argia.eus
INPRIMATU
Gaztainondoa
2021eko uztailaren 28a

Gaztainondo ikusgarriak daude Baztango txoko honetan. Gaztainondoa espezie preziatua izan da urtetan, berarengandik fruitua, zura, itzala... lortu izan baita. Egur onenetakoa da altzariak egiteko. Mendiko makilak egiteko eta otarrak egiteko ere erabili da. Hau gutxi balitz, lurzoruko baldintzak hobetzen ditu. Frogatua dago gaztainen produkzioa eta beraien tamainak eragina duela lurzoruaren emankortasunean. Ez dira urte asko gaztainak oinarrizko zirela ekonomian eta neguko bizimoduan: udazkenean bildutako gaztainak gorde egiten ziren negua ahalik eta ondoen igarotzeko, edo azokara eramaten ziren saldu eta trukean ateratzen zen diruarekin beste premiaren bati aurre egiteko…

Urte askoan bizi den espeziea da. Altzaritarako erabiltzen denean, enbor luze eta adaburu bildukoa nahi izaten da. Aldiz fruiturako denean, enbor motz eta adaburu zabalekoa. Azala leun eta arre-gorrixka da gaztetan, eta zaharretan berriz arre-grisa eta zimur sakonekoa. Hostoek, lehortuta ere zuhaitzean jarraitzen dute. Hostoaren kolorea eta tamaina, berriz, desberdina da gaztain barietatearen arabera. Maiatzetik uztaila bitarte loratzen da. Haizearen bidez hedatzen dira hazi arrak. Baina intsektuek ere badute zer eginik. Fruitua estalki gogorraz inguratua dago, gaztaina morkotsaz. Eta irailetik azarora bitarte heltzen da.

Leku fresko eta babesekoak atsegin ditu, 500-1.200 metroko altuerak. Hezetasun handiko tokiak, betiere klima epelen barruan. Baina itsas mailan edota goi mendietako koniferen alboan ere ikusiko ditugu. Hezetasunarekin exigentea da, lurzoruko hezetasunarekin atmosferakoarekin baino gehiago. Baina hezetasun gehiegik landarearen heriotza ekarriko luke. Hotzarekiko erresistentea bada ere, udaberri hasierako izotzak kalte egiten dio. Landarearen hazkuntzarako eta fruituak hazteko garrantzitsu dira tenperatura altuak.

Gaztainadientzat ez dira garai onenak. Zaharrek kontatzen dute garai batean, udazkenero, gaztaina-oskol ederrez jantzitako gaztainondoak eranzten hasten zirela, ia biluzteraino. Gaur ere, udazkenero ikuskizuna errepikatzen da, baina ez sasoi bateko dotoreziarekin. Mendietan gero eta gaztainadi gutxiago dago. Izan ere, Euskal Herriko gaztainondoak gaixo daude: hostorik ez duten adarrez josita, bizitasuna galduta. Kalte handiena egiten dutenak bereziki bi dira: tinta eta txankroa. Hauen eraginez makina bat gaztainadi galdu da, batez ere mende honetako azken bi hamarkadetan. Gaitzei gure utzikeria gehitu behar zaie. Sasoi batean gaur baino jaramon handiagoa egiten zitzaien gaztainondoei, estimazio gehiago zitzaien.