Uxue Apaolaza: «Gaizki gaudenean denak gara gaiztoak»


2021eko uztailaren 12an
Zeuk aitortua da irakurlea oso eroso ez gelditzeko moduko liburua idatzi duzula. Zergatik?
Nik hor islatu nahi izan dudan errealitatea ez da bereziki baikorra. Izan ere, idatzi nuenean neukan begirada nahiko etsia zen. Beraz, irakurleak liburua irakurtzean ondo pasatzen badu, porrota da niretzat. Plazerra senti lezake, baina harekin batera nolabaiteko mina jasotzen badu, hobeto. Dena den, hori irakurleak erabaki behar du, noski.

Ipuinotan egunerokotasunean gertatzen diren gorabeherak azaltzen dituzu, baina ondorio ankerrenetara eramateko edo...
Beharbada bai, ez dakit. Uste dut gaizki gaudenean, edo egunerokoa eraikitzen dugunean konturatu gabe geure burua traizionatu egiten dugula. Agian egunerokoa arrunta da, baina isiltasunez betetzen dugu, eta isiltasun horiek izan dira nik, bolada txar bat pasa eta gero, neure buruari puskatu behar izan dizkiodanak. Ziur aski horiexek dira liburuan azaldu direnak. Barruko kontraesanak begiratzen hasteak beti ematen dizu mina. Eta zuk zure autotraizioak aurkitzen dituzunean, zeure buruarekin haserretzen zara, eta batzuetan autopenitentziak jartzen dizkiozu.

Hemezortzi ipuin dira denera. Lehenbizikoak, Bueltak, oso zintzoa ez den neska baten sexu harremanak ditu gai.
Uste dut emakume bezala badauzkagula gizarteak ezarritako rol batzuk, zenbait momentutan pisu handia dutenak gugan. Dualtasun horretan bizi garela, badakigu dagokigun rola zein den, feminitatearena-edo, baina, noski, bizirauteko batzuetan guk ere rol horiekin jolastera jotzen dugu, gure alde, gure kontra, eta azkenean ez dakit identitatea non gelditzen zaigun ere. Batez ere gizonen begiradarekin jolasten dugunean edo depilazioaren kontua, edo aurkezpen batera joan behar dugunean geure irudiari ematen dizkiogun bueltak. Uste dut Bueltak galdera horietatik atera zitzaidan ipuina dela.

Horko emakume protagonistak dioenez, gizonak ama gaztetu ahal balu, zakilkatuko lukeen lehen bagina huraxe izango litzateke. Hala al da?
Kar-kar. Momentu horretan neska hori nazkatuta dago gizonekin. Hori da emakumeei ezarri zaigun beste gauza bat: emakumeok hezitzaileak izan behar dugula gizonekin ere. Bikotea bilatzen dugunean ere, ematen du gizonek amesteko edo bizitza libreago bat egiteko askeagoak direla. Eta neska bilatzen dutenean ere ama bat bilatzen dutela, batzuetan behintzat. Ipuin horretan neska amaren rola egiten ari da, baina bere sen sexuala beste nonbaitetik doa.

Sexuaren kontua hainbat kontakizunetan ateratzen da. Batean irakurria: gizonek mihi sendoa behar dutela. Eta, beno, oro har, liburuko gizonek alua miazkatzea oso gustukoa dute. Errealitatean egia ote hori?
Kar-kar... Ez, ez! Hori ez da egia. Eta gainera, maiz, azkeneko helburura iristeko egiten dute: sartzeko! Berez, sexualitateak plazer eremua izan beharko luke. Gizon eta emakumezkoen arteko sexu harremanetan, ordea, uste dut zakilari inportantzia asko ematen zaiola, gehiegi. Sexu harremanetan, intimitate horretan, nire ustez rolak askoz gehiago nabarmentzen dira. Gozatzeko gaude, baina, hala ere, rol horiek gainean dauzkagu oraindik, eta gizonak paper bat dauka, eta emakumeak bestea. Eta uste dut horrek pisu handia duela emakumezkoengan zein gizonezkoengan: gizontasuna erakutsi behar hori eta abar. Ligatzeko orduan, sexu harremanetan... nago gero eta gehiago lehia klabeetan funtzionatzen dugula. Eta iruditzen zait ipuinetan dauden pertsonaiek gainditu egin dituztela pixka bat rol horiek, eta beldurtuta daudela horregatik, eta jakina, beldurtuta gaudenean oraindik gehiago egitera jotzen dugu batzuetan...

Sexuaren gaia alde batera utzirik, Umeek gezurra esaten dutenetik liburuan bada bestelakorik. Adibidez, Espaloia bezalako narrazio borobila: urrats bat emateko gai ez den amona okertuaren eta haren zaintzailearen atzetik zaku pisu bat gainean derrigor joan behar duen eraikuntzako gaztearena.
Borobila esan duzu? Kosta zitzaidan borobiltzea! Zikoizkeria hori... Uste dut ipuin horretan nekea nabarmentzen dela, denen bizi nekea: zakua gainean duenarena, neska zaintzailarena... Izan ere, beti irudikatzen da amona gajoa. Baina gaizki gaudenean denok gara gaiztoak, eta gaizto garenean zikoitzak ere bagara, eta nahi duguna da pisu hori gainetik kendu. Uste dut ipuin horren helburua tentsio hori sortzea zela. Ez naiz iritsiko, baina ez naiz iritsiko inora.

Nola egiten duzu zuk egunerokotasunaren xehetasunetan horrelako arreta jartzeko?
Ez dakit. Beharbada gustuko dudan literaturarekin lotua dago, Carver-ek eta horiek horrelako literatura egiten dute. Nire ustez drama handienak egunero bizi ditugun gauza txiki horiek dira. Konponduko bagenitu, edo jakingo bagenu geure buruarekin hitz egiten eta ondokoarekin komunikatzen, arazo askoz gutxiago edukiko genuke. Baina hori da gure lehenengo drama. Geure buruari gezur piloa esaten diogu, askotan erabakiak ez hartzeagatik, iruditzen zaigulako erabakirik hartu gabe ez dugula erabakitzen. Baina erabakitzen dugu, jakina, eta azkenean iristen gara norabait, baina norabait hori ez da guk nahi genuena, eta distantzia gero eta handiagoa da, gero eta mingarriagoa. Gordinik ipuinean hori zen transmititu nahi nuena: noiz bihurtzen da ezezagun zurekin bizitzen ari den pertsona, edo zeure burua? Horregatik aipatu ditut eguneroko gauza txikiak, niretzat drama handienak haiek direlako.

Familia harremanetan ere gezur asko al dago?
Bai. Familia, azkenean, ez dugu geuk aukeratu. Daukagu. Eta sinestu behar dugu gure familiako guztiak oso pertsona onak direla, baina ez du horrela zertan izan behar. Eta aztertzen hasten garenean -gaztaroan edo- zein den gure ama edo gure aita pertsona bezala, ez dakigu! Iruditzen zait, gainera, gero eta gehiago urruntzen ari garela ez bakarrik seme-alabak gurasoekiko, baita gurasoak seme-alabekiko ere. Etsita dagoen pertsona beti da egoista, eta egoismo, indibidualismo eta atomizazio hori sentitzen dut asko, leku guztietan. Nik ezin dut ulertu maitasun harreman bat lehiakortasunean oinarrituta hastea, ia ezinezkoa iruditzen zait. Bestalde, uste dut amatasuna, aitatasuna mantsoagoak direla, urte eta dedikazio asko eskatzen dizutela, eta galtzen ari direla, zeren ez digute promozio pertsonal horretarako balio. Eta deprimituta dagoen pertsonari are gutxiago, inguruko guztiak molestatzen dio-eta, batez ere eman beharra baitu, inguruak ez diolako ezer ematen. Hala iruditzen zait behintzat. Eta uste dut liburu honetako pertsonaiak ez dutela ezer ematen, oso berekoiak direla. Berekoikeri hori azaldu nahi nuen, ez nuen esan nahi "jendea gaiztoa da", hain ona ez dela baizik.

Gasteiz "diskretuan" -zure hitzak dira- bere buruaz beste egiten duen mutil gazteari buruzko ipuina idatzi duzu.
Eta gainera ez du egin nahi! Amaren arreta pizteko egiten du bere buruaz beste. Egia da Gasteiz oso hiri diskretua dela, eta niri hiri diskretuak Suedia eta horrelako herrialdeak ematen didaten sentsazio berdina ematen didate: hain dira aseptikoak, hain isilak, zer gertatzen ote da hor atzean?

Liburuan atera dituzun hauek al dira zu gehien mintzen zaituzten gaiak?
Ez, hau ez da egunkari bat. Urruntasunetik begiratzeko gai naizen arazoak dira, nik pixka bat gaindituta ditudanak-edo, fikzio bihurtzeko gai naizenak. Mina oso bizia denean, ni ez naiz gai hura fikzio bihurtzeko. Etsita baldin banago, nik ezin dut idatzi, ezin dut emateko ekintza hori burutu. Uste dut behin pasa eta gero idatzi behar dela, jada min horiek distantzia batetik begiratzen hasten zarenean, zeren bestela juzgu moralak botatzen ariko zinateke denbora guztian, errua beti besteei botatzen.

Idazten jarraitzeko asmoa izango duzu, noski.
Idazten jarraitzekoa bai; argitaratzekoa, ez dakit. Nik ezin dut argitara eman neronek irakurriko ez nukeen liburu bat. Hori da neure buruari jarri diodan konpromiso nagusia.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude