Net Hurbil: India globalizatua, lurralde bat eta bi mundu


2021eko uztailaren 19an
Lakshmi Mittal-en aginduetara ariko dira laster Euskal Herriko 4.000 langile, Mittal Steel enpresak Europako altzairugile nagusia den Arcelor erosteko erabakia gauzatzen baldin bada. Globalizazio neoliberalaz dugun irudiaren baitan ulertzen genuen, Txinan eta Hego Amerikan euskal nagusien (berdin kooperatiben) mende aritzea milaka behargin. Aldiz, gure fabrikak Indiako batek erostea txokante egiten da.

Egia esan, Mittal Steel enpresa ingeles-indiarra dela diote, eta batek daki bere baitan daraman kapitala nongoa ote den. Hala ere, herritarroi operazio ekonomiko honek balio izan digu gaurko India deskubritzeko.

Britainia Handiko ezkertiarrentzako erreferentziazkoa den komunikabide batek, The New Statesman astekariak, dosier nagusia eskaini berri dio Indiari. Munduko bigarren giza-multzo handienari dagokionez, alde ezberdinetatik saiatu da kazeta hori India erraldoiaren iraganean eta gaurko errealitatean arakatzen. Artikuluetako bat, One Land, two planets (Lurralde bat, bi mundu), Edward Luce-k idatzi du. Luce iaz arte Financial Times egunkari kontserbadoreak eduki du Asia Hegoaldeko bulegoaren buru. Curriculum horren jabe izanda, zerbait bereziagatik hautatuko zuen The New Statesmanek bere orrietarako.

Artikuluaren hasiera aldean honela dio Edward Lucek: «CIAn, inbertsio bankuetan, mendebaldeko unibertsitateetan eta negozioen prentsan ari diren ekonomi-futurologoek diote Txinak eta Indiak XXI. mendeko uneren batean, munduko ekonomiaren nagusitasuna hartuko dutela. Washingtongo zenbait inteligentzia erakundetan uste dute Txinak AEBak 2030 eta 2040 artean harrapatuko dituela, eta Indiak 2050 inguruan. (...) Beraz, etorkizuna asmatzea ez da zaila. Baina jakintsuak eztabaidan hasten dira hori zein epetan gertatuko den erabakitzerakoan. Indiaren urteko hazkunde tasa bi puntu gorago edo beherago kalkulatzeak une hori 2050era aurreratzen edo 2090era atzeratzen baitu. Jakina, horrela gertatuko da baldin eta hirugarren aukera bat jazotzen ez bada: Hiesaren kontrako borrokan huts egiten duela edo gerra nuklear batean sartzen dela, Pakistanen kontra adibidez».

India aipatu eta berehala Pakistanez gogoratzen garela mendebaldarrok, horretaz kexatzen omen dira diplomatiko indiarrak. Haiek, aldiz, Txinarekin uste dute ari direla konparatzen eta konpetitzen. Txinak bezala, ekonomi hazkunde oso handiak baitauzka urtero Indiak, %6tik gorakoak. Baina beti ez da horrela izan.

1947tik 1991 bitartean urtero batez beste %3,5 inguru hazi zen Indiako ekonomia. Baina garai hartan populazioa %3 handitzen zenez urtean, azkenean %1ekoa zen ekonomiaren hobetzea. 1991tik aurrera ordea, hazkunde tasak %6tik gorakoak izan dira ekonomian eta populazio gehiketa berriz %2an dabil. Hazteko eskema berri honetan (1991n Indian ezarritako politika neoliberalei esker, esango du Edward Lucek, bere belarri ideologikoa erakusteko konplexurik gabe) 15 urte behar ditu Indiako ekonomiak bere indarra bi halakotzeko.

Makroekonomiako datuek erakusten duten hazkunde irudi horrek badu bere ifrentzua: ez da munduan beste lekurik Indian adina pertsona txiro bizi denik. 300 milioi jende bizi dira hemen egunean dolar bakar bat baino gutxiagorekin; Munduko Bankuaren irizpideen arabera, txirotasun erabatekoan. Populazioaren herena bizi da Indian maila beldurgarri horretan; Txinan aldiz 85 milioi. «India ariko da software merkatuaren gero eta zati handiagoa harrapatzen, eta bere manufakturek muturra sartuko dute farmazia edo auto osagaien esportazioetan, baina aldi berean, indiar multzo izugarria beste planeta batean bizi dela dirudi». Planeta horren alde distiratsutik iritsi zaigu Lakshmi Mittal.


Erbi txinatarra ala dortoka indiarra?

Txina eta India oso ezberdin ari dira jokatzen globalizazioaren partida. Indiak argi eta garbi zerbitzuen alorrean lehiatzen du: softwarea, enpresen back-office delakoa (korporazioen telefono bidezko arreta, kontabilitatea, sistema informatikoa eta abar eramatea) eta azpikontratazioetan. Ahaztu gabe bankuak, zerbitzu medikuak, Bollywood eta beste komunikazio enpresak eta publizitatea. Indiako Barne Produktu Gordinaren %55 zerbitzuek metatzen dute, eta industriak %25.

Txinan alderantziz gertatzen da, han manufakturak dira oinarri. Gehienetan atzerriko multinazionalekin elkartuta, Txinako konpainiek «gauzak» ekoizten dituzte: jostailuak, autoak, janzkiak, tresna elektronikoak... eta mundu osora esportatzen. Alde horretatik osagarriak dira biak: Indiak zerbitzuak esportatzen ditu, Txinak berriz, gauzak. Ondorioz, Txinan 100 milioi langile ari dira fabriketan, eta Indian aldiz zazpi milioi.

Indian 470 milioi pertsonak osatzen dute lan indarra. Aipatu ditugun industriako zazpi milioi beharginez gain, subkontratazio eta software industrian milioi bat indiar ari dira lanean, besterik ez. Mendebaldean diogu azpikontratazio horietan ari direnak esklabo modernoak direla, eta gure neurrietan hala dira; baina Indiatik bertatik begiratuta, milioi hori erdi mailako klasean kokatuta dago.

Zerbitzu sektorea izugarri hazi da azken hamarkadan, Indiak munduan lehiatzeko osagaiak eskaini dituelako: ikasketa maila handiko pertsona tituludunak, ingelesez mintzo direnak, ingeniariak usuenean, baina baita diseinatzaile, administratzaile eta bestelakoak ere, Mendebaldeko profesionalek baino askoz gutxiago kobratzen dutenak.

Indian bizi diren 1.100 milioien bi herenak nekazaritzatik bizi dira. Iaz, ia 400 milioi nekazari indiarren artean, 150.000 milioi dolarreko aberastasuna ekoitzi zuten. Eta Informazio Teknologietan (IT) ari diren milioi bat indiarrek berriz, 25.000 milioiko aberastasuna sortu zuten, gehienak esportaziotan. Edward Lucek kontuak atera eta dio ITetako langileotako bakoitzak nekazari baten 65 halako aberastasun eragin zuela.

Diru zenbaki horiek erakusten duten etena agertzen da gero herritarren eguneroko bizimoduan. Indiak bonba atomikoak baditu -ziento bat, uste denez- horiek garraiatzeko misilak ere bai, bere satelite sistemaren jabe da eta 2010erako gizona eraman nahiko luke Ilargiraino, Txinak nahi duen moduan. «Bitarte horretan (dio Lucek) Indiako emakume gehienek egun argia joan eta ilundu arte itxaron behar dute naturak ezarritako beharrak egiteko. Indiako etxeetan herena ere ez dira komuna dutenak. Apenas badagoen komun publikorik».

Txina eredu klasikoaren arabera ari da hazten: nekazal kapitalismotik hasi, ondoren manufaktura merkeetan sartu, orain balio erantsiko produktuetan hasi da, eta pentsatzekoa da laster zerbitzuak indartuko dituela. Indiaren hazkundeak ez dauka linealtasun hori: Indiako ekonomian ikusten dira sakabanatuta uharte batzuk high-tech motako lan sofistikatua egiten dutenak, oraindik erdi-feudalismoan murgildutako itsasoaren erdian. Puntako teknologia guneak biztanleen erdiak, oraindik, etxean argindarrik ez daukan lurraldean.

Txina eta Indiaren arteko beste ezberdintasun nagusia sistema politikoan datza, noski. Edward Lucek esango lukeenez, «Indiak 1947an bereganatu zuen demokraziaren frankizia, ia industriarik batere ez zuenean eta bere herritarren %16a baino ez zenean alfabetatua. (...) Demokrazia da, munduko naziorik anitzena den India batuta atxikitzeko pagatu beharreko prezioa».

Hain zuzen horregatik uste du Lucek Indiak harrapatuko duela atzetik askoz homogeneoagoa den Txina. Erreforma juridiko eta politiko sakonak egin beharra izango du Txinak, eta horrek ezegonkortasun handiak eragingo dizkio barruan. Baina Indiaren dibertsitate handiak lagunduko omen dio aurrera kontsentsu handiagoz jarraitzen. «Irakurleok (dio Lucek) barkatuko didazue topikoa, baina imajinatu dezaket, egun on batean, dortoka indiarra gai izango dela erbi txinatarrari aurrea hartzeko».

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Osakidetzan egiturazko eta egiazko konponbideak eskatu dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian

Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.


Aroztegiari ezetz esan dio jende oldeak Iruñean, eta auzipetuen absoluzioa eskatu du

Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]


Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Eguneraketa berriak daude