Javier Clemente: «Nik beti jakiten dut zer esan»


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Barakaldon jaio zinen, Ezkerraldean, industria gunean, langile giroan, testuinguru sozial horren barnean zuen familia nolakoa zen?
Labe Garaietako langileak ziren, aita analista kimikoa. Labe Garaiak ziren herriaren oinarria, Ezkerraldea Labe Garaien gainean eraikia zegoen, eta fabrikak kolegio propioa zuen, hango langileen semeak joaten ginena, La Salleko kolegioa zen. Ni han hezi ninduten. Eta kolegioaren eta kalearen artean, lagunarteko bizitzan, hor egin ginen gu.

Futbolak giro sozial horretan ditu errorik sendoenak, langileriaren opioa izan da maiz, Liverpool horren adibide. Zuek ere itsu bizi zenuten?
Orain bizi dutena baino askoz ere gehiago bizi genuen guk futbola. Besterik ez zegoen eta gu osoki futbolera dedikatzen ginen. Frontoiren bat bazegoen, beraz, pilotan, eskuz edo palaz, eta futbolean jolasten ginen. Hori zen gure bizitza. Orduko kalea ere ez zen oraingoa, ez zebilen autorik, ez kamioirik, berdegune asko zegoen, eta ez zegoen orain adina etxe, beraz kaleko arriskurik ez zen existitzen, eta guk egunean lau edo bost ordu pasatzen genituen futbolean. Oraingo mutikoek askoz ere zailagoa dute hori, kolegioetan gehiago eskatzen zaie, eta kalean ere ezinezkoa da hala ibiltzea. Beraz futbolaren indarra lehen orain baino askoz ere handiagoa zen, eta maila ere askoz ere altuagoa zen orduan. Athleticera iristeko konpetentzia gehiago zegoen, jokalari gehiago zeuden Athleticera pasatzeko modukoak orain baino.

Kalean baloiarekin abila zinela jakina da, kolegioan nolako ikaslea zinen?
Ikasketetan ongi ibiltzen nintzen, batez ere zientzietan, matematika eta horietan moldatzen nintzen ongien. Baina kolegiora joateaz gain futbolean jolasten ematen nuen eguna, beraz ikasketetan ordu asko sartzea ez zetorren nirekin bat. Eta horregatik zientziei emanagoa nintzen, hori ez zelako denbora galtzea.

Futbolean ere apenas galdu zenuen denborarik. Oso gazte debutatu zenuen, eta proiekzio handiko futbolaria zinen, hemezortzi urterekin bide guztiak zabalik zenituen bizitzan arrakasta izateko. Buruak nola digeritzen du hori?
Burua lepoaren gainean nuen, egonkor. Ongi pausatua baldin baduzu ongi digeritzen duzu hori, oker pausatua baldin baduzu gaizki, baina ni ongi hezia izan nintzen, eta burua lepo gainean neraman. Aparejadore ikasketak egiten hasi nintzen, baina profesional izateko aukera zabaldu zitzaidanean, futbolera luzatu nuen pausoa. Biak batera ez zegoen egiterik eta nik futbolera jo nuen.

Jorge Valdanok dio arrakastak pertsona berez den baino %30 inozoagoa bihurtzen duela.
Ez baldin badaki arrakasta asimilatzen bai, bestela ez. Arrakastak ez du zertan jendea inozoago bihurtu, gertatzen dena da jende asko dagoela arrakastak laino artean jartzen duena. Baina laino artean dabilenak bide motza du. Bizitzan serioa eta errealista izan behar da, laino artera igotzen dena laster eroriko da. Eta denetik dago, jakina, bada burua oso lepo gainean daraman jendea, eta bada airean darabilkiena ere.

Zu laino artean ibili gabe erori zinen. Lesio bat azaldu zitzaizun bidean, eta futbolari handiaren amets hura hauts bihurtu zen, uste zenuen bizitza honetan pribilegiatua izango zinela, baina...
Tira, orain ere banaiz pribilegiatua, beti izan naiz.

Bai, baina lau urte ebakuntzarik ebakuntza pasatu eta hanka berdegunera ezingo zenuela itzuli esatean, zer pentsatu zenuen?
Ezer ez, bukatu da eta kito, beste zerbaitetik bizi behar. Kolpea ematen du, baina bukatu da, akabo, eta segitu egin behar da. Ez du beste bueltarik, atzera begira gelditzen bazara ez duzu aurrera egiten, ez duzu ezer egiten. Beraz, denbora asko neramanez zauritua, min hartuta nengoen bitartea aprobetxatu nuen entrenatzaile bihurtzeko. Athletic utzi nuenean, lan baten bila hasi behar izan nuen, eta lan baten bila ari nintzen bitartean erregionaleko talde bat entrenatzen hasi nintzen.

Labe Garaietara lanera joan behar zenuela esan izan balizute?
Joango nintzen, arazorik gabe. Begira, umetan ez banuen futbolerako balio izan, eta nire gurasoek ezin izan balizkidate ikasketak ordaindu, zalantzarik gabe, elektrizista, latorrigilea, tornularia, edo auskalo zer izango nintzen. Agian nire aita izan zena, kimikoa.

Entrenatzaileek, kimikoak ez, baina gero eta profesional espezializatu gehiago dute inguruan, prestatzaileak, medikuak, dietistak... Talde batzuk psikologoa ere badute. Eroso sentitzen al zara talde tekniko berri hauetan?
Futbola asko garatu da, jokalariek gero eta arreta gehiago behar dute, eta arrazoi askorengatik aldatu da hau dena. Athleticen ez dago psikologorik, baina entrenatzaile batek psikologo bat behar baldin badu, kontrata dezala. Nik ez dut sekula erabili eta ez dut sekula erabiliko ere.

Entrenatzaileak berak izan behar al du psikologo?
Irakaskuntzan lan egin behar duen edonork izan behar du bere neurrian psikologoa, bestela irakasle txarra izango da.

Arsene Wengerrek jokalari bati bere jatorri kulturala zein den jokoan antzematen dio, afrikarra den, nordikoa den... Klase sozialaren arabera ere aldatzen al dira jokalariak?
Jakina, bakoitza zer klase sozialetatik datorren ere nabaritzen da. Tira, klase sozial berdinekoak izan daitezke jokalari ezberdinak, baina zein herrialdetakoak diren, eta herrialde horretan klase soziala apala ote den nabaritzen da. Klase sozial apalekoa gehiago sufritu duen jendea da, lan gehiago egin duena, eta horrek karakter gehiago eman dio, askoz ordu gehiagoan lan egin behar izan du horra iristeko, zailtasun gehiago izan dituelako.

Hemengoengan ere nabaritzen al da?
Ez, Euskadin jendearen bizitza maila oso antzekoa da.

Eta nik Lezamako harrobiko hamar urteko bi mutiko jarriko dizkizut, bat Negurikoa eta bestea San Frantziskokoa. Ikusi jokatzen eta esango didazu zein den nongoa?
Ez, Neguritik oso gutxi baitatoz. Han klase soziala altua delako, gaztetatik bizimodu erosoa dutelako, eta futbolak beste ezaugarri batzuk eskatzen dituelako. Futbolak entrenatzen negu asko pasatzea eskatzen du, bidaiatzea, futbolari profesionala izatea gauez asko ez ateratzea da, bizitza egonkor bat edukitzea, zaintzea, eta bizi izan duzun gaztaroaren arabera hori zailagoa izan liteke. Futbolean jokatzeko sakrifikatua izan behar da.

Jorge Valdanok ezkerreko eta eskuineko futbola bereizten zituen. Bereizgarriak al dira?
Puf... Ez dakit nik Valdanok horrekin zer esan nahiko ote zuen. Valdano oso pintoreskoa da hitz egiterakoan, baina ez dakit zertaz ari zen konkretuki. Agian talde aberatsez eta talde pobreez ariko zen. Batez ere Argentinan badira auzo apaletako taldeak, leku txiroetako taldeak, eta badira boteretsuen taldeak, auzo aberatsetakoak, edo klub aberatsetakoak. Agian horretaz ariko zen.

Diru gutxirekin osatu al daiteke talde lehiakorra?
Ez, zaila da.

Entzuna izango duzu Nikon Jevtic mutikoaren izena, hamabi urteko serbiarrarena, talde asko zebiltzan bere atzetik eta Valentziak fitxatu du, harrobirako. Zer iruditzen zaizu?
Ongi. Klubak orain oso jokalari gazteen arrantzan ari dira kanpoan. Zergatik? Talentuen bila ari direlako. Ongi iruditzen zait, gertatzen dena da hamar-hamaika urterekin sekulako jokalariak direla, baina agian hamaseirekin ez dutela ezertarako balioko. Baina jokalari berriak bilatzeko modu berria da. Zortzi edo bederatzi urterekin izugarri inteligenteak diren haurrak bilatzea bezala, baina horrek ez du esan nahi hemeretzi urterekin ere hain argiak izango direnik.

Harrobiak ere globalizatzen ari den futbol munduari zer erakusten dio Athleticen ereduak?
Munduak duenik eta handiena dela. Hauxe da gure arraza, gure odola, eta gure historia. Herri oso bat ordezkatzen dugu, klub hau gure gazteriaren indarra ordezkatzeko saiakera da. Merkatu librea txarra baita, bai Athleticentzat eta bai futbolarentzat. Denek beharko lukete etxeko oinarri bat. Sentimendua galtzen ari da, jokalariek ez dute klubarekiko hurbiltasunik, ordaintzen dieten lekura joaten dira, alde horretatik profesional mertzenarioak dira.

Baina Athleticen filosofia mugatua ere bada amets batzuk iristeko...
Noski. Guk oso zaila dugu tituluak lortzea, guretzat hemen egote hutsa azaina da.

Zalegoa kontziente da horretaz?
Nik uste dut zalegoak badakiela gu zer garen, nahiz eta beti ez dagoen gurekin gustura.

Irabazi al daiteke liga hamaika euskaldunekin?
Gaur egun ez, oso zaila da. Gerta liteke hamaikakoa euskalduna eta oso ona edukitzea, baina abenduan edo urtarrilean hamaikako horretatik hiru edo lau jokalari erosiko dizkizute talde aberatsek, eta horrek asko zailduko luke.

Athletic goitik behera euskalduna izan dadin, zuk aginduak euskaraz ematea baino ez da falta...
Nik jada ezin dut euskaraz ikasi. Orain dela hogeita hamar urte hasi nintzen ikasten, baina kanpora joan behar izan nuen entrenatzera, Bartzelonara, eta ezin izan nuen ikasi. Hogeita bost urtean egon naiz kanpoan, eta gehiago ikasi dut ingelesa euskara baino, eta orain berrogeita hamabost urterekin oso zaila gertatzen zait. Mugatua nago alde horretatik, eta gustatuko litzaidake ikastea, baina gustatuko litzaidake makilatxo magiko bat baldin balego hilabete batean erakutsiko lidakeena euskaraz; hori ezinezkoa da ordea. Hala ere aldagelan askok euskaraz hitz egiten dute, eta nahiko nuke denek euskaraz egitea, baina beren inguruan euskaraz hitz egiten ez den lekuetatik ere etortzen dira jokalariak, beraz konplikatua da. Baina gustatuko litzaidake.

Jokalariei hitz egin diezu bigarren mailaz?
Bigarren maila izendatu izan diet, bai, baina egin behar ez den zerbait bezala. Nik jokalariei esaten diet badutela aski talentu, eta borroka egin behar dela bigarren mailara ez jaisteko. Kontua da besteak ere saiatzen direla, eta azkenean norbaitek jaitsi beharko duela, eta Athletic baldin bada... Ea ez den hala, gu horretarako gabiltza borrokan.

Partidak ikusi ohi dituzu jokatu eta gero?
Ez. Orokorrean ez. Ikusten dut akatsen bat, sartu diguten golen bat, baina partidak ez ditut ikusten.

Esajeratu egingo dut, baina Athleticek galtzean Bizkaia erdiak gaizki lo egiten du, astelehen txarra izaten du, zuk zer moduz pasatzen duzu gaua?
Nik gaizki lo egiten dut, baina bai galtzean eta bai irabaztean, oso nekatua egoten bainaiz. Eta sinesten dut badela jendea gaizki lo egiten duena Athleticek galdu duelako, baina ez da hainbesterainokoa izango.

Nola ezetz, jende asko dago Begoñako amari egunero errezatzen diona, Katedralera bi astean behin joaten dena, ostia bat hartzen duena, eta zerura begira gelditzen dena. Ez esan hau erlijio bat ez denik...
Ez, erlijioa da gauza bat eta futbola beste bat. Garbi dagoena da Athleticek oso jende lotua duela, eta badela sentimendu berezi bat Athleticekiko beste inongo klubetan ez dagoena. Horretan ere bakarrak gara munduan.

Gezurra, Marseillan egon zinen zu, eta Marseillan Bilbon adina, edo gehiago bizi dute futbola.
Egia, Marseillako afizioa oso emana da futbolerako, oso barrutik eta gogor bizi du, futbol aldetik oso zalego ona da, baina bai asko eskatzen duena ere. Nik ezagutu dudan zalerik apasionatuena, itsuena, beroena da, oso ona.

Borgesek eta Casaresek badute ipuin bat, non igande arratsalde batez kazetariek jokatu ez den partida asmatzen duten. Futbol partida imaginarioa zuzenean ematen dute, bere gol eta bere jokoz kanpoko, benetan ikusten ari balira bezala, baina dena asmatuz. Eta astelehenean jende guztia partida horri buruz hizketan ari zen. Futbola ez al da hori?
Ez, baina futbolak hainbesteko dimentsioa du non jendeak gertatu gabeko gauzez ere bere iritzia ematen duen. Existitu ez den partida bati buruz askotan aritzen da hizketan jendea. Futbolaz hastean jendea oso aldakorra da, nori entzuten dion arabera, nork hitz egiten dion arabera, horrek baldintzatzen du bakoitzaren pentsamoldea, baina besterik ez. Dimentsio hau guztia izango da alde bat irreala, baina futbola horixe da.

Futbolik gabeko igande bat zer da zuretzat?
Beste igandeak baino aspergarriagoa. Futbolik gabe ez nintzateke hilko, baina futbola da gehien gustatzen zaidana.

Eta Dimitri Pitermanek eskatuko balizu bere taldea entrenatzera joateko?
Bere taldera joatekotan egiten ari dena egiteari utzi beharko lioke. Eta nola hori ezinezkoa den ez nintzateke joango. Berak presidentea izan behar du, ez entrenatzailea. Presidentea aulkitxoan eseri? Berak entrenatu? Berak hitz egin? Zer demonio? Egon dadila bulegoan, edo joan dadila hori egitea zilegi den herrialde batera. Hemen ezin da. Eta hemengo futboleko arauak eta egiturak aldatu nahi baldin baditu, oso oker dago, bera ez da inor ezer aldatzeko.

El Diario Vascok Realeko entrenatzailea bota nahi badu, bota lezake?
Bai. Berak du indarra. Correo taldeari interesatzen ez zaiona egonkortasun sozial erabatekoa da. Ez dut esango Diario Vascori Reala gaizki ibiltzea interesatzen zaionik, baina ongiegi joatea behintzat ez zaio interesatzen. Hau gai anbiental sozial konplikatu samarra da. Correo taldea ongi aztertu beharrekoa da.

Botere faktiko bat da, beraz?
Botere beldurgarria da, baina medio batek botere beldurgarria edukitzearen errua jendeak horri kasu egitearena da, jendeak garrantzia ematen diolako du indarra, jendea zurrunbilo horretan ibiltzeko prest dagoelako.

Beldurra ematen dizute kazetariek?
Beldurrik ez, baina uste dut batzuetan arriskutsuak direla. Baina erne, badira oso kazetari onak ere.

Askotan joan zara Athleticeko nesken partida ikustera?
Ez, ez naiz sekula joan.

Zergatik?
Ez dudalako denborarik. Denborarik banu agian joango nintzateke, baina gogorik baldin banu soilik, nik futbola, eta egiten dudan edozer, gustu dudanean baino ez dut egiten, bestela ez.

Alda dezagun gaia. Oraindik arrazismo asko al dago futbolean?
Ez, arrazismo gehiago dago kalean futbol zelaian baino. Guk, koloreko jokalari denak errespetatzen ditugu. Futbolean ez dago arrazismorik, nik jokatu dut beltzen, zurien, horien kontra... denen kontra jokatu dut, eta denak iruditzen zaizkit berdin onargarriak.

Baina tarteka entzuten dira bai zelaian, bai prentsaurrekoetan, adierazpen arrazistak...
Eta lehengo egunean banku bateko zuzendaria ere entzun nuen taberna batean disparateak esaten beltzen kontra. Hori esaldi bat baino ez da. Eta zer? Nork ez du horrelakorik esaten?

Esaldi zozo bat botako dizut: tximinotik gatoz eta futbolera goaz.
Hori amerikarrak esan zuen, Darwinek, baliteke baietz, nik ez daukat ideiarik ere, tximinotik gatozen, indiotik gatozen, edo zuhaitzetik gatozen.

Horixe nahi nuen, zuhaitzera iristea. «Txistua botatzen dutenak zuhaitzetik jaitsitakoak dira». Samuel Eto’ori buruz zuk esandakoak hauts asko harrotu du...
Nik ez nuen Eto’ori buruzko adierazpenik egin. Nik ez nuen inongo momentuan Eto’o ahotan erabili.

Txistua bota zuena bera izan zen, eta zu txistua botatzen dutenez aritu zinen. Ez da karrera handia ikasi beharrik bi esaldi horien artean lotura egiteko...
Ni gauza bat esatera mugatu nintzen, «txistua bota duena» esan nuen, eta txistua botatzen duena gertaera bat da, ez pertsona bat. Hori egiten duenaz ari nintzen, ez inori buruz.

Buelta asko eman dizkiozu gero?
Ez, nik ez diot buelta bakar bat ere eman, herri honetan eman dizkiote buelta asko, hau Kixoteen herri bat da gizona!

Ez al zara damutu esandakoaz?
Ezta batere.

Tira, egoera bat jarriko dizut. Zure asteko zazpigarren prentsaurrekora atera zara, ez dago ezer esateko eta dena esana dago, eseri zara, mikrofonoak eta kamerak aurrean dituzu, pila bat kazetari zain... Nondik hasiko zara?
Nik zer esan beti jakiten dut, jakiten ez dutena da zer galdetu! Gainera ni isilik hasten naiz, eta zain egoten naiz lehen galdera egin diezadaten, eta egiten didatenean galdera horri erantzuten diot, nahiz eta izugarri errepikakorra izan.

Bestela hor dauzkazu flotagailuak: «Futbola futbola da», «baloia borobila da»...
Ez, horrelako topikorik ez dut erabiltzen. Futbola horrelakoa da, bai, hori esaten dut batzuetan, baina futbola futbola da, ez, horrelakorik ez.

Galdera absurdu asko egin al dizkizute?
Sekulako pila, baita nik erantzun absurduak eman ere. Nik normalean galdera absurdua egiten didatenean erantzun absurduarekin errestatzen dut.

Athleticek zenbatgarren postuan bukatuko du liga?
Hamalaugarrenean.

Gatozen politikara. Xabier Azkargortak zioen futbola politika hutsa dela eta ezetz dioena horretaz aprobetxatzen ari dela.
Ez, ez dut kontsideratzen futbola politika denik. Nik uste dut futbolean gai politiko askok eragiten dutela, edo talde politiko askok, baina futbola futbola da. Gertatzen dena da, futbola ongi ibil dadin eman behar diren baldintza askok politikarekin zerikusia dutela. Bizitza politikoak sortzen ditu normak, gazteriarenak, hezkuntzarenak, kirolarenak, irakaskuntzarenak, beraz erabaki politiko horiek ere futbolera iristen dira, baina besterik ez.

Futbolean presio politiko asko al dago?
Zenbaitetan badago, bai.

Ez al duzu inoiz sentitu zure burua politikoek erabilia?
Bai, sentitu izan dut erabili nahi izan dutela, baina ez dut inoiz utzi. Nik beti argi eta garbi esan izan dut zer naizen, ni nazionalista naiz eta kito. Ez dut inoiz erreparurik eduki hori esateko, esan dut Madrilen, esan dut Andaluzian, eta esan dut leku guztietan. Nik zer naizen esan dut eta kito. Eta hori baldin banaiz, ez dut zertan inongo arazorik eduki hori esateko. Baina hemen ere esan izan dut eta molestatzen die hemengo batzuei, Diario Vascori esaterako horrek molestatzen dio, baina zer egingo zaio?

Eta klubari ez al dio molestatzen entrenatzaile bat edo jokalari bat politikoki engaiatzeak?
Niri klubak esan diezadake, «zuk ez ezazu pankarta bat atera entrenamenduan zehar», baina nik behin entrenamendua bukatu dudanean hemendik ospa egiten dut, banoa Bilbora edo nahi dudan lekura, eta nik nahi dudana egingo dut. Klubak ziur ez didala debekatuko nik nahi dudan ezer esaterik.

Aurten da Munduko kopa. Euskal Herriak inoiz jokatuko al du munduko koparik?
Politikoki Euskadi independentea baldin bada bai, bestela ez, auzi politikoa da hori. Independentea bada, utziko diote bere selekzioa edukitzen, baina politikoki hala ez den bitartean ezingo du selekziorik eduki.

Utopia hutsa, ala aukera erreala?
Ez dakit, nik hamalau urte nituenean esan izan balidate Euskadi noizbait orain dugun egoerara iritsiko zela ez nukeen sinetsiko. Eta herri bat noraino hel litekeen? Ez dut ideiarik ere, hurrengo belaunaldiek esango dute hori. Nik uste gure gazteek beraiek nahi duten bezalako herri bat bilatuko dutela, gu ordurako akabatuta egongo gara.

Giñolak
«Ikusten ditut etxean nagoenean. Batzuk grazia egiten didate, baita nireek ere. Ez naiz inoiz haserretu izan, nahiz izan zen garai bat beti erretzen eta biraoak botatzen ateratzen nindutena. Eta nik ez dut hainbeste birao esaten, ez naiz horrelakoa. Baina horrela ezaugarritzen ninduten ni, kazetariekin sartzen zena, beti madarikazioak botatzen zituena, eta beti haserre zegoena. Alta, nire bizitza askoz ere optimistagoa da telebistan azaltzen ninduten haserre aurpegi hori baino».

2006ko Munduko Kopa
«Nik uste dut faboritorik handiena Brasil dela. Argentina ere hor dago, eta ez dut Alemania baztertuko, Alemanian jokatzen delako. Frantzia trantsizioko talde batekin dago, ez da lehengo munduko kopetan zen Frantzia bera, eta Espainia txapeldun izatea zaila da, ongi sailkatzea gerta liteke, baina txapeldun izatea zaila Brasil eta Argentina hor egonik».

Nortasun agiria
Javier Clemente Barakaldon jaio zen 1950eko martxoaren 12an. Labe Garaiek zuten La Salleko kolegioan egin zituen ikasketak, baina gaztetatik futbolera bideratu zuen bere bizitza. Hemezortzi urterekin Athleticen debutatu ondoren, lesio larri batek eraginda hogeita hiru urterako utzi behar izan zuen futbola. Futbola utzirik, Adidasen saltzaile bezala jardun zuen lau urtez lanean, eta gero futboleko entrenatzaile profesional bihurtu zen. Bide luzea egin du aulkitxoetan, eta talde asko erabili ditu esku artean; Athletic hiru alditan, Espanyol bitan, Atletico Madril, Betis eta Reala behin, eta Espainiako selekzioko hautatzaile ere izan da. Bide luze horretan Athleticekin Espainiako bi liga (1982-1983 eta 1983-1984), eta Espanyolekin errege kopa bat (1984) irabaziak ditu. Orain Athleticeko entrenatzailea da.

Madrileko prentsa
«Madrileko prentsaren parte batekin kalapita asko izan dut, eta izango. Nik Madrileko prentsako kazetari guztiei eman diet aurpegia ados egon ez naizenean. Interesagatik isildu ez den norbait baldin badago, hori ni naiz. Isildu nintekeen, baina ez da nire jokoa eta nire estiloa. Nik uste jendeari aurpegira esan behar zaiola zer den, eta Euskadin are gehiago».

Bertsoa

Doinua: Xagutxo batzuekin

Euskaraz egiteko
nahi eta ezina
al da benetan zure
barreneko mina?
Ez da magiarekin
ikasten, jakina,
baina zelaian dena
bada ahalegina
euskaraz ikastea
ez da desberdina.


Azkenak
2024-11-26 | Leire Ibar
Kutsadura akustikoa egotzita isuna jarri diote Barakaldoko Oxinorte enpresari

Barakaldoko Udalak 11.800 euroko isuna ordaintzea eta gauez hiru hilabetez ixtea exijitu dio Bizkaiko enpresari. Abuztuaren amaieratik txistu etengabe, desatsegin eta jasangaitza igortzen du inguru zabalean entzuten dena.


Laguntza humanitarioa, etenda: 130.000 haur, elikagai eta botikarik gabe

Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.


2024-11-26 | Leire Ibar
Nafarroako Musika Kontserbatorioko bi irakasle salatu dituzte indarkeria matxistagatik

Hainbat ikaslek egin dute salaketa.  Irakasleetako bat sexu proposamenengatik eta sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik salatu dute. Bestea, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik.


2024-11-26 | Iñigo Satrustegi
Lorategiak eta lorezainak zaintzeaz

RR
Nork: Maialen Lujanbiok
Noiz: azaroaren 21ean.
Non: Katakraken (Iruñea) plazan.

----------------------------------------------

Hementxe gaude, Katrakakeko aulki guztiak beteta, hementxe. Erorien monumentua eta Landaben hizpide, hasi da koplaka emanaldia edo... [+]


2024-11-26 | EHU Palestina
EHUn Israelen genozidioa eta apartheidarekin harreman oro aztertu eta eteteko batzordearen alde

Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]


DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute

Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]


2024-11-26 | Mikel Aramendi
India, Trump 2.0 aldirako kontuak ateratzen

Ari da mundu guztia kontuak ateratzen Trump 2.0 aldian norberari gerta dakiokeenaren eta munduan gerta daitekeenaren inguruan. Subjektuaren mudakortasuna ezagututa, ziur samartzat eman daitekeen aurreikuspen bakanetakoa da Estatu Batuen Txinarekiko harremanak, ekonomikoak... [+]


2024-11-26 | ARGIA
Indarkeria matxistaren aurkako egunean, gizonei mezua: “Konponbidea ez bazarete, arazoa zarete”

Milaka lagun bildu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean deitutako manifestazio eta elkarretaratzeek. Gizon, hedabide eta erakundeei zuzendu zaie Mugimendu Feminista.


Guraso bileran hizkuntzak nola kudeatu ez badakizu, gida honek lagunduko dizu

Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]


2024-11-26 | Ahotsa.info
Paris 365
15 urte pobreziari aurre egiten Iruñerrian, eta inoiz baino beharrezkoagoa

Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]


2024-11-26 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak galdegiteko manifestaldia egingo dute abenduaren 11n

“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.


2024-11-26 | Sustatu
Kabi@ 2024 Durangoko Azokan: Eremu digitala pentsatzen eta garatzen

Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


Eguneraketa berriak daude