Ahots fidagarrien entzule leialak


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ibai iruindarra da, 26 urte ditu eta lanean ari da. Irratia gehienbat autoan doanean jarri ohi du eta alde batetik bestera asko mugitzen denez, azkenean dezente entzuten duela dio. Etxean ere entzuten du, gauean ohera sartzerakoan eta batik bat goiz partean, esnatzeko eta logela txukuntzen eta janzten ari den bitartean. Ibairen antzera, asko dira esnatzeko irratia aukeratzen dutenak, goizean entzuten baita gehien, «informatzeko eta tertuliekin haserretzeko edo hunkitzeko», azaldu digu Felix Linaresek. Linaresek aurten 40 urte egin ditu irratian eta beraz, esperientzia luzea du komunikabide horretan. Arratsaldeari dagokionez, entzule kopuru handiena gazteek osatzen dutela gaineratu du, eta gazteek batez ere musika entzuten dute irratian.

Pedro Barea EHUko Ikus-entzunezko irakasleak ere gauza bera esan digu: gazteek irratian musika kontsumitzen dute eta zehazki, kontsumorako musika, egungoa. Hori da beste hainbat laguntzailerekin duela bospasei urte 500 bat gazte elkarrizketatuz burutu zuen azterketaren emaitzetako bat. Hala ere, ikerketen arabera ez dira gazteak irrati kontsumitzaile handienak. Jarraitasunarekin eta maiz irratia entzun ohi duen pertsonaren profila 50-55 urte inguruko emakumea da, adin horrekin oraindik asko direlako etxean lan egiten duten emakumeak eta etxean irratia konpainia da. Gainera, adin horretako jendeak irratia aisialdiarekin lotzen du, «ez dute telebista gazteek bezainbeste bizi izan», dio Bareak.


Zappingik ez

Irratia maiz entzun arren, askotan oharkabean entzuten dugu, beste zerbaitetan ari garela; lanean nahiz ikasten. Lagun egiten digu, normalean bakarka entzuten baita. Bareak hainbat kideren laguntzaz egindako ikerketaren arabera, irrati bat aukeratu eta berau mantentzea da ohikoena, ez dago zapping egiteko ohiturarik. Telebistan, esaterako, urrutiko kontrola berehala sortu zuten, irratian ez bezala, eta irratian iragarkiak egonagatik jendeak ez du normalean diala aldatzen. Fideltasuna handiagoa da, dudarik gabe. Entzuteko lekuari dagokionez, ez dago irratia entzuteko toki berezirik -telebista egongelan edo sukaldean egon ohi den moduan-: «Irratia leku guztietan entzuten da eta ez da inon entzuten», laburtu du Bareak. Autoa, ohea, etxea edo lantokia entzuleen gustuko izan ohi dira, baina egun, aurikularrei eta MP3ari esker oso ohiko bihurtu da paseatu, korrika egin edo autobusean joan bitartean irratia entzutea.


Gero eta gehiago aukeratu eta grabatuko da

Ohiturak, ordea, urtetik urtera aldatzen ari dira. EHUko duela bost urteko ikerketak egiaztatu zuen gazteek bideoak grabatzeko edo egunkari zatiak gordetzeko ohitura zutela, baina ez irrati saioak grabatzekoa; jendeak ez zuen fonotekarik. Ordutik, teknologia berriei esker irratiak jasan duen bilakaera nabaria izan da. MP3ak edo Internetek irrati emankizunak jaisteko eta grabatzeko eskaintzen dituzten aukerei esker, irrati esperimentalagorantz goazela dio Bareak. «Pixkanaka, irratia piztu eta dagoena entzutea ez da irratia kontsumitzeko era bakarra izango, nahi duguna aukeratuko dugu, komeni zaigun unean entzuteko». Egun oraindik gazteak ez dira oso entzule selektiboak, ohiturak mantentzen dituzte, diala aldatu gabe, baina aukeratzea eta grabatzea ohiko bilakatuko da. Gainera, geroz eta sarriago, ordenagailuan entzuten dugu irratia eta ordenagailuak zehazki nahi duguna hautatzeko aukera hobea eskaintzen du, mundu osoko irratiak eskura baititugu bertan. Lehen gurekin komunikatzeko modurik ez zuten lekuekin konektatzea erraza da dagoeneko.

Irratiaren edukiak eta entzuleen gustuak ere aldatzen joan dira denborarekin. 60ko hamarkadan FMak agertzearekin batera edukietan eman zen aldaketa handia nabarmendu du Linaresek: «Trantsiziotik 80ko hamarkada erdialdera arte egungo eredua zehaztu zen». Azken 20 urteetan, ordea, irratia funtsean ez dela aldatu aitortu digu esatariak. Azken finean, betidanik informazioa izan da batik bat entzuleak komunikabide honetan bilatu duena eta gaur egun ere bilatzen duena. Informazio motarenganako interesa berriz, garaiaren araberakoa dela dio Bareak. «Une honetan, esaterako, informazio politikoarenganako interesa ahuldu egin dela uste dut. Ikerketen arabera gazteek, orokorrean, ez dute politikarenganako interesik eta informazio lokala, aldiz, asko jarraitzen da irratian».


Informazio sinesgarria eta berehalakoa

Linaresek azaldu digunez, orain irratsaio gehienak zuzenean egiten dira -lehen ia dena grabatzen zuten-, eta horrek berehalakotasuna ematen dio irratiari. «Irratia entzuten egonez gero, zerbait gertatzen baldin bada une horretan bertan kontatuko diotela uste du jendeak, sentsazio hori oso zabaldua dago». Konnotazio positibo horri gehitu behar zaio publikoarentzat oro har telebistak baino sinesgarritasun handiagoa duela irratiak. Linaresen esanetan, Trantsizio garaiko eragina izan daiteke, irratiak sistemari burla egiten zion garaikoa. Berak, adibidez, orduan Herri Irratian egiten zuen lan eta informazio lokalaren aitzakiarekin informazio politikoa eskaintzen zuten, horren ondorioz arazoak izan bazituzten ere. «Irratia arriskuarekin eta egia kontatzeko gogoarekin lotu zuen jendeak eta hori ondorengo belaunaldiei helarazi zaie». Horri gehitu behar zaio realityek eta saio arinek telebista kutsatu dutela eta horrek ikus-entzuleak telebistaz duen irudian eragin duela, informatiboki ona izan arren. Telebistaren hoztasunaren aldean, irratiaren gertutasuna bilatzen du jendeak. «Irratia iritzigilea da, agian hotzagoa edo neutralagoa izan beharko luke -dio Bareak-, baina aldi berean horregatik bereganatu du jendearen arreta eta interesa».


Entzuleak adinka

Iruñeko Ibai, esaterako, entzule fina da eta informazioa eta berehalakotasuna dira irratian gehien atsegin dituen ezaugarriak, «komunikabide oso fidagarria delako eta protagonistak entzuteko aukera ematen duelako». Kirol emankizunak ere entzun ohi ditu irratian, zuzenean: «Beste komunikabideetan ez bezala -dio Ibaik-, hainbat tokitan gertatzen ari dena aldi berean ezagutzeko aukera eskaintzen du, futbol partidetan adibidez». Baina irratia ez da soilik informazioa. Joxepa Ezkion bizi da, baserrian, eta 84 urte ditu. Irratia aspalditik entzuten du, eta betidanik erlijio kontuak entzutea izan du gogokoen: goizeko meza, arrosarioa, hildakoen eskelak. Eguraldiaren iragarpena eta jendeak eskatutako abestiak entzutea ere gustatzen zaio, normalean Segura irratian. Goizetan entzun ohi du, sutondoan eserita edo sukaldeko lanak egin bitartean eta noizbait zorion agurren bat ere eskatu izan du.

Haurren artean, berriz, irratia entzuteko ohitura galtzen ari dela esan digu Bareak. Lehen haurrei zuzendutako saio ugari zegoen eta txikienek aisialdian irratia entzutea gustuko zuten, baina oro har, «orain telebista baino ez dute ikusten». Irungo Junek 14 urte ditu eta jada haurra ez bada ere, belaunaldi berrien joera horren adierazgarri garbia da. Telebista nahiago duela dio, irratia ez zaio entretenigarria iruditzen eta autoan doanean baino ez du entzuten, gurasoek ipintzen dutelako. Normalean kirol saioak entzutea egokitzen zaio.


Etxeko ahots bat gehiago

Kirola, informazioa, eguraldia edo arrosarioa entzuteaz gain, irratia bakardadean konpainia ederra dela nabarmendu dute elkarrizketatutako entzuleek. «Beste edozein komunikabide baino zuzenagoa eta pertsonalagoa da», dio Ibaik. Barearen ikerketak ere hala dio: irratiko izarrenganako fideltasuna handia da entzuleengan eta esatariaren eta entzuleen artean ia-ia harreman afektiboa sortzen da hainbatetan. Harreman horri buruz asko daki Felix Linaresek: «Hasieran esataria ‘gu’tik ‘zu’ra zuzentzen zitzaion entzuleari; gero, ‘gu’tik ‘hi’ra eta 80ko hamarkadaz geroztik, ‘ni’tik ‘hi’ra. Azkenean, entzulearekin etxekotasuna, konfiantza sortzen da eta berak hurbileko norbait bezala ikusten zaitu». Linaresek 20 urte baino gehiagoz bere jarraitzaile izan diren entzuleak ezagutzen ditu. Orain, gainera, telebistan ere ari da. Tabernari batek, adibidez, duela 25 urtetik jarraitu du Linaresen ibilbidea, Herri Irratian zebilenetik, eta tabernariaren anaia aldiz, ETBn aurkezten duen saioaren zalea da.

Esatariaren eta entzulearen artean harreman estua sor daiteke. Normalean, gai berak gustatu ohi zaizkie eta antzeko gustuak izan ohi dituzte. «Ziurrenik, duela 25 urte irratian entzuten ninduenak jartzen nuen musika gustuko izango zuen», dio Linaresek. Dena den, gustu bera izatea ez da ezinbestekoa esatariaren eta entzulearen arteko harremanean. Duela gutxi, gaia edozein dela ere Linaresi entzutea beti terapeutikoa dela idatzi zioten foroan eta hori «inori egin dakiokeen laudoriorik handiena» dela esan digu. Azken finean, ahots ona izatea ere garrantzitsua da jendea erakartzeko, baina oinarrizko faktorea beste bat da: «Sinesgarritasuna; hau da, zarena lanean ez aldatzea eta denei gustatzeko beharrik ez izatea, batez ere ezinezkoa delako». Guk, arrazoiak arrazoi, etorkizunean ere auto-ilaretan, lanean, metroan nahiz hondartzan irratia alboan izango dugu, tuneletan izan ezik inoiz bakarrik uzten ez zaituen laguna baita irratia.

Bibrazio berriak uhinetan
Akaso Euskal Herrian dagoen entzule eta informazio kopuru handiak eraginda, azken urteetan irrati txiki eta libre ugari sortu dira gure lurretan. Azkenaldian ere izan da mugimendurik. Duela gutxi, esaterako, 1997an sortu zen Bidebieta Irrati librea profesionalizatu egin da eta web orrialdea estreinatu du. Hala, Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzietako ikasleek hasitako egitasmoa egi bihurtu da. Egi bihurtu den beste proiektua Azti-begia elkartearena izan da. Elkarteak bultzaturiko Info7 Irratia urtarrilaren 27an jarri zen martxan, oraingoz Interneten soilik entzun badaiteke ere. Informazioa, musika eta magazinak ardatz hartuta, uhinei pluraltasuna ekarri nahi izan die Euskal Herri osorako pentsatu eta egin den irratiak.

Irrati kontsumitzailearen profila
AIMC elkartearen arabera Espainiako Estatuan irratia gehien entzuten duen erkidegoa EAE da: Espainian batez beste pertsonako 115 minutu entzuten dira egunean eta EAEk 135 minutuko batez bestekoa eta Nafarroak 119koa dute. Zergatia arrazoitzeko orduan Linaresek eta Bareak bat egin dute: Euskal Herriak informazio asko sortzen eta esportatzen du eta halaber, informazio asko kontsumitzen du. Informatuta egotera ohituago gaude hemen eta gainera, informazio politikoa eta lokala bereziki ondo eskainia dagoela uste du Bareak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irratia
2024-10-28 | Leire Ibar
Ipar Euskal Herriko irratien biziraupena “arriskuan” Frantziako Gobernuaren murrizketengatik

Frantziako Gobernuak aurkeztu duen 2025eko finantza lege-proiektuaren arabera, irrati elkarteek jasoko duten laguntza ekonomikoa %35 murriztuko da. Murrizketak, hamar milioi euro gutxiagoko diru-laguntza jasotzea suposatuko luke. Irratien elkarteak esan du "lurraldearen... [+]


2024-05-03 | ARGIA
Esan erran irratiaren 25 urteko ibilbidea jasotzen duen dokumentala gaur estreinatuko dute Larraintzarren

Nafarroako euskara hutseko irratiak 25 urte bete ditu eta Dialeko azkenak dokumentalean bildu dute bere ibilbidea. Maiatzaren 3an Larraintzarren estreinatuko dute, eta hurrengo asteetan Aizarotzen eta Erason egongo da ikusteko aukera.


2024-04-02 | ARGIA
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik

Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]


Eguneraketa berriak daude