Xabier Peñalver: «Garai batzuez ditugun hutsuneak bete ahal izatea nahi nuke»


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Nondik datorkizu arkeologia zaletasuna?
Nire ikasle garaian ez zen erraza inor Historiaurreaz zaletzea, egia esan, ia oharkabean pasatzen baitzen. Baina nire aita, Jesus Peñalver, maisua zen eta arkeologia zaletasun handia zuen. Maisu egondako herri batean zezen iberiar bat aurkitu zuen; ordura arte, eseraulki gisa eta labanak zorrozteko erabiltzen zuten bertakoek, baina aitari esker herriko plazan iturri bat egin eta hantxe jarri zuten zezen iberiar hori. Asko hitz egiten genuen biok arkeologiaz eta, beharbada, hortik sortuko zitzaidan zaletasuna. Gauza da, unibertsitatera joateko garaian garbi izan nuela zer egin behar nuen.

Non egin zenituen ikasketak?
Orduan ezin zen Arkeologia hemen ikasi, eta Zaragozara joan nintzen. Han bai, han Arkeologiari maitasun handia hartzera bideratzen gintuzten irakasleak izan nituen: gaur egun EHUko katedraduna den Ignacio Barandiaran, adibidez; edota Antonio Beltran, Aragoiko historiaurrelari ospetsua. Eta hortik aurrera unibertsitatea niretzat Arkeologia frankismoaren azken urteetako mobilizazio anitzekin bateratzea izan zen.

Arkeologiak dituen ataletatik zein interesatu zaizu beti gehien?
Nik beti nahiago izan dut ikerketa arloa, errepideak edo eraikuntzak egiterakoan sortzen diren arazoak konpontzeko baliagarria den larritasunezko arkeologia gisa ezagutzen den horren aurrean. Bestea ere egin, egin behar da, noski, baina nik nahiago dut garai batzuez ditugun hutsuneak betetzea ahalbidetzen digun arkeologia mota. Jakina, beste zenbait arlorekin bateratu behar izan dut, esate baterako historia eta arte-ondarea zaintzearen aldeko ekintzekin, urte asko eman ditut Gipuzkoako ondasun higikorren eta higiezinen zaintzan. Horiez gain, dibulgazioaren arloa ere asko zaindu behar dela iruditzen zait, eta ildo horri jarraituz argitaratu ditut hainbat lan, Txalaparta argitaletxearekin plazaratutako Orígenes liburua bezalakoak, arkeologiari buruzko interesak bizirik jarraitu dezan.

Ikerketan aritzea ez al da garestia?
Arriskua, nire ustez, zuzenean onura eta errentagarritasun ekonomikoa ekarriko ez duten ikerketa guztiak baztertzea edo gutxi kontuan hartzea litzateke. Jarraitzen dugu ikerketa arkeologikoa egiten, eta ez, ez da hain garestia ere.

Nork ordaintzen du ikerketa mota hori?
Hemen Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin egiten dira. Horrelako ikerketetan nik daramatzadan hogeita bost urteotan bai, behintzat.

Zer-nolako urratsak eman zenituen zuk ikerketa arkeologikoari ekiteko?
Aranzadik duen Historiaurreko Arkeologia sailean hasi nintzen lanean, 1978an. Hemen ia inork ukitzen ez zuen Burdin Aroak erakarri ninduen hasieratik. Izan ere, aro aldaketaren aurreko lehen mila urte haietaz, Historiaurrearen azken aldiaz, ezjakintasun ia erabatekoa zegoen. Beraz, 1982an hasi nintzen jada Aralar mendatean dagoen Supitaitz monolitoko indusketak zuzentzen. Gero mairu-baratzeekin jarraitu nuen, Neolito Aroko hileta oroigarriekin. Eta hartan diraut, oso garrantzitsuak iruditzen zaizkidalako; hainbeste, nire doktore tesiaren herena Pirinioetan bakarrik ematen den fenomeno horri eskaini niola.

Nongo harrespilak ikertu zenituen?
Urnieta-Hernani artean dagoen Mulisko Gainakoa, adibidez. Eta ondoren harresitutako herrixkak ikertzeari ekin nion bete-betean, Albiztur eta Tolosa tarte horretan dagoen Intxur-en. Barandiaranek eginak zituen han indusketa batzuk, eta ezagutzen genuen hamazazpi bat hektarea eta kilometro askotako harresia dituen herrixka hori, baina hondakin materialak eta etxebizitzak oraindik agertu gabe zeuden. Bi pertsona geunden ikerketa taldean, Carlos Olaetxea »gero Andoain aldean dagoen Buruntza herrixkako ikerketa zuzenduko zuena» eta biok. Bederatzi urte eman nituen nik Intxur-en indusketak egiten, eta nire ustez ondorio politekin, Burdin Aroan gizakia han bizi zenaren frogak aurkitu baikenituen »etxebizitzak, nekazaritza-tresnak, burdinazko igitai bat, zerealak eta haiek gordetzeko ontziak... hau da, nekazaritzari eta abere hazkuntzari garapen nahiko bikainarekin lotutako gizarte baten zantzuak». Ordura arte, hondakinik ez zela aurkitu-eta, garai hartan Gipuzkoan inor bizi izan zenik ere zalantzan jartzen zen; ez sinestekoa, jakina, aurrekoa den Brontze Aroan hemen gizakia bizi zenaren hainbeste lekukotasun geneuzkanean, baina...
Bestalde, hamaika urte daramatzat Anoetan dagoen Basagainen indusketak egiten. Horrekin hasi nintzenean Sonia San Jose sartu zen Burdin Aroa ikertzen genuen taldean, eta elkarrekin lan egiten jarraitzen dugu gaur egun ere. Orain bera Azpeitia-Azkoitia artean dagoen Murugaineko herrixkan indusketak egiten ari da.

Burdin Aroa baino lehenagoko garaiak ere ikertzen dituzu zuk, ez da hala?
Noski. Paleolitoko azterlanak egin ditut Joxean Mujikarekin batera, eta 2000. urteaz geroztik Deba inguruan dagoen Praile Haitz I-eko indusketa zuzentzen ari naiz.

Hor egin dituzuen aurkikuntzak ez omen dira txantxetakoak, bada...
Altxor bat aurkitu dugu. Aparteko haitzuloa da, eta ez bakarrik Euskal Herriari dagokionez, baita Europa mailan ere. Paleolito garaiko ingurumen arkeologikoan dagoen hiri bat da hura, haitzulo askorekin. Kontuan hartu behar da orduan hotz izugarria egiten zuela »azken glaziaziopean zeuden», eta itsas mailatik nahiko gertu zeuden goialdeetako haitzuloetan babestu ohi ziren, nahiz batzuetan estalperik gabe ere bizi.

Eta Praile Haitz I-en, zer egiten zuten?
Haitzulo hori apartekoa da, han ez zelako bizi lanabesak egiten edota ehizan aritzen zen giza talde handi edo txiki bat, inguruko besteetan bezala. Egin ditugun indusketen emaitzen arabera »oraindik asko ikertu behar dugun arren» susma daiteke aldi luzeetan ez zela bertan gizakirik bizi »panterak, hartzak eta beste agertu dira». Beste aztarna batzuek adierazten dutenagatik, ordea, uste dugu »oraindik erabat ziurra ez bada ere» haitzulo horretan Behe Madeleine Aldian, duela 15.500 bat urte, gizaki bakar bat bizi zela, eta han egiten zenak erritoekin zerikusi garbia duela. Izan ere, ia ez dugu aurkitu lanabes litikorik, eta jan izan zezaketen faunaren arrastorik ere ia ez; aldiz, haitzuloaren sarreran harrizko eserleku bat agertu zitzaigun, eta horren inguruan bai aurkitu genituela norbaitek jan izan zituen animalien hondakinak. Eta bestalde, orain arte indusi ditugun haitzuloko bi aretoetan egundoko aurkikuntza egin genuen: iduneko baten zintzilikario itxura osoa duten harri multzoak agertu ziren, espreski jarriak, batzuetan lepokoaren forma osatuz eta guzti. Horrelako hogeita sei pieza aurkitu ditugu momentuz.

Nolakoak dira?
Harri beltz distiratsukoak, denak. Deba ibaitik hartuak dira, ziur aski. Eta zeukaten formagatik aukeratuko zituen hartan ibilitako gizakiak, gero ebakidurekin apaintzeko. Altxor bat! Iduneko horietako batek hamalau zintzilikario ditu, eta batzuk ez sinesteko eran apainduak daude. Eta bada beste bat ahuntzaren hiru ebakortzez osatua dagoena; ebakortz horietako bakoitzak bi zulotxo ditu, seguruenik lokarri bikoitzen bat pasa ahal izateko. Bitxigile aparta behar zuen izan orduko hark! Eta okrezko lapitzak ere aurkitu ditugu haitzuloan, apika gizaki hark bere burua margotzeko erabiltzen zituenak.... Hau da, haitzulo horretan, orain arte Euskal Herrian eta are Europan zehar ezagutu diren beste haitzuloek adierazten duten jarduerekin zerikusirik ez duen zerbait egiten zenaren arrasto guztiak daude. Susmo hori daukagu behintzat. Zintzilikarioak, bestalde, guztiz ederrak dira. Batik bat hamabi zentimetroko luzera duena, Europan zehar aurkitutako Goi Paleolito garaiko venusak gogorarazten ditu. Beste gauza asko ere agertu dira Praile Haitzen, eta horietan sakontzen jarraituko dugu datozen urteetan.

Haitzulo horretan gizaki bakarra bizi bazen, emakumezkoa ala gizonezkoa ote zen?
Hori ez dago jakiterik. Kromagnon gizakiak dira, horien oso arrasto gutxi aurkitu dira Europan zehar ere, eta hemen ia ezer ez da aurkitu, inola ere ez gizaki haietakoren baten gorpu osoa. Baina, beno, asko daukagu ikertzeko oraindik.

Ezagutza zabalduz

Antzinako gizakiak egiten zituen gauzak aztertzean lortutako ezagutza zabaltzeari garrantzi handia ematen dio Xabier Peñalverrek. Hona hemen argitaratu dituen liburuen zerrenda:

Euskal Herria en la Prehistoria (1996, Orain). Sobre el origen de los vascos (1999, Txertoa). El hábitat en la vertiente atlántica de Euskal Herria. El Bronce Final y la Edad del Hierro (2001, Kobie gehigarria 3. Bizkaiko Foru Aldundia). Eloisa Uribarrirekin batera osatutako Intxur. Burdin Aroko herrixka (2002, Tolosaldea Historia Bilduma 01). Sonia San Joserekin batera eginiko Burdin Aroko Herri harresituak Gipuzkoan (2003, Bertan 20. Gipuzkoako Foru Aldundia). Mairubaratzak. Pirinioetako harrespilak (2004, Munibe, Aranzadi Zientzia Elkartea). Mª José Noainekin osatu zuen Euskal Herriko Historiaurrea (2004, Ibaizabal). Eta iaz Txalapartaren eskutik plazaratu zuen Orígenes idazlana.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brontze Aroa
INDUSKETAK: HISTORIAURREKO HARRIEN MINTZOA
Ikasturtea amaiturik eta eguraldia lagun, indusketak burutzera mendira jotzen du hainbat ikertzailek, sarritan Historiako ikasle multzoa lagun duela.Mandubi Zelaia trikuharrira hurbildu gara gu, Joxean Mujika EHUko irakasleak eta ia 30 ikaslek 3.500 urteko hilobi honetatik zer... [+]

Brontze Aroko New York

Itai Elad, Yitzhak Paz eta Dina Shalem ikerlariek halaxe definitu dute En Esur aztarnategia (egungo Israel).


Historiaurreko biberoiak

Bavieran (Alemania) Brontze eta Burdin Aroko haurren hilobietan aurkitutako buztinezko zenbait ontzitan esne arrastoak aurkitu dituzte. Ontzitxoak 5-10 cm zabal dira eta albo batean zulotxo bat dute.


Emakumeek zabaldu zuten Brontze Aroa

Lech ibaiaren haranean, Austria eta Alemaniaren arteko mugan, duela 4.000 urte inguru ehortzitako 84 banakoren arrastoak aztertu dituzte eta emaitzak PNAS aldizkarian argitaratu.


4.000 urteko ‘tupperware’-a Alpeetan

Duela bost urte egurrezko ontzi biribil bat aurkitu zuten Suitzako Alpeetan, Lötschenpass gainetik gertu, 2.650 metroko altitudean. Objektua aztertu ondoren, emaitzak Scientific Reports aldizkarian jakinarazi berri dituzte.


Elikadura-sexismoa Brontze Aroko Txinan

Txinako erdialdeko lautadan, Ibai Horiaren arroan aurkitutako hainbat giza hezur aztertu dituzte, isotopo egonkorren analisiaren bidez. Eta Proceedings of the National Academy of Science aldizkarian jakinarazi dutenez, gizonezkoek eta emakumezkoek dieta oso desberdina zutela... [+]


4.000 urteko hiria itsaspean

Brontze Aroko hiri bat aurkitu dute Egeo itsasoan Genevako Unibertsitateko, Suitzako Arkeologia Eskolako eta Greziako Antzinate Saileko ikerlariek. K.a. 2000-3000 urteen inguruan hiriak garrantzi handia izan zuela uste dute, aztarnategiaren tamainan eta aurkitutako babes... [+]


Itsasoak bereganatutako hiririk zaharrena
Grezian, Peloponesoko itsaso azpian, Pavlopetri dago, ia 100.000 metro koadro betetzen dituen hiria. Nic Flemming arkeologo britainiarrak topatu zuen 1967. urtean, eta orduz geroztik Brontze Aroko hiria zela –hau da, orain 4.000 urtekoa edo– pentsatu izan da.
[+]

2011-11-15
Euskal dokumentalak nagusi Bidasoako Zinemaldi Arkeologikoan

Gaur abiatu eta datorren larunbata arte, Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren hamaikagarren edizioa egingo dute Irunen. Genero honi buruzko zinemaldi bakarra da Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan eta aurten euskal dokumentalak izango dira protagonista. Hala,... [+]


2010-10-23
San Adriango igarobidea. 4.000 urteko historia tuneletik argitara

Gipuzkoa eta Araba lotzen dituen San Adriango tunela iraganean pasabide garrantzitsua izan zeneko zantzuak egon arren, orain arte ez zen ikerketa sakonik egin. Denboraren tunela bailitzan, duela 4.000 urteko bizitoki, Erdi Aroko gotorleku edo duela 500 urteko errepideetako... [+]


San Adriango igarobidea
4.000 urteko historia tuneletik argitara
Gipuzkoa eta Araba lotzen dituen San Adriango tunela iraganean pasabide garrantzitsua izan zeneko zantzuak egon arren, orain arte ez zen ikerketa sakonik egin. Denboraren tunela bailitzan, duela 4.000 urteko bizitoki, Erdi Aroko gotorleku edo duela 500 urteko errepideetako... [+]

Eguneraketa berriak daude