Maria Dolores Arbelaiz: «Internet da mende honetako panazea, baina jendea liburuetara bueltatuko da»


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Nola zen Manterola liburu dendako giroa 1955ean?
Gogoratzen naiz, gazte nintzenean, denda dena liburuz beteta zegoela. Ni, aitari laguntzen arintzen nintzen, enkarguak egiten, fakturak zuzentzen, liburuak ordenatzen... aitari laguntzen beti. Bera zen burua, jakina, eta berak erabakitzen zuen dena. Bera zen jakintsua; ni, laguntzailea.

Zuen aita liburu zalea zen denda ireki aurretik ere.
Bai. Librería Internacional-en lan egiten zuen, Txurruka kalean, Aldunditik bertara. Liburu zaharren zalea zen, eta euskaltzalea ere bai. Garai hartan, Juan Ramon Urkijoren biblioteka erosi zuen, Julio Urkijoren iloba zen Juan Ramon hura, eta horrekin hasi zen liburu zaharren munduan gero eta gehiago. Denda hau irekitzea erabaki zuen: 1955. urtea zen. Denda honetan, aurretik, brickabrack bat zegoen, denetatik saltzen zuen denda haietako bat, baita liburuak ere. Lekua alokatu, eta gaur arte. Hementxe gaude geroztik. 50 urte iaz.

Zer dela eta hasi zinen aitaren ondoan lanean?
Ni ez naiz oso ondo gogoratzen, baina badakit ni gogoan hartzen nindutela lanerako, denda irekitzen zutenerako. Nik hamabost urte nituen orduan, ume mokoa lanerako. Ez altu eta ez baxu nintzen, eta mehe-mehea, pipermina ematen nuen... Denda Manterola kalean ireki zuen, baina hasieran hiru leku zeuzkan aukeran: bata, Alde Zaharrean; bestea, Elkano kalean, uste dut; azkena, hementxe, Manterola kalean. Eta bertan jarri zuen.

Eta zu, haren ondoan, liburu dendan...
Nik hemen lan egingo nuela kontu egiten zuten familian. Sei anai-arreba ginen, bost neska eta mutila. Zaharrena erizaina zen; hori ikasi zuen, baina ez zuen lanik, eta liburu dendan egin zuen lan ezkondu zen arte. 1957. urtera arte. Bigarren ahizpak ere lan egiten zuen, eta gure aitak Librería Internacional hura utzi zuenean, ahizpa huraxe hasi zen aitak utzitako lekuan. Hirugarrena, jostuna zen. Tailer batera joaten zen ikastera, baina gure ahizpa zaharrena ezkondu eta liburu dendatik joan zenean, hirugarren ahizpa hura etorri zen nirekin batera hona lanera. Ni, laugarrena nintzen, eta hasieratik jarri ninduten hemen lanean. Ahizpa gazteenak peritu kimiko ikasi zuen eta Savin enpresaren laborategian hasi zen lanean eta hantxe iraun zuen ezkondu arte.

Bat geratzen zaigu...
Seigarrena, mutila. Orain gurekin dabil beti, baina irakasle da berez. Filosofia eta Letrak, eta Enpresa ikasketak egin zituen, biak batera. Peñaflorida institutuan hasi zen irakasle eta hantxe jarraitzen du. Horixe duzu gure familiaren historia.

Liburu dendaren inguruan denak...
Eta ez anai-arrebak bakarrik. Zer edo zer egin behar zenean, laguntza behar genuenean, denak etortzen ziren, baita ilobak ere. Orain ez da posible denak biltzea, nor bere lekuan bizi da eta.

Zertan da Julio Urkijoren bibliotekarekin zuen aitak izan zuen historia?
Julio Urkijoren biblioteka saldu zenean parte hartu zuen gure aitak. Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zuen biblioteka hori eta gure aita han ibili zen, tartean. Julio Urkijoren ilobarena desberdina izan zen. Juan Ramon Urkijoren biblioteka erosi zuenean, lokala ere alokatu behar izan zuen, dena sartzeko. Orduantxe alokatu zuen denda hau. Ni gogoratzen naiz oso txikia nintzela eta gure ahizpa zaharrena ibili zela gure aitari laguntzen, liburuak ordenatzen eta. Denda alokatu aurretik, etxean bertan zeukan bulegoa gure aitak, dena liburuz betea. Horrela hasi zen.

Etxean?
Gela bat zeukan horretarako aitak. Jendea etortzen zenean, batzuk bisitan eta beste batzuk liburuak erostera, gure amari kafea edo zer edo zer prestatzea tokatzen zitzaion.

Juan Arbelaiz Iñarra zenuten aita. Euskaltzale amorratua omen zen...
Bai, euskaltzale amorratua. Donostiarra zen, Easo plazan jaioa. Aita jaio eta hil zen bere ama, erditzerakoan. Aitonak Easoko izkina batean zeukan taberna. Alargundu zenean Behobiara bidali zuen gure aita, lehengusuekin batera haztera. Gure aitonaren garaiko kontuak! 1914ko Gerra garaian izango zen. Gure aitak kontatzen zuen eskolara joan zela Behobiara, eta han ez zegoela beste mutilik, denak lanean ari zirela. Gure aitak, dena neskaz inguratuta, kakorratz-lana egiten ikasi omen zuen. Hamar bat urte edo izango zituen. Hori kontatzen zuen gure aitak. Behin ere ez dut kontatu hori. Lehenengo berria da, interesatzen baldin bazaizu...



...
Gure aitarengandik beti jaso nuen mezu bat: guk beti euskaraz egitea nahi zuen. Bazituen anaia bat eta bi arreba. Anaia errepublikarra zuen. Gerrakoan, alde egin zuen, Ameriketara. Buenos Airesera joan zen eta hantxe hil zen. Behin bakarrik etorri zen. Joan den mende hasierako kontuak dira horiek ere. Gure aitak buruan zeuzkan dendako liburu denak. Orain niregatik esaten dute. Baina, nire ustez, gure aitak askoz hobeto ezagutzen zuen denda. Bazekien zer zeukan eta zer ez. Titulu guztiak buruan zeuzkan. Titulu bat esaten hasten zinen eta esaten bukatu baino lehen esango zizun bageneukan ala ez. Orduan, ez ordenagailu eta ez ezer, jakina. Papera erabiltzen zuen. Zerrendak egiten zituen, katalogotxoak bezala, liburuen fitxa egiteko. Oraindik biltegian gordeta dauzkagu fitxategi haiek. Denak ez, beharbada, ze Jon Bilbaorekin harremanetan hasi zenean, honi eman zizkion fitxak.

Zuk ere buruan al dauzkazu titulu denak?
Tira! Gure aitaren aldean, ezer ez. Oso alaia zen jendearekin. Horixe esaten zuten dendara etortzen ziren denek, oso sinpatikoa zela, eta oso jakintsua. Berak ezagutzen zituen gaietan, esan nahi dut. Liburu zaharretan.

Gaur egungo liburu dendetan ez da horrelakorik.
Orain, ordenagailuak izanik, ez duzu ezer jakin behar. Nahikoa da bertan begiratzearekin. Kalkulagailuarekin bezala da. Orain ez duzu batuketa egiten jakin beharrik ere. Kalkulagailuari sakatu eta nahikoa da. Ez duzu ezer egin beharrik.

Liburu denda espezializatua zarete: euskal gaia eta antzinakoa dituzue espezialitateak. «Antzinakoa», noizkoa?
Ahal den zaharrena. XVII. mendeko liburua, adibidez. Baten bat izango dugu. Pierre de Lancre-rena ere izango dugu, Larramendiren bat... Zoritxarrez, XVI. mendekoa Etxeparerena besterik ez dugu ezagutzen, eta pasadizoan. Bila ezazu hori!

Axularren faksimila ere baduzue...
Bai, baina hori erraza da bilatzen. Euskaltzaindiak argitaratu zuen. Oso edizio polita eta bitxia. Saldu genuen. Oraintxe ez daukagu batere. Eskatu egin beharko dugu.

Frankismo garaian ireki zenuten denda, 1955ean. Aita, euskaltzalea, euskarazko liburuak saltzen jarduten zuena. Poliziak ere bisitak egin zizkizuen...
Bai, baina behin ere ez dugu problema handirik izan. Erregistro bat baino gehiago, bai, izan dugu. Baina beti izaten zen baten bat, «etorri behar zirela» jakiten zuena. Kar, kar, kar... Abisatu egiten ziguten. Bestela, ezin zenuen dendan ezer eduki, ezta Xabiertxo ere, Lopez Mendizabalena. Gogoratzen naiz nola joaten ginen Antiguako auzora, Alvarez inprentara, Alvarez Enparantza Txillardegiren aita, osaba eta horiek zeukaten inprentara. Lopez Mendizabalek hiru liburutxo zituen ikastolarako eginak eta hara, Alvarez inprentara, joaten ginen bila. Baina Xabiertxo bera ere, gordeta eduki behar izaten genuen. Euskaraz zeuden, ez zeukaten baimenik, eta ezkutuan ibiltzen ginen. Erregistroa egitera etortzen baziren, gordeta izan behar genituen.

Nola jakiten zuten nora eta noiz etorri?
Guk ez genuen behin ere jakin nork esaten zien etortzeko, baina etortzen ziren. Norbaitek esaten zien. Salatariren bat zegoen. Eta etorri egin behar! Hemen bazen inspektore bat, gure aitak lehenagotik ezagutzen zuena, Librería Internacional-en garaitik. Nik ez dakit historia osoa, gure aitak ez zigun eta horretaz askorik hitz egiten. Denbora pasa eta norbera konturatzen da nola ziren gauzak.Tira, inspektore harena ere xelebrea izan zen: behin, Artzeren liburuak bahitzera etorri zen. Sasi guztien gainetik eta Laino guztien azpitik. Bada, inspektore hura bera, erretiratu eta gero, askotan etortzen zen hona, euskal liburuak erostera. Ez zekien euskaraz, baina euskal liburuak maite zituen, benetan. Egunkari zaharrak, aldizkariak eta liburuxkak irakurtzea gustatzen zitzaion.
Joxean Artzeren liburuak bahitzera etorri zen bera?
Bai. Txistea ematen du, ezta? Aginduak izango zituen gizajoak, eta postuari eutsiko bazion, erregistroa egin behar. Edo halakoren bat.

Zer zeukaten Artzeren liburuek? Zergatik bahitu?
Oso arraroak zirela, besterik ez. Dena «lanalanalanalana...». Barregarria da, alde batera, eta gaur egunetik begiratuta. Horrek adierazten du zer zen garai hura. Artzeren liburuak? Poesia abangoardista, ulertzen ez genuena. Ez genuen gaztelaniaz ulertzen, eta are gutxiago euskaraz.

Manterola, batetik, eta gaur eguneko liburu dendak, bestetik. Gaur egun, supermerkatu bihurtu dira kasu askotan. Horko bideo, DVD, joko didaktiko eta hau eta hura...
Saltzea da kontua hor. Beste modu bat da hori. Erosteko ohiturak aldatu egin dira. Jendea ez dator erakusmahaira, mahaiak kendu egin dira, jendea han dabil, batetik bestera, erosten. Horregatik esaten dut beste mundu bat dela, ohiturak aldatu egin direla. Liburu dendak gune handiak dira gaur egun, eta momentuko gauzak saltzen dituzte. Ematen du jendeari hori gustatzen zaiola eta, joan ere, haraxe joaten da jendea.

Zein eta zenbat etortzen dira Manterola liburu dendara?
Gero eta gutxiago. Behar duten dena daukate! Jende berria ere bada, etortzen da, baina kosta egiten zaie hau asimilatzea. Oso arraroa da liburu denda hau. Ez al zaizu iruditzen? «Baina nik zer erosiko nuke hemen?», jendeak esateko moduan.

Hortxe ikusi ditut liburu batzuk, bistan daudenak: Euskalerriaren Yakintza-ren lehenengo edizioa, Barojaren obrak edizio orijinalean, Kirikiñoren Abarrak, Anabitarteren Aprika'ko basamortuan...
Gustatu egin behar zaizu, irakurtzea eta pitxi horiek edukitzea, zeren, nire ustez, pitxiak dira. Nork erosi behar ditu? Pitxiak erosteko zaletasuna eduki behar da.

Pitxiak dira, beraz?
Bai, nire ustez bai. Ea non bilatzen dituzun, hemen ez bada! Etxe askotan ez dago liburu bat ere. Orain, ordenagailua daukate, Internet, eta dena daukatela uste dute. Horixe da mende honetako panazea. Askoren ustez ez dago besterik... Baina zikloak dira. Jendea liburuetara bueltatu arte, bueltatuko da eta.

Handia al da liburu zaharraren merkatua?
Tira, liburu berriak ere sartu behar dira, baina bizi gara. Gaur egun, izugarrizko aukera dago liburuetan, eskaintza handia. Zer egin behar da? Liburuak erosi, eta azkar saldu, gutxiago kobratuta ere. Eta, jasotako dirua, liburu gehiago erosten gastatu. Gu horrela bizi gara eta bizi izan gara joan deneko berrogeita hamar urtean. Ondo bizi gara, luxurik gabe. Bai, nahi nuke yate bat erosi, txalet bat halako lekutan eta hau eta hura... baina horretarako modurik ez dugu, ezta urrutitik ere! Gure kapital dena hemen dago. Hemen diru asko dago sartuta. Jeneroa eduki behar duzu eta, horretarako, erosi egin behar da. Gainera, gaur egun, bibliotekak erosteko aukera handia dago... erdipurdiko bibliotekak badira ere.

Zer da erdipurdiko biblioteka?
Jende askok dauzkan liburuak dauzkan biblioteka. Adibidez, biblioteka guztietan dago Gironella. Klasiko bat da, nahi baduzu, baina leku guztietan dago eta balioa galtzen du. Biblioteka ona izateko, behar du izan espezializatua: edo gai batean, edo garai batean. Gai orokorrak izanda ere, XVI eta XVII. mendeko liburuak baldin badira, orduan ona da biblioteka.

Hortaz, nik orain dela hogeita bost urte Manterola denda honetan bertan erositako Artzeren liburu haiek non sartuko zenituzke?
Ze liburu?

Joxean Artzerenak, bahitu zituzten haiek, Sasi guztien gainetik eta Laino guztien azpitik.
Artzerenak... erdipurdikoak, oraindik, garaiagatik. Ez dira hain zaharrak. Baina ez dituzu inon ikusten! Zuretzat eta niretzat beste balio bat daukate liburu horiek, balio erantsia: daukaten historia.

Artze bahiturik
Bahitu egin zituzten Sasi guztien gainetik eta Laino guztien azpitik liburuak. Manterola liburu dendan ziren aleak ere eraman. Poesia liburuak ziren biak eta Zumeta pintorearen marrazkiak zituzten: txoriz beteta zeuden bi liburuak. Salaketa izan zen eta guardia zibilak Joxean Artzeren etxera joan ziren. Joan ez ezik, etxea inguratu. Liburuen galdera egin dute guardiek. Artzek, erakutsi dizkie. Berehalaxe, haien galdera: «Pero e(s)to qué e(s)?». Eta Artze Lasarteko kuartel-etxera. Laster utzi zuten libre poeta baina epaiketa izan zen gero Madrilen. Libre atera zen eta poetaren abokatuak guardia zibilek bahitu zituzten liburuen ale denak itzultzera behartu zituen. Manterola liburu dendan erosi ahal izan zituzten irakurleek handik urte batzuetara ere.

Kontaktuak
«Beti liburu bila ibili behar duzu, ez dago besterik. Bila joan, leku guztietara. Kontaktuak ere egiten dituzu beste liburu saltzaile batzuekin, eta horrek ere laguntzen du. Guk oso kontaktu ona genuen Madrilen, euskal liburuak izaten zituena. Harreman horrek iraun egin du, esate baterako. Bestalde, zenbait jendek biblioteka onak ditu oraindik eta horien bila ibiltzea da gure lana. Lazarragaren eskuizkribua Madrilen agertzea miraria iruditzen al zaizu? Miraria... miraria... Oraindik ez dakit, baina jakingo dut miraria den ala ez den. Sekretua da eta ez dakit. Baina jakingo dut».

Bezero ilustratuak
«Barandiaran, Mitxelena, Manuel Lekuona... Horiek bezero finkoak ziren gurean. On Manuel, berriz, lasaia zen, gozoa, eta beti gauza politak esaten zituen. Aita hil zitzaigunean, etorri eta esan zigun: ‘Zuen aitak beti esaten zidan esku onetan uzten zuela liburu denda, eta hala da!’. Beti esaten zigun hori On Manuelek. Oso gozoa izan zen beti gurekin. Iloba ere bai, Juan Mari. Mitxelena, aldiz, zaila zen. Zaila. Haserrealdiak izaten zituen eta zakartu egiten zen orduan. Baina jakintsua, oso. Edozer gauzari buruz hitz egin zenezakeen berarekin. Denbora askoan Mitxelena ez zen etorri euskarazko liburuen bila, ingelesezko nobelak erostera baizik. Astero etortzen zen eta hiru edo lau nobela eramaten zituen, ingelesezkoak. Haren alabak ere ezagutu genituen, eta emaztea, Matilde. Matilde gabe Mitxelena ez zen izan zena izatera iritsiko».

Bertsoa

Doinua: Gau eder batek ninduen

Liburuak zure altxor,
altxorraren zaindari zu,
ezagutzatik sortuta
jakinduria darizu.
Liburuek zu zaintzen zaituzte,
zeuk ere ondo dakizu,
orri bakoitzak letra txiki bat
zuri eskaini nahi dizu.

Nortasun agiria
Maria Dolores Arbelaiz (Donostia, 1940). Manterola liburu dendako burua. Mandatuak egiten hasi zen, neska gaztetan, orain dela berrogeita hamaika urte ireki zutenetik. Aitaren esanera jardun zuen lanean, eta ikasketak egiteko astia ere izan zuen. Batxilerra ikasi zuen. «Gero, eskola partikularrak: frantsesa, ingelesa eta beste txotxolokeria horiek, erizaintza, brodatzea, jostea eta». Mende erdia izen handiko liburuz inguraturik, «etxekoak» ditu Axular, Larramendi eta enparauak. Mende erdia liburu dendan. Bizitza osoa. Hiritar Merezimenduaren domina jaso zuen iazko azaroan.


Azkenak
Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Gemma Piérola
“Historiak ezin du ezikusiarena egin gu protagonista garen eguneroko arazo horien aurrean”

Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


Eguneraketa berriak daude