Jesus Galindez: Diktaduren aurkako desagertua


2021eko uztailaren 23an
Mario Vargas Llosak hauspotu zuen La Fiesta del Chivo liburuarekin Galindezen kasuak 1956az geroztik izan zuen oihartzunaren olatu berria. Zinemara ere eraman dute Ana Diez eta Angel Amigok. Galindezen historiari legenda gailentzen ari zaionean, ongi legoke Espainiako Gerran desagertuak agerrarazteaz arduratu eta bi hamarkada beranduago Demokraziaren ustezko metropolian diktadura trujillistak desagerrarazi zuen gizona gogoratzea.

Estatuko hiriburua lagata, udaro Euskadiratzen zen Jesus Galindez Suarez arbasoen Amurriora. Familiaren sustraiak hor izateaz gain, bertan asetzen baitzuen gero eta handiagoa zuen euskal herri mina. Hala ere, 1936koan, bere sorleku eta ikasketagune izan zen Madrilen gelditu zen, Zuzenbide Administratiboko katedraduna zen Felipe Sanchez Romanen irakasle laguntzaile bilakatu zelako. Amaitu berriak zituen zuzenbideko ikasketak baita euskal baserriari eskaini zion doktoradutza tesia ere. Baina uda horrez geroztik beste zuzenbideko arlo batzuek -penalak esate baterako- emanen zioten arreta eta kezka legegizon honi. Izan ere Gerra Zibila hasi zenetik, 1937ko maiatzean Madril laga zuen arte, erretagoardia errepublikanoan aritu behar izan zuen bere ikasketetan ikasitakoak eta askoz gehiago martxan jarriz.

Garai hartan abagune larria bizitzen ari zen Estatuko hiriburuan, frankistek hartzear zutela zirudielako. Kinka horretan, heroismo handienarekin batera mendeku eta sarraski latzenak gauzatzen ari ziren. Buenaventura Durruti anarkista eta beste asko Madrilgo defentsan hiltzen ziren egunetan, kartzeletatik preso faxistak ateratzeak eta Madrildik kanpora garraiatzeak hilketa masiboak ekarri zituen. Era berean, nazioarteko brigadistek burutu zuten hiriburuaren defentsa itzelarekin batera, estalinismoaren jardun beltzenak burutzen ari ziren erretagoardiako hainbat ezkermuturreko. Estualdi horretan atxiloketak ugaltzeaz gain, presoen aurkako hainbat sarraski gauzatu zituzten. Paracuellosen eta Torrejon de Ardozen buruturikoak alde errepublikanoaren orrialde lotsagarrienak bihurtu ziren, milatik gora preso garbitu zituztelako.

Berdintsu gertatzen ari zen Madril osoan barrena eratu zituzten txeka ospetsuekin. Inolako bermerik gabe, susmagarriak suerta zitezkeen eskuindarrak, erlijiosoak edo talde muturretakoek salaturikoak bertan zeuden kartzelaratu, hilarazi edo askatu arte. Horrelako kinka larrian zeudenak laguntzeko Eusko Alderdi Jeltzalearen ekimenez hasieran, eta beranduago Eusko Jaurlaritzaren izenean, Jesus Galindezek eta beste hainbatek jardun zuten zuzenbideko oinarriei eta gizalegetasunari eutsi nahian. Galindezi Preso eta Desagertuen Batzordeko burua izanik, txekaz txeka eta espetxez espetxe ibiltzea egokitu zitzaion presoen trukaketak eta askapenak erdiesteko asmoz. Orduko oharretan oinarritu zuen liburuan, Los vascos en el Madrid sitiado delakoan, jokabide horren berri eskaintzen digu zehaztasun handiz berak. Testigantza horien zuzentasuna dela eta, historiagile esanguratsuek, Ian Gibson bezalakoek esate baterako, ontzat eman dituzte Amurriok luzaturiko datuak eta gertaeren deskribapenak.

Manuel Irujok, Justizia ministro bilakatu zenean, -Jesus Galindezek Kartzeletako Zuzendaritza Orokorraren ardura bereganatuta zuela- jokaera horiek berrindartu zituen. Amelia Azarola, Raimundo Fernandez Cuesta, Javier Astrain, Antonio Lizarza eta Manolo Valdes gisako atxilotu nabarmen ugari esparru errepresibo alegaletatik askatzeaz gain, presoen trukaketa bidean jarri zituzten, azken batean, heriotz zigorretatik libratzeko. Etikaren iparrorratzak lagunduta, ahalik eta bizitza gehien salbatzea izan zuten helburu, justizia, gerran bazen ere, mendekuaren gainean ezarriz.

Erretagoardiako ekimen horietatik kanpo, gerrako frontean ere ibili zen amurriotarra Brigada Vasco-pirenaica delakoan aritu baitzen 1937ko irailetik aurrera. Ordurako Euskadi bere osotasunean frankisten esku zegoelako, Aragoiko frontean jardun zuen 1938ko azken hilabeteak heldu bitartean. Espainiako Errepublikaren armadaren hilzoria Katalunian iritsi zitzaion eta hortik muga igaro behar izan zuen, 1939ko otsailaren 10ean, La Tour de Caroletik hain zuzen ere. Beste milaka miliziano legez, soldadu frantziar-senegaldarrez inguraturik, Bourg Madamen hasi zen itzulezineko erbestea. Giza eskubideen aldarrikapena egin zuen aberrian, erbesteratuei prestatu zizkieten «Harrera esparruak» ezagutzeko aukera izan zuen amurriotarrak, 7 hilabetez Vernet les Bainsgo kontzentrazio zelaian barneraturik egon zelako, Landetako Josse herrira alde egin baino lehen.

Bigarren Mundu Gerrarekin Trujillolandiara egindako erbestealdia
II. Mundu Gerra abiaturik, Espainiako Estatutik alde egindakoek, Francoren ala nazien eskutan erortzeko gero eta arrisku handiagoan zeudelako, Galindezek beste errefuxiatu askok legez, bigarren erbestealdiari ekin zion, 1939ko azaroan. Madrilgo garaietan egindako ezagutza diplomatikoetaz baliatuz, Santo Domingora joateko baimena eskuratu zuen Bordele aldean, Frantziak drôle de guerre pairatzen zuen egunetan. Hori zela eta, euskaldun apur batzuekin baina errepublikano espainiar aunitzekin, Amerikako irla horretara iritsi zen, SEREk prestaturiko itsasontzi batetan. Zaila oso izan zuten erbesteratuek Dominikar Errepublikan laketzea. Iritsitakoen eta joandakoen arteko balantzea arras argigarria baita: 1939-1940 biurtekoan arribatu ziren 5.000 lagunetatik 200 inguruk bakarrik hartu zuten Rafael Leonidas Trujillok agintzen zuen Dominikar Errepublika behin betiko egonleku. Jesus Galindez izan zen horietako bat, eta laster bereganatu zuen, 1940az geroztik alegia, Eusko Jaurlaritzak herrialde horretan zuen ordezkaritzaren lehen ardura, Venezuelara joandako Eusebio Irujo ordezkatuz.

Horrez gain, Madrilen Gerraren bezperetan bazterturiko lanari, irakaskuntzakoari alegia, ekiteko aukera izan zuen Galindezek. Santo Domingoko Zuzenbide Diplomatikoaren Eskolako kide izan ostean, bertako Unibertsitateko Legedi Amerikarraren Institutuko idazkaria izan zen irla laga zuen arte. Eginbehar horiek ez ezik hizlari eta idazle oparo izan zen «Josu Amurrio» urte dominikar haietan. Iragana ahantzi gabe, bertan idatzi zituen Gerraren bere oroimenak bildu zituzten Estampas de la guerra eta Los vascos en el Madrid sitiado liburuak; horrez gain, inguru hurbilaz, berak ironiaz Trujillolandia deituriko erregimenaz eta beste Amerikako eskualdetaz hasi zen ikertzen eta izkiriatzen. Ildo honetako lehen emaitza, Iberoamerica liburu mardula izan zen: Hego Amerikako egoera eta erregimen politikoetaz jardun zen bertan, Batistak, Somozak, Trujillok eta enparauek kudeatzen zituzten diktaduretaz azterketa oso kritikoa plazaratuz. Bigarrena, New Yorken buruturikoa baina Santo Domingon bertan mamitua Trujillo's Dominican Republic izenburuarekin aurkeztu zuen doktoradutza tesia, La Era de Trujillo liburuan argia ikusi zuena alegia.

New Yorken kokatu baino lehen, Santo Domingon emandako sei urtetan, Rafael Trujillok gidatzen zuen diktaduraren ezaugarriak goitik behera ezagutzeko eta dokumentatzeko aukera zuzena izan zuen euskal ordezkariak. Trujilloren jauntxokeria orotarikoaz deskribapen zehatz bezain aberatsa egin zuen, doktore maila lortzeko burutu zuen ikerlanean. 9 atalen bitartez, diktadura trujillistaren jatorria zein garapena azaldu zituen, bertan zegoen tiraniaren berri gordina munduratuz. Santo Domingon egindako lan hobezinari demokrazia eta justiziaren aldeko sentimendu sakona gehitu zion idazlan horretan. Horren ondorioz, Trujilloren erregimenarekiko bezala Amerikako Estatu Batuekiko jarrera arras kritikoa azaldu zuen Hego Amerikako diktadurei eskaintzen zien babesa zela eta. Washingtonek diktadura horiekiko zuen jokaera politikoa salatu zuen, hau da, demokrazia eta askatasuna zokoratzea onartzeko prest egotea, baldin eta erregimen diktatorialak mundu kapitalistaren agindutara makurtzen baziren.

Gerra Hotzeko hilketa beroak. New Yorken bahitua, Santo Domingon desagertua

Gerra Hotza deitutakoaren eraginez jokabide hori indartuz joan zen Espainiakoa bezalako diktadurak ere babestuz: 1950az geroztik, Peron, Somoza, Batista,Trujillo eta erregimen frankista bera iparamerikarren aliatu militar ekonomikoak bilakatu zirelarik. Galindezek, New Yorken Europako erbesteratuen lehen biltzarrean, diktadura guztien aurka eskaini zuen hitzaldia -esparru komunistarenak zein kapitalistarenak salatzen zituena- ez zuten ontzat eman Amerikako Estatu Batuetako ordezkariek. Kapitalismoaren aitzindari bilakatuta, AEBek bizkarra eman zieten garai batean izandako aliatuei, EAJkoei esate baterako. 1940ko hamarkadan euskal ordezkaritza guztiak -baita EAJk zituen militante ugari eta horien artean Galindez bera nabarmenetakoa izanik- aliatuen alde informazio lanetan aritu baziren ere, Gerra Hotzak indarra hartu zuen heinean, AEBek bertan behera utzi zituzten informazio eta espiotzaren ordez beraiek luzatzen zizkieten sostengu ekonomikoak. Babes politikoa ere laster galdu zuten sektore horiek. 1946an, Galindez bera partaide zelarik Nazio Batuen Erakundeak egindako biltzarretan, Espainiako erregimen frankistaren aurka hartutako erabakiak erabat antzuak suertatu ziren 1950az geroztik, AEBak laguntza ekonomiko, militar eta beranduago politikoa Francori luzatzen hasi zirenez geroztik hain zuzen.

Galindezen kasuan bezala, beste euskal ordezkari askok Amerikako Estatu Batuen alde informazio eta espioitza lanetan jarduteak eta Espainiako Gerra Zibilean demokraten alde aritzeak, ez zuen batere baliorik izan, Eisenhowerrek eta hurrengoek Frankismoaren aldeko jarrera hartu zutenean. Horrela, 1956ko martxoaren 12an Jesus Galindez New Yorkeko bihotzean desagerrarazi zutenean, FBIk eta CIAk nahiz eta beren informantea izan, ez zuten burutu desagerpena argitzeko ikerketa sendorik. Galindezek berak 1952an idatziriko testamentu holografo batetan aurreratutako salaketak -«Zerbait gertatzen bazait bilatu errudunak Dominikar Errepublikaren buruzagien artean»- ikerketaren bidea argi adierazten zuen arren, sekula ez zuten jorratu polizia eta zerbitzu estatubatuarrek.

Galindezekin hasitako desagerpen eta heriotz kateak Ameriketako Estatu Batuetako hiritarra zen Gerald Lester Murphy jo zuenean bakarrik eskuratu zuen Galindezen aferak nolabaiteko arreta, Times eta Life bezalako komunikabideen aldetik eta bereziki Porter diputatu demokrataren eskutik. Horri esker bahiketaren nondik-norakoa argitu zen neurri batean. Izan ere aipatutako G. Murphyk jakinarazi zuen 1956ko martxoan berak gidatu zuen hegazkin batean, Galindez bahiturik eta konorte galduta eraman zuela Santo Domingoko Monte Cristiraino, dominikarren eskutan uzteko. Horretaz mintzatzeagatik, Galindezen garraiatze horretan laguntzaile izan zuen Octavio de la Mazak hil zuen Murphy. Dominikar poliziaren arabera, De la Mazak bere buruaz beste egin zuen, ziega batean atxiloturik zegoela. Heriotz guzti horien kateko funtsezko katemaila, Galindezetik Trujilloraino zeramana, desagerrarazi zuten horrela. Bera, Amurriokoa eta Murphy irekitzen ari ziren bide xelebre bezain tragikoaren biktimak izan ziren: urte gutxiren buruan, Amerikako Estatu Batuetan bertan antzeko erahilketekin sekula argituko ez ziren hainbat magnizidiorenak, John F. Kennedyrena esate baterako. Amerikako Estatu Batuetako presidente baten gainean argitu ez zena nola argituko zen Eusko Jaurlaritzaren ordezkari apal batekin? Nola utzi lekua egiari Gerra Hotzetik honantz status quoaren defentsa bermatzeko, gerra, hilketa, tortura, desagerpen eta gezurren gainean oinarritu den inperio amerikar garaikidean? Galdera horiek kontuan izanda, Jesus Galindez «Josu Amurrio»ren historiaren ordez legenda nagusitzen ari dela aiseago uler daiteke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Iruñeko atxilotze-aldi luzea

Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han... [+]


Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro

Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.


Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


2024-11-18 | Hala Bedi
Frankismoaren errepresaliatuak omendu zituen Lagrango Udalak larunbatean [Argazki galeria]

"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"


Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute

Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


Astrabuduak Josu Murueta eta Anton Fernandez gogoratuko ditu, haien hilketaren 55. urteurrenean

Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.


Ezkabako iheslari Segundo Hernandez identifikatu dute Eguesibarreko Eliako hobian

Gasteiztarrarekin bederatzi dira ihesaldian parte hartu zuten identifikatutako pertsonak. Guztira, Nafarroako DNA Bankua sortu zenetik 43 pertsonaren datuak lortu dituzte.


Otxandioko sarraskitik 88 urte betetzen diren egunean, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Senatuan Angel Salas Larrazabali kondekorazioak kentzeko

Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.


Krabelin gorriz jantzi dute German Rodriguezen hilarria

German Rodriguez eta Joseba Barandiaran omendu, eta langile mugimenduaren alde egindako lana txalotu dute Iruñean. Palestinari ere elkartasuna adierazi diote, sanferminetan urteroko zitan Iruñean.


Corellako karriketan ikur frankistak azaldu direla salatu du Zurekin Nafarroak

Migratzaile familia batek irekitako denda baten aurrean ikur frankistak jarri dituztela salatu du Zurekin Nafarroa ezker koalizioak. Fiskaltzari eraman dizkiote datuak, gorroto delitu bat egon daitekeelako pankarta horren atzean.


Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraiki zuten frankismoaren esklaboei omenaldia egin diete

1939 eta 1941 bitartean Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzera behartu zituzten frankismoaren 2.400 esklaboak omendu zituzten larunbatean, Igariko gainean. Errepresaliatu antifaxista haien memoriak gure bidea izan behar duela aldarrikatu zuten omenaldia antolatu zuen... [+]


Eguneraketa berriak daude