bat, begiratu beste bat, eta ez dira berdin". Horixe da erantzuna. Dena ematen dizu horrek.
Artista asko datoz Baztanera. Gaur goizean ere, lainoa jaso eta eguzkia zulatzen hasi denean, koadro zoragarriak ageri zituen naturalezak. Etxe txuri politak eta.
Etxe sotilak. Jende aunitz etorri da Baztan pintatzera, bai. Baina nik ezin dut Baztan pintatzen jardun beti. Baztan aunitz maiteagatik. Besterik ere behar dut.
Menchu Galek ere pintatua du Baztan.
Gure etxean pintatuta. Hilabeteak eta hilabeteak egina da gure etxean, Elizondon. Bikaina da Menchu. Ikaragarria. Makurrena, gerrak egindako mina daramala barnean. Hark, jakina, guk baino aunitzez gehiago sufritu zuen. Gorriak ikusi zituzten. Orduko arantza du Menchuk. Uste dut. Nire kasuan, gurasoen erbestaldiak ez dik minik egin. Hiru urte nituen eta ez dut aparteko oroitzapenik. Menturaz, galeraren kontzientzia handiago dute nire anai-arrebek.
Harreman handia izan duzu Menchurekin.
Bai. Irunen ere egon nintzen, Mariaren konpainiaren kolegioan. Eta honen ondoan zegoen Menchuren familiaren etxea. 'Gain-gainean' zuen izena. Amatxi ni bisitatzera etortzen zenero, haienera joaten ginen. Harreman handia izan dugu bi familiek.
Mojek ez zioten Menchu neskatila gaztearen pinturari batere opa.
Mojek, zernahi. Baina nire kontra ezin zuten. Kar, kar, kar... Orain ez, etsita nago aunitz gauzatan. Oraindik badut indar pixar bat, baina ez dut pertsonengan sinesten. Adiskideengan ere, guti. Nire bizian konfiantza handia izan diet pertsonei. Eta zirti-zarta jaso dut egurra. Denean. Borroka egin ezean ez duzu deus lortzen. Borroka. Nik izentxo bat dut egun pintura munduan. Eta zergatik? Borroka egin dudalako. Ez, besterik gabe, pintatu dudalako, borroka egin dudalako baizik. Aunitz modutan: pintatzen, eta ene buruarentzako bidea egiten saiatzen.
Ez da lagundu dizunik? Irakaslerik edo?
Ez. Gu pintore-arraza berezia izan gara. Erakusketa kolektiboak egin izan ditugu Bilboko Fidalgo, Ibarrola eta besterekin. Ez da logikoa pintoreak bata bestearekin ongi konpontzea. Ez da logikoa, beti daudelako zeloak eta hau eta hura.
Heldutasun falta iruditzen zait zelo kontu hori.
Heldutasun falta? Baliteke. Nik konfiantza handia izan diot jende guziari. Ez alferrik. Lagundu didanik? Ez dut izan inor.
Non bilatu duzu pinturarako argia?
Fidalgo eta Menchu Gal beste inor ez dut izan nik. Menturaz, Jesus Montesen komentarioren bat ere bai. Lanaren poderioz egiten da norbera pintore. Museoak ezagututa, adibidez. Nik Europako museo gehienak ezagutzen ditut. San Petesburgora joatea besterik ez zait geratzen. Gainerakoan, Ingalaterra, Italia, Frantzia... AEBetan ere hainbat bisitatu ditut, hara egindako bidaiak probestuz: Chicago, Los Angeles, San Frantzisko, New York... bisita horiek egin egiten zaituzte, nahitaez. Eta, bestalde, jenioak: Van Gogh, eta Goya.
Izugarri maite ditut biak.
Zer ikasten duzu museoetan?
Aunitz pinturak zirrara eragiten dizute. Eta, bestetik, kolorea. Koloreak azpiratzen nau ni. Eta pintorearen bizitzak ere bai. Pertsonak. Van Goghen eskuzabaltasunak, haren izateko erak. Gauguin, beste bat. Eta nire azken aroan, Jorge Oteiza.
Baina Jorge aspaldi ezagutu zenuen zuk.
Bai aspaldi ere. Amatxi bizi zelarik, Oriora joaten ginen Santa Ana egunez, ermitara, eta gero bazkaltzera, Jorgeren izebarenera. Jorgeren eragina arrunt inportantea izan da, beti, eta azkenaldian bereziki.
50eko hamarkadatik hona pintatzen ari zara. Zer duzu pintatura?
Gauza ikaragarria, barruan daramazuna. Asebetetzen zaituen eran adierazteko bidea: zuk nahi duzuna, sentitzen duzuna. Etxe honetako sarreran ikusi duzun koadroa, adibidez: "Canta gallo acorralado". Bide horretan aitzina egin nahi izanen nukeen, eta joko dut hortik, baina paisaia zoragarria da. Gainera, paisaia nola suntsitzen ari den ikusten duzu eta, zuk, koadroetan, eraiki egiten duzu, idealizatu.
Zuk, Elizondo eta Baztan...
Niri dagokidanez, Baztan idealizatzen dut. Pintatzen ari naizelarik, eraikitzen ari naiz, enbarazu egiten duen zerbait kentzen eta, menturaz, beste bat jartzen haren ordez. Batek erranen du: "hori arrunkeria erran duena oraintxe ere!". Baina, finean, zer da artea? Diote: "Artista zarete!". Nik ez dakit artista garen edo zer. Nik, pintore naizela erraten dut.
Pintore bai, artista ez. Zer esan nahi duzu?
Artista, benetako jenio, gutxi dira. Van Gogh izan zen jenio. Edo Gauguin. Edo, nire irudiko, Oteiza. Gainerakook? Pintore!
Enbarazu egiten duena saihesten duen kreatzailea. Tranpa egiten duzu, beraz.
Jorgek erraten zuen nire pinturaren tranpan sartzen zirela. Alegia, "kentzen dudala" errateak ez du erran nahi gauzen zentzua aldatzeko joera dudanik. Ez. Eman dezagun, sukaldaria. Zer ari da? Maitasunez eta gogoz ari ezean, akabo gisatua! Bidenabar, aunitz pintore dira sukaldari bikain. Ongi dakit nik hori. Pintorea han ari da, sukaldaria bezala, lanean, ikuslea gozatuko den esperantzan. Pintura.
Zertan da Jorge Oteizaren eragina Ana Maria Maria pintorearengan?
Benetako izaten lagundu zidan Jorgek. Pintatzen ari zarenean, edo zernahi ari zarelarik, gezurrik ez erraten, egia besterik ez. Koadroan antzeman egiten da hori. Xehetasunetan aunitzetan ikusten da benetakoa zaren, ala ez.
Museo etnografikoa abiarazi zenuen Elizondon...
Proiektu pertsonala izan zen baina, horra, adibidez, Jorgeren bultzada. Bost milioi pezeta eman zizkidan eta eskultura bat, museoaren lorategian jartzeko. Jorge ikustera joaten nintzen guzietan galdetzen zidan: "Zertan ari zara orain?". Beti erraten dut Jorge akuilua nuela. "Eta nola ari zara?". "Ana Mari, problemarik baldin baduzu zure lanean, jarri partez, kendu, beti!". Arrunt inportantea izan zen, hasita nengoen eta gehiago uzten: compliment-a, jendeari atsegin gertatzen, zenbait gauza isilik gordetzen... Bizitzeko, eta inorekin elkarbizitza izateko, isildu egin behar da, baina zure barnean duzuna egiteko, ez, ezin duzu isilik egon. Eta zaila da egoera hori, zaila.
Oteizaren betiko galdera guztiei: "zer ari zara?".
Bai. Eta, behin, erran niona: "Museo etnografikoa egitekotan gara". Eta berak: "Jakina baietz!". Etnografia maite zuen. Uste dut, ene ustea da, ez besterik, egin zituen lehenbiziko lanetan badela etnografiaren eragina. Ene ustea da, ni ez bainaiz nor Jorgeren lana epaitzeko. Hortaz, museo etnografikoa nahi zuen, eta egin genuen. Ez berak nahi zuelako, ez horregatik bakarrik, zeren eta lehenagotik ere, hamabost urte edo gehiago neramatzan nik asmo horri bueltaka.
Pintura ere laguntzen duzue, museoaren bidez...
Hitzaldiak egin izan ditugu Baztanen izan ditugun hiru pintoreren gainean. Hilak dira hirurak: Etxenike, Ziga eta Etxandi. Horrekin batera, megalitoak ere aztertu ditugu. Eta euskara. Eta beste aunitz gauza. Euskara aztertzea nahi dut nik. Nik ez dakit euskaraz, baina bihotzez maite dut. Ez naiz mintzatzen, gurasoen erbestaldiagatik, haiengandik aparte bizi izan nintzelako. Baina aunitz kanta dakit euskaraz kantatzen. Erbestaldian frantsesa ikasi nuen. Gero, eskolan hasi nintzen. Eta fini euskara.
Antzekoa da Menchu Galen ibilbidea.
Noski. Museotik euskara lantzen saiatu gara, baina jendeak ez du laguntzen. Ni ez naiz jakituna aunitz gauzatan. Orduan, laguntza eskatzen dut. Bada, laguntza eskatu... baina ez dut jaso. Larramendiren hiztegi hirukoitza daukagu museoan, eta nik neuk etxean neuzkan liburu batzuk, Axularren Gero eta. Eta euskaraz eta gaztelaniaz egiten dugu dena. Baina laguntzarik ez dut.
Jorge Oteizaren gainean liburua egina du Edorta Kortadik. Iaz argitaratua. Zure izena dator bertan: Jorgeren giltzazain omen zinen.
Kar, kar, kar... Edortari galdetu behar zer erran nahi duen.
Lan hori eginda etorri naiz, badaezpada. Oteizak agindua emana omen zuen eta azken urteetan ez omen zen ezer saltzen zure baimenik gabe...
Ez da saltze kontua, Oteizari tratu txarra emango ziotela baizik. Behin, telebista etorri zitzaion, eta kamera ezkutua jarri eta grabatu zioten! Tratu txarra emango zioten... Ez. Ez dut gai honen gainean mintzatu nahi. Berriegi da dena. Denbora pasa behar du, mintzatzen hasi baino aitzinetik. Jorgeren aunitz gauza dut gordeta. Egun batean horiek erakutsi eta ikusiko da Ana Maria Marin haren giltzazain izan zen edo haren zaintzaile. "Gordi" izena ematen zidan. Ez zuen jendearekin egon nahi baina, beste alde batetik, hain zen ona, ez zion jendeari ukatu nahi.
Eta zu tartean...
Bai. Baina niri ere sartu dizkidate ziri galantak... Ez zait axola. Erran dezatela nahi duten guzia. Hura zaintzen egon naizen denboran, hark egindako lan guziak erretratatu ditut, inork deus ez errateko. Menturaz, haren lau mila erretratu izanen ditut.