«Zenbait biktimari, omenaldiak egiten dizkiete, eta errespetu handiko tratua ematen zaie; beraien erasotzaileak atxilotu, epaitu eta espetxeratu dituzte. Beste biktima batzuek, aldiz, hogeita hamar urte daramatzagu arduradunak epaitu eta zigortuak izateko ahaleginetan, hogeita hamar urte aitorpenaren, egiaren eta justiziaren bila. Oraindik ez dugu ezer lortu, nahiz eta denok dakigun egileak zein diren».
Halaxe diote Martxoaren 3ko Elkarteko kideek. Data horretan bost langile hil, beste zenbait zauritu eta hainbat langile gasteiztar atxilotu zituzten orain dela hogeita hamar urte, eta horregatik jarri diote elkarteari izen hori. Elkartea egun hartan benetan gertatu zena argi dadila lortzeko borrokan ari da. Langileek zein delitu egin zuten bada gertatu zena gertatzeko? Hilabete haietako langile borroketan parte hartu eta greba luze bat egin, zegozkien lan eta gizarte eskubideak defendatzeko, horixe. Poliziak metrailatu eta hil zituzten unean, grebalariak langile batzarretik ateratzen ari ziren eliza batetik; langile borrokarako estrategiaren plangintza egiten ari ziren bilera hartan, eta poliziak gasa jaurti zuen bilkura geldiarazteko.
Honako bost langile hauek metrailatu eta hil zituen Espainiako poliziak: Pedro Maria Martínez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Santiago José Castillo eta Bienvenido Pereda. Langile asko zaurituta gelditu ziren, eta beste zenbait atxilotu eta espetxeratu egin zituzten.
Fraga Iribarne erantzule nagusi
Martxoaren 3ko Elkarteak eta baita euskal alderdi politiko eta sindikatu gehienek ere, gertakari hura gertatu zenetik bertatik adierazi izan dute langile sarraski haren erantzule nagusia Fraga Iribarne izan zela, Galiziako Xuntako lehendakari ohi eta Francoren ministro ohia, alegia. Hain zuzen ere, garai hartan Fraga zen Gobernazio Ministerioaren buru eta, beraz, polizia indarren buru ere bai. Hortaz, bera izan zen polizia espainiarrek »garai hartako «grisak» eta orain «polizia nazionala» denak» egindako sarraski haren erantzule politikoa. Berekin batera beste erantzule bat ere badago: PPren bidez gaur egun demokraziara «itzuli» den eta hainbat enpresaren lehendakaria den Martín Villa ministro frankista ohia, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiaren buru zena.
1976ko martxoaren 3a Gasteizko langileen greba eta mobilizazio eguna izan zen; asanbladan eratutako plataforma lortu nahi zuten, bertan euren diru, gizarte eta lan aldarrikapenak biltzeko. Ia egunero bezala, orain dela hogeita hamar urteko martxoaren 3. hartan langileak asanbladan bildu ziren Zaramaga auzoko San Franzisko elizaren barruan. Egunero, asanbladaren bidez, han aztertzen zuten grebaren bilakaera eta bertan planifikatu eta erabakitzen zituzten hurrengo egunetan gauzatu beharreko ekintzak. Patronalak langile mugimendu sendo eta batuari egin behar zion aurre. Beti bezala, estatua patronalaren alde jarri eta langile eta herritarren mugimendu hura geldiarazten ahalegindu zen.
Eliza gaseztatu eta langileak metrailatu zituzten
Horretarako, martxoaren 3. hartan polizia dispositibo indartsu bat bidali zuten Zaramagako elizaren ingurura, elizaren barruan egiten ari ziren asanblada indarrean deuseztaraztera. Langileek asanblada utzi nahi izan ez zutenez, polizia espainiarrak elizaren barrualdea gaseztatu zuen, eta langileek arrapaladan atera behar izan zuten elizatik. Irteera azkar hartan poliziak su armak ere erabili zituen, eta horren guztiaren ondorioz, bost langile hil eta beste hamarka zauritu ziren.
Zorionez, zinta magnetofonikoan grabatuta gelditu ziren une zehatz haietan polizia agintarien artean bidalitako mezuak, eta horixe da hildakoak eta zaurituak eragin zituen poliziaren esku-hartzearen aurkako frogarik garrantzitsuena. Zinta hori dagokion epaitegian dago froga gisa. Alabaina, gaur egun, hogeita hamar urte beranduago, «justiziak» ez dio oraindik inori egotzi erantzukizun penala eta estatuak ere ez die erantzukizun politikorik egotzi ekintza haiek prestatu zituzten eta oraindik bizirik eta lanean diharduten haiei. Hauxe dugu gerra frankista eta berorren diktaduratik hasi, trantsiziotik pasatu eta gaur eguneko aldi «demokratiko»ra arte Euskal Herriarekin lotura duten beste kasu asko eta askotako bat.
Filma eta Lluis Llach katalanaren kontzertua
Orain dela 30 urte Espainiako poliziak Gasteizen egindako sarraskiaren urteurrena dela-eta, bi gertakizun garrantzitsu izango dira aurten. Alde batetik, datorren martxoaren 3an Lluis Llach kantautoreak kontzertu handia emango du Arabako hiriburuan. Donostiako Orfeoia izango du ondoan. Llach-ek zerikusi handia du duela hogeita hamar urteko data harekin. Izan ere, bere lanik ezagun eta hunkigarrienetakoa sortu baitzuen biktima haien omenez: Campanadas a morte.
Bestalde, martxoaren 3ko gertakariak kontatuko dituen filma prestatzen ari dira; filmaren hari nagusia Lluis Llach beraren bizitza izango da, Parisetik 1976an itzuli zenetik hasita. Filma egiten ari den taldea katalana da eta Lluis Danés da zuzendaria; 2004. urtearen bukaeran hasi ziren grabatzen. Lehengo urtearen bukaeran, martxoaren 3. hartan Gasteizen bertan egon ziren langileei eta Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko kideei egindako elkarrizketak grabatu zituzten. Filmaren formatua dokumental musikatua izango da, eta egileek Donostiako Zinemaldiko hurrengo edizioan aurkeztu nahiko lukete. Horren ondoren, ohiko zirkuitu komertzialetan banatuko dute filma.
Biktimen elkarteak baldintzak jarri ditu Arabako domina onartzeko
1976ko martxoaren 3ko gertakari haiek ez ahazteko, biktimen oroimenez, eta ekintza haien erantzukizun penal eta politikoak garbitzea lortzeko helburuarekin sortu zen Martxoaren 3ko Biktimen Gasteizko Elkartea. Biktima haien familiartekoek, lagunek eta LAB eta ESK-ko sindikalistek parte hartzen dute bertan. Elkartea eratu zenetik bertatik dabiltza Arabako, Euskal Herriko eta baita Europako instituzioetan ere lanean eta erantzukizunak eskatzen. Ahaleginak ahalegin, ez dute gauza handirik lortu; ez behintzat aipatutako helburuak eta lortutakoa alderatzen baditugu.Testigantzazko aintzatespen interesatuak izan ezik, apenas lortu dute besterik instituzioengandik. Gasteizko Legebiltzarrean ere ez dute elkartea onartu terrorismoaren biktimen ponentzian, orain arte ez behintzat.
Gauza bat behintzat lortu dute: Arabako Foru Aldundiak, Biltzar Nagusiek eskatuta, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteari Arabako Domina ematea erabaki zuen joan den abuztuan, «erakundearen aitorpen gisa eta 1976ko egun hartan Gasteizen gertatutakoaren biktimei ordain morala emateko». Domina hori gertakari larri haien hogeita hamargarren urteurrenean ematekoa da.
Alabaina, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak ez du parte hartu nahi gaur egun Arabako Foru Aldundia kudeatzen duen PPren eta bertako buruen «komedia» eta «irudi garbiketetan». «Ohore handia da Arabako instituzio nagusiak ematen duen sari handiena jasotzea» diote, baina hala ere «paradoxa da PP alderdiko Rabanerak ematea sari hori; izan ere Fraga Iribarnek, ankerkeria ikaragarri haren erantzule politiko nagusiak, sortu baitzuen PP eta gaur egun bera baita bertako ohorezko lehendakaria».
Horregatik, elkarteak, Arabako diputatu nagusiari bidalitako gutun ireki baten bidez, baldintza bat jarri du Rabanera diputatu nagusiak saria beraiei emateko: «bai berak eta bai PPk era formal eta agerian eska dezatela orain dela hogeita hamar urteko gertakariak argitu eta ikertu daitezela, eta erantzuleek -Fraga Iribarne, Martín Villa, eta abar, inolako zigorrik jaso gabe dauden horiek- egindakoa ordain dezatela». Hala egin ezean, elkarteak pentsatuko du PPk eta bertako buruzagiek «hiritarren aurrean irudia garbitu besterik ez dutela egin nahi, erabat hipokrita izango den eta benetan sentitzen ez duten ekitaldia prestatuz». Adierazi dute kasu horretan ez dutela ekitaldian parte hartuko, «errealitatea islatzen ez duen komedia» ez dutela antzeztuko.