Ariketa zaila suerta dakiguke haren bazterretan zementoa besterik ezagutu ez dugunoi, baina saia gaitezen une batez begiak itxi eta antzinako Ibaizabal irudikatzen. Adituek diotenez, Kantauri itsasertz osoko itsasadarrik handienetakoa ikusi beharko genuke, eta Euskal Herriko handiena ezbairik gabe. Bai oparoenetakoa ere biziari dagokionez, ehunka landare zein animaliaren gotorleku, uraren menpe beti.
Ireki begiak berriz eta horra ehunka mila lagun biltzen dituen hiri trinkoa, itsasadarraren alde bietara zabalduta, hainbat udaletan banatuta. Tarteka ez oso garbia, tarteka zeharo itsusia, baina aberatsentzako leku ezin dotoreagoak ere badituela. Azken horiek, denak, eskumako aldean kokatuta, politikakerietan hasteko asmorik gabe esana. Milaka tona adreiluk eta asfaltok hartu dute garai bateko hezeguneen lekua, behinola jaun eta jabe zen naturaren azken zantzuak ia desagertarazteraino.
Ezker aldea, denboraz Ezkerralde bihurtuko zena, padura itzela zen, gaur egun Sestaok eta Barakaldok betetzen duten tokian batez ere. Oraindik ere, oroigarri legez-edo, Padura izena dauka inguruko futbol talde batek. Orain bezala, hainbat ibai isurtzen zen han Ibaizabalera, baina ur eta lehor arteko banaketa ez zen hain erabatekoa. Marea gorak uholdea zekarren aldiro, eta beste horrenbeste gertatzen zen beste ertzean. Sopela ingurutik datorren Gobela ibaiari Kresaltxu esaten zioten orain dela mende gutxi, Berangoko Alberto Diez historiagileak dioskunez. Oso barruraino ailegatzen omen zen mareen eragina, eta ibaia bera ere ez zen sekula leku berean Ibaizabaleratzen. Azkenik, Areeta eraikitzeko berme beharrak finkatu zuen haren behin-betiko ibilbidea; nola eta naturaren kontra. Diezen esanetan, Gobela dateke itsasoari bizkar emanez isurtzen den munduko ibai bakanetakoa.
Urbanizatzeak «paradisua» hondatu
Hain aldaketa bortitzaren zergatiak ondo esplikatuta daude historia liburuetan, eta ez da gure asmoa horretan sakontzea. Denok ezagutzen ditugu gainera, gutxi-asko. Kontua da Ibaizabal ibai huts bihurtu zela. Esan nahi baita, ur-korrontea besterik ez zela geratu lehengo paradisu hartatik. Ertzetako ekosistemak ia osorik desagertu ziren, ekonomia-paradisuaren mesedetan. Bilbo Handia metropoli zikin eta zatar bezain aberats bihurtu zen.
Duela hogei urte inguru, hala ere, bigarren eraldaketa handia etorri zen, ekonomiaren baitakoa oraingoan. Industria-hiria industria osteko hiri bihurtzera behartu zuten gertakariek, lan-merkatua hirugarren sektorera lerratuz. Lehengo zikinkeria eta zatarkeriak sobera zeuden zegoeneko, ez aberastasuna noski. Zerbitzu-hiriek, ezeren gainetik, polit eta garbi behar dute.
Urarenganako kezka, 70eko hamarkadatik
Ibaizabaleko urarenganako kezka, hala ere, lehenago sortu zen, 70eko hamarkada amaieran. Ehunka mila lagunek eta hamaika industria astunek kutsadura handia sortzeko gauza dira. Eta hori oso-osorik irentsi zuen, denbora luzeegian, itsasadarrak. «Une bat iritsi zen non Ibaizabal ez baitzen zegoeneko ibaia, kloaka nabigagarria baizik», diosku Ibon Areso Ur Partzuergoko presidente eta Bilboko Udaletxeko alkateordeak.
«Bilbok, XIX. mendean, bazeukan saneamendu-sistema bat», jarraitu du Aresok; «lurrun-bonba batzuen bidez hondakinak bidaltzen ziren itsasoraino, Getxoraino. Felipe Uhagon ingeniariak egin zuen lan hura». Ez izan nahikoa XX. mendean etorri zenari aurre egiteko. 50 eta 60ko hamarkadetako hazkundea basatia gertatu zen Bilbon zein Ibaizabalen ertz bietako hirietan, eta Uhagonen bonbak ez ziren aski izan. «Garai hartan ez zen saneamendua egokitu; hala, etxe zein fabriketako hondakin guztiak itsasadarrera zihoazen zuzen-zuzenean». Urak oxigeno guztia galdu zuen, eta harekin batera bizia. Arrain ordez, metal astunak nagusi.
Ur Partzuergoko gerente Pedro Barreirok Ibaizabaleko urak berreskuratzeko lehen urratsak gogorarazi dizkigu: «1979an egindako batzar batean onartu zen Saneamendu Plan Integrala. Helburua %60ko oxigeno disoluzioa lortzea zen -abiapuntua %0 izanik jakina-, Ibaizabalek Partzuergoko kide diren udalerriak zeharkatzen dituen lekuetan». Bizia egon dadin, oxigeno kontzentrazioa %20koa izan behar da gutxienez, Ibon Aresoren esanetan.
Garbitzeko, hondakin gehiagorik ez bota
Ura garbitzeko modua ura ez zikintzea bide da. Hala, Saneamendu Planaren zutabea ur-araztegiak ziren, eta oraindik dira. Ibaizabalera zein haren isurkideetara zihoazen etxeetako ur zikinak kolektore bidez batzen hasi ziren; gehien-gehienak Ezkerraldean eraikitako Galindoko araztegira bidaltzen hasi ziren, eta hara bidaltzen dira gaur egun ere. «Galindon 900.000 lagunen hondakin-urak jaso eta arazten dira», dio Barreirok, «gainerakoa beste araztegi batzuetara joaten da: Gueñes, Muskiz...». Industriari dagokionez, kasu gehienetan fabriketan bertan ipini zituzten araztegiak.
Emaitza agerikoa da, zortzigarren orrialdean ikus dezakezuen argazki-bikoteak erakusten duenez. Pedro Barreiroren esanetan Sanemandu Plan Integralaren %94 bete da, eta urte bi barru beteko da osorik. Onurak, gainera, ur barruan ere igartzen dira, kanpoan ez ezik. %60ko oxigeno kontzentrazioa lortu da azkenik. Hogeita hamar arrain espezie desberdin atzeman dira dagoeneko itsasadarrean, eta baita algak eta itsaski zenbait ere. «Hondoetan ere hasia da bizia agertzen», nabarmendu du Ibon Aresok. Politikariren batek orain urte batzuk iragarritako bainuei dagokienez, Pedro Barreiro gerenteak nahiago izan du gehiegi ez busti, Ereagan ez bada bederen: «Inguru honetan dugun kostaldea kontuan edukita, egokiena hondartzan bainu hartzea dela uste dut».
Zenbateraino garbi?
Talde ekologistak, uraren kalitatea asko hobetu dela onartu arren, ez datoz guztiz bat Partzuergoaren baikortasunarekin. Begoña Zorrakinen iritziz, «ura ez dago hain zikin, egia da, baina hondoa oraindik dago kutsatuta, metal astun asko dago. Jendea itsaski arrantzan dabil, inork ez du debekatzen, eta itsaski kutsatua da». Zorrakinek urteak daramatza Lanius elkarte ornitologikoaren kanpaina bat koordinatzen; eskaria, Ibaizabaleko gune bi Eusko Jaurlaritzako Hezegune Inbentarioan sar ditzatela. Arestian esan dugunez, antzinako Ibaizabalen zatitxo batzuek gaurdaino iraun dute, eta horien defentsan dihardute ekologistek, mehatxupean ikusten dituzte eta.
Une honetan, Ibaizabalen ertzetako hezegune bakarra dago aipatu zerrendan: Astrabuduako ibarra, Erandion. Alferrik hori ere Zorrakinen esanetan, «inbentarioan egoteak ez baitakar berez inolako babes edo berreskuratze neurririk». Hala, negargarri dago ibarra, giza-ekintzaren menpe, eta bertatik oso hurbil egin nahi omen duten errepide baten mehatxupean.
Laniusek babestu eta berreskuratu nahi dituen gune biak Lamiakoko ibarra eta La Bola hondartzatxoa dira, Leioan eta Getxon hurrenez hurren. Bigarrena oso gune txikia da, marea behera baizik agertzen ez dena; balio ekologikoa hegazti migratzaileen atseden leku izatetik datorkio batik bat. Lamiakoko ibarra, berriz, ez da Doñana, baina badu bere garrantzia. Zorrakinen ustez, «Ibaizabalen azken zantzua izatea da garantzitsuena». La Bolan bezala, hegaztiek jateko erabiltzen duten lokatz aldea dauka, itsasadarrean bertan; lehorrerago, hezegune zati bat dago oraindik, urbanizazio larriaren lekuko mutu.
Hezegunea edo ur-araztegi berria?
Laniusen eginahalak Lamiakoko hezegunearen aldekoak dira gehienbat, hark baitu mehatxurik behinena. «Eta, hara zer ironia, ur-araztegi bat eraiki nahi dute bertan», dio Begoña Zorrakinek, «harrigarria da ingurumena zaintzen dabiltzala esan, eta gero Ibaizabaleko azken gune naturaletako bat hondatu nahi izatea». Izan ere, Galindoko ur-araztegia lanez gainezka dago honezkero. 1979an Partzuergoak Ibaizabal garbitzeko egin planak beste araztegi bat aurreikusi zuen eskuin ibarrean, eta orain heldu da unea, antza, berau eraikitzen hasteko. Ekologistek baietz, beharrezkoa dela, baina beste nonbait jar dezatela; Partzuergoak, ea non jarri behar duten Lamiakon ez bada. Momentuz, Laniusen kanpainak oihartzun eskasa erdietsi du erakundeetan. «Denek diote arazoa ez dagokiela beraiei, besteena dela eskumena», kexu da Zorrakin. Partzuergoak, berriz, araztegi proiektua defendatzen du baina gerentearen ahotik adierazi digutenez, berau ez da inolaz ere 2010. urtea baino lehen lanean egongo.
Aipatu hiru guneak (La Bola, Astrabudua, Lamiako) eskuin ibarrean daude. Ezkerraldean, orain urte gutxi desagertu zen azkenekoa, Megapark eztabaidatsua eraikitzeaz batera, Zuloko Ibarreta izeneko inguruan. Orduan, Barakaldoko talde ekologisten borrokak ez zuen emaitzarik lortu. Lehengo hezegunea merkatalgunea da orain, Ibaizabalen ertz bietan izandako aldaketa sozial handien adierazpide ezin gordinagoa.
Bilboren itxura aldaketa
Bilbo berri bat jaio da, oraindik zeharo burutu ez den erditze astirotsu baten ondorioz. Industrian oinarritutako aroa atzean utzi du hiriak, ez nekerik, izerdirik eta sufrimendurik gabe, eta zerbitzuetara lerratu da argi eta garbi, munduan beste zenbaitzuk egin bezala: Glasgow, Pittsburg, Rotterdam...
Prozesua ez da bat-batekoa izan, plan zehatz baten araberakoa baizik. Ibon Areso da, hain justu, plan horien sortzaileetako bat: «Kontua ez da industria desagertu dela. Industriak aberastasuna sortzen segitzen du, baina dagoeneko ez du lanik ematen, edo ez lehen bezainbat. Sestaoko ACBk, gaur, garai batean Labe Garaiek adina altzairu ekoitz dezake, baina langileen %10arekin. Arazo bakarra ez da industriaren desagerpena -hori ere bada-, industriak lanik ematen ez duela baizik».
Bilboko agintariak 80ko hamarkadaren erdian ohartu ziren aldaketa beharraz, eta 1988an hasi ziren aldaketa hori zertzen. «Hiri aberatsa ginen, baina hirigintza zein ingurumen aldetik erdipurdikoa. Jendea hirugarren sektorean lanean hasi behar bazen, batez ere zerbitzu-hiria izan behar baginen, geure itxura aldatu behar genuen. Hiri atsegina behar genuen». Aurpegi garbiketa etorri zen: Guggenheim, Euskalduna jauregia, Bilboko Itsasadarra museoa, Zubizuri, BEC, Loiuko aireportu berria, tranbia... Ikur asko jaio dira azken urteotan, munduaren aurrean Bilboren beste irudi bat zabaltzeko, eta bide batez ahalik eta bisitari gehien erakartzeko. Bilbok sorbaldetako ugerra astindu du, atzerria maitemindu nahian.