argia.eus
INPRIMATU
Felipe Juaristi: «Grossmanek ezin zuen etsi hitzen jabe zen bitartean»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 20a
Zer gertatu zitzaion Grossmani?
1960an bukatu zuen Bizia eta Patua eleberria. Sémion Likine adiskide minari bidali zion ea argitara eman ote zezakeen jakin nahian. Erantzuna ezezkoa izan zen: ez zuten Sobiet Batasunean halako libururik sekula argitaratuko. Grossmanek galdegin zion ea atxilotuko ote zuten liburua idazteagatik. Adiskidearen erantzuna laburra bezain gogorra izan zen: «Litekeena da».

Amore eman al zuen gizonak?
Ez, ezin zuen etsi hitzen jabe zen bitartean. Adiskideak zenbait pasarte kentzeko aholkua eman zion, liburua argitaratu nahi bazuen; edo bestela atzerrian argitaratzen saiatzeko. Grossmanek pasarte batzuk kendu zituen, baina hala ere ez zioten argitaratu. Are gehiago, 1961eko otsailean KGBkoek bahitu egin zituzten eskuizkribua eta etxean gorderik zeuden kopia guztiak, idazteko erabilitako dokumentazioa, fitxak...

Zer egin zuen orduan Grossmanek?
SBAKko lehen idazkaria zen Krustxevi idatzi zion. Stalingradon ezagutua zuen Krustxev. Biak ala biak Sobiet Batasuneko heroiak ziren, baina gaur heroi dena bihar traidore bihur daiteke. Krustxevek Alderdiaren XX. Batzarrean Stalin eta haren garaia deitoratuak zituen, eta horregatik Grossmanek bazuen halako itxaropen apur bat. Baina kendutakoak ez zizkioten itzuli. Nobelaz ahazteko gomendatu zioten. Grossman gaixotu egin zen, eta 1964ko irailaren 14an hil zen. Handik urte batzuetara ikusiko zuen Bizia eta Patuak argia, 1980an, Suitzan, errusiar etorkinen lanari esker.