Arrain txikiak eta handiak sarean

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Euskara Zerbitzu gehienak duela 15 bat urte sortu ziren (1989-1990 urteetan); Nafarroako Gobernuak foru dekretua atera zuen udaletan eta mankomunitatetan euskara normalizatzeko urratsak emateko. Euskara zerbitzuek hiru adar izango zituzten: euskara teknikaria, kultur jardunak (euskara normalizatzeko ekintzak) eta udalerriko administrazioko langileak euskalduntzeko planak. 1989a baino lehen sortua da Iruñeko Euskara Zerbitzua. Data hori baino lehen beste zenbait udalerritan saiakerak egin zituzten, baina ez zuten gorputzik hartu.

Gobernuaren diru-laguntzei esker abian jarri ziren euskara zerbitzuetan euskara teknikari gazteak zeuden, esperientzia gutxikoak. Gazte horiek udalerri txikietan egin behar zuten lan, biztanle kopuru murritzarentzat eta baliabide ekonomiko urriekin. Rosa Ramos, Berriozarko Euskara Zerbitzuko teknikariak hasieratik ezagutu du euskara zerbitzuen bilakaera. Berak dioenez, aipatutako ezaugarriak kontuan hartuta, euskara zerbitzu guztiak bilduta indar eta baliabide gehiago izan zezaketela pentsatu zuten. Gipuzkoako Udaletako Euskara Teknikarien Sareari (UETS) jarraiki, Nafarroako Udaletako Euskara Teknikarien Sarea (NUETS) sortu zuten. Orduz geroztik sarean parte hartu ez duen euskara zerbitzu bakarra Iruñekoa izan da.

Lana egiteko modu berezia du Sareak. Egitasmoak hileroko bileretan adosten dira, baina egitasmo bakoitza lantzeko hainbat teknikarik osatutako batzordea sortzen da. Batzordeak prestatutako egitasmoa euskara zerbitzu guztiek probestuko dute, beti ere, gunean guneko berezitasunak kontuan hartuta. Ezin pentsa liteke, esate baterako, Tafallan eta Leitzan euskara egitasmo berberak abian jarriko dituztenik.


NETeLEren sorrera

Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkartea esan nahi du NETeLE-ek. 2000. urtean sortu zuten. Elkarte horretan tokia dute edozein motako euskara teknikariek: udaletakoek, elkarte pribatutakoek eta gobernukoek. Zertarako sortu elkartea? Rosa Ramosek bi arrazoi eman dizkigu: «Batetik, NUETSek ez du nortasun juridikorik eta gure ahotsa entzutea nahi genuen. Bestetik, euskara teknikariaren lanbidea zilegitasunik gabe, sinesgarritasun beharrean, ikusi genuen. Uste dugu gure lanbidea ongi definitzea eta etengabeko prestakuntzan sakontzea onuragarriak direla euskararen normalizazio plan eraginkorragoak lortzeko».

Udaletako euskara zerbitzuetako euskara teknikariak udalak edo mankomunitateak kontratatutako langileak dira. Lanpostu horiek mantentzeko diru iturriak bi dira: Nafarroako Gobernua eta udala edo mankomunitatea. 2000.ean, ez zen alferrik sortu NETeLE. Urtean-urtean Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzek behera egin dute, iaz izugarri jaitsi ziren laguntzak. Diru-laguntzak hainbeste murriztuta, udalak edo mankomunitateak zeresan handia du euskara zerbitzuekiko. Zenbait udalerritan, gobernuaren laguntza murriztuta arrisku bizian dago euskara teknikariaren postua, udalak diru gehiago jartzerik nahi ez duelako edo ezin duelako. Rosa Ramosek udalen kasuan hiru kontu gogoan hartu behar direla nabarmendu digu: euskararen sustapenari buruz udal horrek duen iritzia, udal txikiak izanda (Nafarroako gehienak) diruz itota egotea eta herritarrei zerbitzua eskaintzeari buruz duten kontzeptua.

Gobernuaren diru murrizketen ondorioz eta hainbat udalek ardura gehiago bere gain ez hartzearen ondorioz, zenbait tokitan, euskara teknikariaren lanpostuak baldintza ekonomiko kaxkarrak ditu. Esate baterako, orain, bi euskara zerbitzu hutsik daude; bata Garesekoa eta bestea Zaraitzu-Erronkarikoa. Bi euskara teknikariek lanpostua utzi zuten eta oraindik ez dira hutsuneak bete. Lanpostua hutsik geratzen den bakoitzean udalak oposaketak egin behar ditu, prozesua nekeza da. NETeLE aztertzen ari da elkarteak berak ordezkapenetarako zerrenda osatzea utzitako lanpostuak eta ordezkapenak azkarrago betetzeko, udal edo mankomunitateek bide egokia ikusten badute.

Gareseko eta Zaraitzu-Erronkariko lanpostuak hutsik geratu badira ere, azken bi urteotan hiru euskara zerbitzu sortu dira. Tafallako Udalak, Irantzu Mankomunitateak eta Aranguren Ibarreko Udalak euskara zerbitzua sortzeko eskaera egin zuten eta azken urteotako politikarekin bat ez bazetorren ere, baiezkoa eman zuen Nafarroako Gobernuak.

Bortzirietako Euskara Zerbitzua: 15 urteko jarduna
Bost udalerrik osatzen dute Bortziriak, Nafarroako iparraldean, eskualde euskaldunean: Arantza, Bera, Lesaka, Etxalar eta Igantzik. Bost herriok euskara zerbitzua dute 1989az geroztik, hau da, Nafarroako Gobernuak foru dekretua atera zuenetik. Herritarrek gogoz egin zuten eskaera eta udalek bat egin zuten herritarren eskaerarekin. 2000. urtera arte Bortzirietako Euskara Zerbitzuak euskara teknikari bat izan zuen. 2000. urtean Bortzirietako mankomunitatean bigarren euskara teknikaria kontratatzea proposatu zen. Kontuan hartu behar da Bortzirietako udalek mankomunitateko ateak irekiak dituztela herritarrentzako, eta beraz, euskara alorreko gaiak hor kudeatzen dira. Bigarren euskara teknikaria hartzeko bi zalantza zituzten; batetik, ea baliabide ekonomiko nahiko zuen mankomunitateak eta bestetik, ea bi teknikarirentzako adina lan izango zen. 2000. urtean bigarren teknikariarekin lanean hastea erabaki zuten eta gaur egun bi teknikarien postuak finkoak dira. Urko Ikardo eta Patri Arburua dira bi teknikariak eta azken honek esan digunez, «bientzako lana bada sobera». Kontuan izan behar da Nafarroako Gobernuak bigarren lanpostu hau ez duela diruz laguntzen, udalek hartu dute bere gain. Irantzu Mankomunitatearen kasuan ez bezala, Bortzirietako Euskara Zerbitzua ez dago Gobernuaren diru-laguntzen menpe.

Bost herrietan 8.600 inguru biztanle biltzen dira eta 3 eta 16 urte arteko haur-gazteen %86k D ereduan ikasten du, %10ak berriz, B ereduan. Nafarroako beste hainbat euskara zerbitzuren egoerarekin alderatuz, Bortzirietakoak duen osasun ona kontuan hartuta, Patri Arburuari galdetu diogu ea NUETSek (Nafarroako Udaletako Euskara Teknikarien Sarea) zenbaterainoko balioa duen beraientzat: «Modu batera edo bestera denok gaude Nafarroako Gobernuaren menpe. Egia da batzuetan, Nafarroa osorako egiten ditugun egitasmo batzuk ez direla hain erraz egokitzen gure errealitatera, baina sarea garrantzitsua da. Esate baterako, udalekuak antolatzen ditugu eta balio handikoa da Arantzako haurrek eta Irantzu Mankomunitatekoek egunak elkarrekin igarotzea. Bestalde, bakoitza bere txiringitoari begira ezin gara egon, Nafarroako ikuspegia hartu behar dugu, eta nola ez, baita Euskal Herrikoa ere».

Ezaugarri eta egoera desberdinak dituzte, inondik ere, euskara zerbitzuek Nafarroan, nahiz eta Iruñekoa ez ezik gainerako guztiak sarean batuta ari lanean. Arburuak argitu digu ordea, alderaketak egin daitezkeela eta batzuk nabarmen besteak baino indartsuago daudela (Bortzirietakoa kasu), baina horrek ez duela esan nahi zailtasunik ez dutenik euskara zerbitzu indartsuenetan ere.

Irantzu Mankomunitatea: Euskara zerbitzu hasi berria
Uxue Royo da Irantzu Mankomunitateko euskara teknikaria. Iazko azaroan jarri zuten abian euskara zerbitzua Oteitza, Deierri, Gesalatz, Villatuerta, Abartzuza, Lezaun eta Jaitz herrietan. Azken hauteskundeen ondoren, hainbat herritako ordezkarien laguntzaz sortu zen zerbitzua, Irantzu Mankomunitateko 4.000 inguru biztanleri zerbitzua eskaintzeko asmoz. Udal txikiak dira guztiak eta, beraz, aurrekontuak ere neurrikoak dira. Horregatik, euskara teknikariaren lanpostua Nafarroako Gobernuak urtero ematen duen diru-laguntzaren menpe dago. Beraz, urteren batean diru-laguntza emateari utziko balio, euskara teknikariaren lanpostua bertan behera geratzeko arriskuan egongo litzateke eta berarekin batera euskara zerbitzua.

Uxue Royok lanpostu batere ziurra ez izateaz gain, hainbat zailtasun aurkitu ditu Irantzu Mankomunitatean euskara bultzatzeko. Zailtasun geografikoak batetik, biztanle gutxi badira ere, eremu zabalean barreiatuta daudelako, eta kontzeju anitzetan eta biztanle gutxirekin. Horietara guztietara heltzea zaila egiten zaio Royori. Gainera, Oteitza eta Villatuerta eskualde ez euskaldunean daude (gainerakoak eskualde mistoan). Zazpi herrietan D eredurik ez dago eta hainbat haur Lizarrara joaten dira euskaraz ikasi ahal izateko. Bestalde, zerbitzu berriak harrera ona izan du herritar askorengan, Uxue Royori deitu eta laguntza eskaini baitiote. Beste batzuengandik jaso duen inpresioa da ordea, ez dakitela zertarako den euskara zerbitzua, beharrik ez baitute ikusten. Euskalduna edo ia euskalduna biztanleriaren %10 den zonaldean euskara poliki eta leun bultzatzen saiatuko dela dio Royok. Gizartearen babesa lortu nahi du euskara teknikariak. Babes horrekin zerbitzua errotuko litzateke eta agintari politikoek (gobernukoek zein udaletakoek) diruz laguntzeari utziko baliote, zerbitzua zeinek defendatu egongo litzateke.

Hasieratik beretik zekien Uxue Royok zailtasunak izango zituela lan berrian; besteren artean, euskara zerbitzua jaio berria delako eta herritarrek ezagutzen ez dutelako. Hala ere, gustura dago ordezkari politikoek lanpostu hau sortzea erabaki dutelako eta herritar askok babesa eman diolako. Orain, helburuetako bat, euskarak poliki-poliki eguneroko bizitzan presentzia lortzea izango da.


Azkenak
2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-25 | ARGIA
A-25: mugimendu feministak gizonei dei egin die konplizitatea eta justifikazioa desagerrarazteko konpromisoa hartzera

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]


Udazkena agurtzen negua besarkatzeko

Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin... [+]


2024-11-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugandila bat “ezer ez dagoen lekuan”

Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe, ekosistema moduan duen balioa handia delako. Baina, basoari jartzen diogun atentzio eta indar... [+]


2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Birigarroak zirinetan heriotza

Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko dira.


2024-11-25 | Garazi Zabaleta
Gaztaina feria basaburuan
Gaztainadiak eta gaztainaren kultura protagonista

Nafarroako beste zenbait herritan bezala, duela lauzpabost urte hasi ziren Basaburuan gaztainondoen inguruko lanketarekin. “Bertako gaztain barietateei lotutako ikerketa abiatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta orduan hasi zen hemengo herrietan ere gaztainaren historia... [+]


Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


Eguneraketa berriak daude