Amak adin handia duela eta Oronoz-Mugairin elkartu zarete familia dena. Tartean, Kalifornian eta Nevadan bizi zareten hiru anaia. Hogeita bost urte badira familia dena biltzen ez zinetena...
Bai. Aunitz aldiz etorri gara hiru anaiak Ameriketatik hona, baina oraintxe juntatu gara denok hemen lehenbiziko aldiz.
Hamabost egun gurean eta kezka bat dabilkizu buruan jira eta bueltaka.
Bai, jakina. Uste dut euskal gobernuak gehixeago begiratu behar liokeela Ameriketako artzain zaharrari. Ez dutelakoz erretirorik. Ez dute hemengo pentsioa hartzen ahal. Badira euskaldun andana hemendik hara joanak, han urte batzuk egin eta bueltan etorri zirenak. Eta horietarik askok ez du han egindako urteen kotizazio edo dena delakoa.
Artzain izan ziren bitartean nagusiak gizarte-segurantzari zegokion dirua kentzen zien.
Bai. Uste dut gehienetan sakelara sartu dutela diru hori. Guk uste genuen nagusiek hango gobernuari pagatzen ziotela baina ez da horrela izan: euren sakelarako gorde dute.
Zure kexa, hala ere, hemengo gobernuaren kontrakoa da.
Jende asko ikusten dugu han, hemendik joanda. Asko, euskal gobernuak igorriak; beste batzuk, ez dakigu nork igorri dituen. Eta ikusten dugu interesatuak direla hango arboletan euskaldunek egindako markak aztertzen, arbola horietako letrei begiratzen, zer erran nahi duten ikerketak egiten eta horrela, eta nik erran nahi nioke gobernuari -garai hartan euskal gobernurik ez bazegoen ere-, nola egon ziren artzainak Amerikan abandonatuta. Kontrata batekin joaten ziren, egoten ahal ziren hiru urtez, eta buelta etxera. Gero, artzain horietarik aunitz hirurogeitaka urtetara etorri dira eta kontua da ez dutela han egindako urteen diru-saririk edo ez dutela erretiroa hartzen ahal.
Jende asko ezagutu duzu egoera horretan bizi dena?
Euskal Herrira etorri naiz hamabortz eguneko. Familiarekin egon naiz eta herri batetik bertzera ibili gara egun guziez. Badakizu. Eta Elizondo inguruan aunitzi galdetu diot ba ote duten erretiroa, eta batzuek baietz erran didate, eta beste batzuek ezetz. Iduri du euskaldun nagusiek, ardi-jabeek, ez zutela sekula pagatu seguruaren partea, erretiroa hartzeko behar den puska hori.
Amerikar ardi-jabeak pagatzen zuen gizarte-segurantzari zegokion dirua?
Bai. Amerikar nagusiak bai. Klase horretara euskaldun nagusiak makurrago izan dira artzainarentzat, amerikanoak baino. Ez dakit euskaldun nagusiek zer egin nahi zuten: negozioa gurekin, klase horretara, gizarte-segurantza ez pagatuz eta dirua sakelara sartuz. Ez zen diru aunitz baina denei kenduz egiten zuten dirua, doike.
Gainera, amerikanoak askoz hobeak ziren artzainari jatera emateko eta aunitz gauzatarako. Ardi-nagusi euskaldunek egiten zuten hemengo berri balekite bezala...
Eta ez al zekiten?
Bai, baina lehenagoko kontuak ziren: sasoi batean hemen nola bizi ziren bazekiten, baina ez geroko denborako konturik, gure garaikorik. Ez gintuzten goseak edukitzen, ez dut hori erran nahi, baina arrunt estu bai. Uste zuten gu hara joan geroztik estu ibili behar genuela. Amerikanoek, aldiz, ez zuten horrela pentsatzen. Hauek bestela egiten zuten: lanera joan behar zenuelarik nahikoa ematen zuten jateko. Arrunt diferentea zen batzuekin eta besteekin. Euskaldun ardi-nagusiek igoal ematen zuten baba-nabarra, zigarroak eta horrelakoak; eta oilasko bat... igoal aste guziko! Amerikano nagusiekin askoz gehiago izaten genuen jateko.
Nola joaten ziren Baztango gazteak Kalifornia, Texas edo Nevadara, adibidez?
Gehienak, kontrata batean joaten ziren. Hiru urteko kontratua zen. Hiru urteren buruan Euskal Herrira etorri behar zuten, hona. Ez zirenei etortzen, nagusi aunitzek paperak ateratzen zizkioten, amerikano izateko agiriak. Berritu egiten ziren kontratu asko, zeren eta sasoi hartan hemen ere ez zen halako lanik ere eta berritu egiten zuten.
Amerikara artzain joandakoen artean azkenetakoa zaitugu...
1979an joan nintzen ni. Hemezortzi urte nituen orduan. Azkenetakoa naiz. Gure herrian baziren bi, hiru, lau Ameriketara joanak eta nik ere banuen buruan sartua hara joatea. Eta, azkeneko, berotu eta joan nintzen, Idahora. Hiru urte egon nintzen han, Rupert herrian. Frantsesa zen nire nagusia, Jean Pierre Etcheverry, eta ez nintzen arrunt konforme. Gero, hona etorri nintzen eta beste kontrata bat egin nuen, beste hiru urte, beste nagusi batendako: Rosco Ridge.
Etcheverryrekin ez zinela arrunt konforme diozu.
Hala da. Kontratan joan nintzen eta urtearen buruan ez nintzen konforme. Artzainak hara eramaten zituen asoziazioari, Western Range Association zen, kanbiatu nahi zenuela erranik ere aunitz problema izaten zen kanbiatzeko. Nagusiek ez zuten uzten kanbio egitera. Beharbada, langile ona zinela ikusten zuten nagusiek eta nahi zuten zu luzeago eduki. Guk, berriz, igoal nahi genuen kanbiatu eta orduan gaizki ibiltzen ginen. Nagusien asoziazioan baziren Larry eta Rich Garro, bizkaitarrak, guri lagundu beharrean ardi-konpainiaren alde egiten zutenak.
Western Range Association horretan, hortaz, euskaldunak ere baziren. Ardi-nagusi euskaldunak, alegia.
Bai, baziren. Gehienak, euskaldunak, eta horietan, gehienak bizkaitarrak, sasoi hartan behinik behin, 79 inguruan. Ni baino aitzinago joan zirenetan, oraindik eta euskaldun gehiago ziren asoziazio hartan.
1979an joan zinen zu; anaia gazteena joan zen zure ondotik.
Bai, Jabier. Bederatzi senide gara eta zaharrena ere han izan zen. Gu lau anaia izanak gara Ameriketan. Orain hiru gaude han, bi Kalifornian eta ni Nevadan. Eta zaharrena ere han izaten ahal zen. Zaharrenak egin zuen hiru urteko kontrata, etorri zen gibelera eta karro istripua izan zuen hemen. Soldadutza ere ez zuen egina eta hemen gelditu behar izan zuen. Epaitegitik deitu zuten eta ez zuen gehiago hara joaten ahal. Ni ere, hara joan nintzenean ez nuen soldadutza egin, eta ez nuen egin nahi ere! Eta hara joan nintzen, Ameriketara.
Lehenbiziko kontrata hori eta gero -hiru urte horiek, alegia-, atzera berritu egin zenuen hango egonaldia...
Nik denera zortzi urte egin nituen kontratan, bi alditan. Gero, andregaia egin nuen eta handik bi urteren buruan, ardian nengoela, ezkontzea erabaki genuen. Eta ezkondu eta eraikuntzan hasi nintzen lanean, aunitz euskaldunek bezala. Horretan ari naiz.
Zergatik ari da hainbeste euskaldun eraikuntzan Reno inguruan eta?
Gehiena hor pagatzen dutelako. Ardian edo arrantxoan baino gehiago, behinik behin. Lana gogorxeagoa da baina gehiago ere pagatzen dute eta euskaldunak hara. Ardian lan egitea baino zailxeago da baina aise gehiago irabazten dugu, doble eta gehiago.
Gaur egunean ere euskaldun asko ari da eraikuntzan? Reno inguruan, hasteko.
Ez, orain gutxi ari dira. Orain ez da lehen bezala. Lehenago, ni eraikuntzan hasi nintzelarik -eigthy five izango zela uste dut- igoal hogei edo hogeita hamar euskaldun izango ziren nire konpainian, Helms Construction-en. Orain Q&D-n ari naiz, beste konpainia batean, bertze hark kiebra jo zuen eta. Orduan hogei edo hogeita hamar euskaldun eta gaur egunean, aldiz, ez dakit lau-bost bat izanen diren Reno guzian, eraikuntzan ari diren euskaldunak.
Non dira euskaldunak?
Berriak ez dira heldu. Euskaldun gehiago ez da heldu Nevadara aspaldiko urteetan. Zaharrak jubilatu dira eta horien seme-alabak bere lanean ari dira. Badituzte negozioak eta gauzak. Batzuek denda ttipiak dituzte, arroparenak; beste batzuek, jatekoarenak... Badira abokatuak... Horrela badira aunitz Nevadan.
Garai batean ez bezala dira gaur egun, herriko bizimoduan. Diotenez, artzain zinetela hilabete eta hilabeteak iragaten zenituzten menditik mundura jaitsi gabe.
Bai, egia da hori. Desertura joaten ginelarik ez genuen igoal inor ikusten hiru hilabetez edo. Gero, udaberriro, mendietara joaten hasten ginen eta herriak ikusten genituen, eta jendea. Herri bazterrean egoten ginen, hala ere, ez herrian bertan. Inor ikusi gabe egoten ginela esan dut, baina herri bazterrean ginenean jende ezagunak etortzen ziren bisitan gure ardi-kanpamendura.
Zuen anaia zaharrenak esanda dakit bederatzi hilabete ere egin izan zuela mendian, herrira ez herri bazterrera batere etorri gabe...
Lehenagoko sasoietan bai. Hartzen zuten kanpin-denda xahar bat eta joaten ziren mendira. Ez zuten kanperoa beste inor ikusten, astean behin-edo jatekoa eramaten zien gizona. Beste denbora asko egoten ziren inor ikusi gabe. Sasoi hartan. Gero, ardiak binaka paratzen hasi ziren: bata, ardiak begiratzeko eta, bertzea, berriz, jatekoa egiteko. Baina ni baino aise lehenagotik, hamar edo hogei urte, banaka ibiltzen ziren artzainak. Nire anaia zaharrena ere, Jose, horrela ibilitakoa da.
Trantze gogorra pasatu zenuen behin elurretan.
Behetik heldu ginen gu. Menditik desertura, herrialdera, ardiak erdi egiten diren sasoian. Bide erdian zatozelarik, denbora txarra etortzen bada igoal egon behar duzu aste bat edo bi aste bertan geldi, elurpean, laguntza etorri arte. Orduan Nevadan ginen, Alberdeen deitzen zaion herri ttipian sartu baino lehenago. Eta hori gertatu zitzaigun: elur asko egin zuen eta hantxe egon ginen gobernukoak etorri eta bidea zabaldu arte. 2.500 bat ardi geneukan eta nahiko justu ibili ginen aste betean jateko. Patata puska bagenuen eta ardiren bat edo hil behar izan genuen. Bertzalde, abioneta ttipi bat etorri zen gainetik eta jatekoa bota zigun zaku batean, harik eta gobernukoak etorri arte.
Ardien paraderoa?
Ardiak... aunitz ardi galdu genuen ordukoan. Ardiek ziri-kozkorrak eta bata bestearen ilea ere jaten zuten. Hortz aunitz hausten zuten ziri horiek jaten. Eta hortzak hausten badituzte, ez dute jaten ahal eta ondoko urtean ez dute balio ardi horiek. Ez duzu desertura ez nehorat ateratzen ahal ere. Saldu beste erremediorik ez duzu, haragitarako; saldu eta beste batzuk erosi.
Artzain izana, eraikuntzan lanean, aizkolari jardun duzu Ameriketan...
Hemen ere aritzen ginen arbolak hozkatzen eta txarkeriak egiten, baina ez aizkoran-aizkoran. Han egin naiz ni aizkolari. Nevadan baziren aizkolariak: Donamariako Arrastio, Lesakako Periko Zubiria... eta haiek ni ikusi, gazte edo, eta ea aizkoran arituko nintzen erran zidaten. Eta erakutsiko zidatela nondik hasi eta nola eman egurrari. Baietz erran nien eta aizkoran ari naiz geroztik, Nevadako-eta euskal festibaletan. Kalifornian eta Idahon ere ibili naiz.
Egurra inguratzeko ere lanak izanak dituzue.
Bai. Batzuetan, lehen gehiago, behar genuen altxapeka ibili, isilean, ezkutuan mozten eta etxera ekartzen. Ez dute dohainik ematen, ez. Eta erosi ere... Nola erosi, ez badute saltzen! Menturaz, egur idorra salduko dizute, baina berdea ez dute saldu nahi. Eta aizkorak ere... Ezin Euskal Herritik hara eraman, aireportuan inmigrazioko poliziak kentzen dizkizu eta. Lege zorrotzak dira Ameriketakoak. Oroitzen naiz, izan nuen lehenbiziko aizkora Australiatik igorri zidatela. Nik, hura hartu eta Euskal Herrira igorri nuen, xorroxtu eta ongi paratzeko. Gero, amak igorri zidan Ameriketara berriz. Ez da horrela ibiltzen ahal.
Orain, uzteko prest zaude.
Bai, orain baditut berrogeita zazpi urte eta baditut bertze lanak egiteko. Aizkora gogorra da. Euskal Herritik hara joaten diren aizkolariekin batera lanean sartuz gero Ameriketan, udako jaialdietan, jo egin behar da. Eta, horretarako, behar duzu pixka bat entrenatu, eta batzuetan ez dugu horretarako denborarik. Saiatzen gara egitera, ahal duguna, baina ez da aski. Uste dut hemendik aurrera hobe dudala utzi aizkora alde batera.
Nor eta nor ari zarete gaur egunean aizkoran Nevadako partean?
Telletxea, bat; beste gazte bat, bi, eta gure alaba zaharrena, Stephanie. Hamalau urtetan hasi zen; orain baditu hemezortzi. Urtean hiru, lau, bost bat saio egiten ditu, eta jendeak maite du neska gaztea aizkoran ikustea. Kasik, ni ikustea baino nahiago du alaba ikusi egurra mozten. Baina afizioa aunitz galdu egiten zaio Stephanieri; diru guti da pagatzen diotena eta gazte horiek sos pixka bat nahi dute bere sakelarako. Eta ez dutelarik sosik ikusten gibelera joaten dira. «Aita zaharrak egin dezala!». Hala erraten du hark.