argia.eus
INPRIMATU
Sareko Argia goitik behera berriturik dator
Elisabeth Pombo 2007ko otsailaren 21a
Interneten, beste edozein mediotan baino gehiago, garai berrietara egokitu beharra dago, etengabe gainera. 1997. urteaz geroztik, eduki berriak eta proiektu desberdinak garatu ditu ARGIAk Interneten. Baina landutako produktuak eta antolatutako zerbitzuak duela bederatzi urte aurreikusi ezinezkoak zirenez, orain arteko egiturak nekez egin ziezaiokeen aurre behar berriei. Horregatik 2005ean aldaketa sakonari ekin zitzaion. Baina martxoaren 3an aurkeztuko dena, aldaketa estetikoa edo teknikoa baino zerbait gehiago da, nabigatzaileak hainbat berrikuntza topatuko baititu www.argia.eus berrian eta ARGIAko harpidedunek abantaila ugariz gozatzeko aukera izango dute.


Harpidedunen Gunea

Aldaketa hauek guztiak egiteko orduan nabigatzailea oso gogoan izan bada, are gehiago ARGIA astekariko harpideduna. Internetekoa, harpidedunekiko urrats bat gehiago da, ARGIAharpidedunekiko harremanetan egiten ari den ahaleginen artean. Helburu nagusia harpidedunen beharrak ezagutu, berauetara egokitu eta haien iritzia entzutea da eta horretarako Interneti dagokionez, aurrerantzean harpidedunek euren gunea izango dute www.argia.eus/gunea helbidean. Bertan harpidedunen informazioa kontsultatu eta iradokizunak irakurri eta bidali ahal izango dituzue eta astero bost zozketatan parte harteko aukera izango duzue. Jada harpidedun bakoitzari etxera txartel bat bidali zaizue. Bertan, zuen izen eta abizenarekin batera gakoa aurkitzen da. Izen-abizen eta gakoaren konbinaketak Harpidedunen Gunera sartzea ahalbidetuko du. Baina gako horrek erabilera gehiago ere izango ditu, denda elektronikoan ere erabili ahal izango baita, ARGIAko produktuak prezio berezian erosi ahal izateko.


Gizarte osoa gogoan

Hainbat hobekuntzen artean, SAREKO ARGIAko web orriak osatzeko modua aldatu da (ikus koadroa). Web gunea hiritar orok kontsultatu ahal izango du SAREKO ARGIAk eginiko aldaketa teknikoei esker. Hau da, ezintasun fisikoak dituzten pertsonengana ere iritsiko da. Hala, Sareko Argiak gero eta publiko zabalagoarengana heltzeko apustua egin du World Wide Web Consortium (W3C) erakundearen irizpideak jarraituz (www.w3.org).

Web gunea erabiltzeko errazago izan dadin ere saiakera handia egin da, nabigatzaileak nahi duena erraz topa dezan eta gal ez dadin. Hartzailearekiko interaktibitatea bultzatzea eta dokumentazio zerbitzu hobea eskaintzea izan dira beste bi helburu. Internautek albiste eta iritziei erantzuteko aukera izango dute eta albisteak gaiarekin zerikusia duten eta aurreko egunetan argitaratu diren beste albiste batzuekin erlazionatuko dira. Hala, jada Euskal Kulturaren Harirekin betetzen den dokumentazio lana hobetu nahi da, informazio datu base txukunagoa gizarte osoaren eskura jarriz.


Bloka

Blogek eskaintzen dituzten aukerak eta berauen filosofia ere barneratu ditu SAREKO ARGIAk bere egiturara. Hain zuzen ere, neurrira egindako teknologia erabiliko duen bertsolaritzaren inguruko Gari alea bloka da beste berrikuntza. Koaderno edo blok itxurako horretan, bertsoak entzuteko, irakurtzeko edo eskatzeko aukera izango du erabiltzaileak Estitxu Eizagirre ARGIAko kazetariaren eskutik. Baita bertsolaritzari buruzko albisteak edo iritzia jasotzeko ere.

Denda elektronikoa
ARGIAk urteak daramatza bere produktuak Internet bidez ere saltzen. Oraingo honetan ordea, erosketak modu askoz erosoago eta seguruagoan egin ahal izango dira etxetik mugitu gabe. Denda elektronikoan edonork produktuak erosteko aukera izango du, VISA txartelaren bidez. Erosketa modu automatikoan egingo da eta egun gutxiren buruan etxera bidaliko da produktua. Harpidedunentzat prezio bereziak egongo dira. Horretarako, erosketa egiteko orduan, harpidedun gakoa sartzea nahikoa izango da.

Sareko Argiaren fitxa teknikoa
Programazio lengoaia: PHP

Datu basea: MySQL

Web gunearen lengoaia: XHTML

Estiloak: CSS2

RSS: 2005eko ekainetik www.argia.eus web gunearen azaleko albisteak eta ARGIA astekariko edukiak RSS bidez eskaintzen dira.
Aurrerantzean, aukeratutako beste komunikabide batzuen azken titularrak ere RSS bidez emango dira.
Sistema honi buruz gehiago jakiteko Ikusi iaz argitaratutako erreportajea: www.argia.eus/online/htdocs/online.htm?1999&25004.

Aurkezpenerako zita
Martxoaren 3an, 12:00etan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztuko da SAREKO ARGIA berritua. Berrikuntzen informazio zuzena jasotzeko aukera izango duzu bertan.