Artxibo Nazionala: Memoriaren paperak bildu eta zabaldu behar dira

Salamancako paper famatuak Arxiu Nacional de Catalunyara iristen ikusi ditugu berriki, bere etxera, egon behar duten tokira, ongi-etorri pankarta eta guzti. 36ko Gerran euskaldunei kendutako paperek ere etxera itzuli beharko lukete. Baina zein etxetara, ez badugu Artxibo Nazionalik? Kataluniarrek euren Autonomia Estatutua onartu eta berehala jarri zuten martxan artxiboa. EAEn aldiz legealdi honetan sartu du Eusko Jaurlaritzak Artxibo Nazionalaren proiektua bere agendan. Salamancatik etorri beharko luketen dokumentuak ez ezik, Artxibo Nazionalak gure memoria gordetzen duten dokumentuak bildu eta kudeatu beharko lituzke eta, beste artxiboetan dauden dokumentu interesgarrien erreferentziak bildu. Hori guztia ordenatu, kudeatu eta kontsultagai ipinita beteko da Liburutegi Nazionalaren funtzioa.

Historiagileentzat artxiboa lanabes garrantzitsua da eta horregatik tresna horrek ondo funtzionatzea eskatzen dute: «Gaur arte bildu diren fondoak ondo gorde eta kudeatu behar dira; bestetik, dauden hutsuneak betetzen joan behar da; eta azkenik, funtsak osatu eta kudeaketa hobetzeko etengabeko lana egin behar da» dio Josu Chueca historialari eta EHUko irakasleak. Bere esanetan, artxibo zerbitzu zentralizatu batek erosotasuna ekarriko lioke ikertzaileari. Baina beste ondorio garrantzitsuago bat ere izango luke: «Ondare dokumentala ez galtzea».

Kataluniarekiko 30 urte inguruko atzerapenaren zergatiaz galdetuta zera dio historiagileak: «Historiagileok indar gutxi dugu presioa egiteko eta Jaurlaritzak beste lehentasun batzuk izan ditu». Orain arte behintzat, une honetan bere aurrekontuetan Artxibo Nazionalaren sorrera onartua baitauka. Jose Ramon Cruz Mundet, Carlos III Unibertsitateko (Madril) artxibistika irakasle donostiarra ere iritzi berekoa da; ez du borondate politikorik ikusten eta «Katalunian ez bezala, hemen oso presio sozial eta profesional txikia dago».

Arantza Arzamendik Donostiako Udal Liburutegian jardun du luzaro eta 2002tik Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondare zuzendari ari da lanean. Eta beste arrazoi bat du Artxibo Nazionalaren proiektuari orain heldu izana azaltzeko: «Dokumentazio administratiboak 50 urteko epea behar du legez historiko bihurtzeko eta, beraz, kontsultagai izateko. Hau da artxibo historikoa sortzeko momentua, orain oinarri sendoa duelako». Atzerapena baino «bide ezberdinak» aipatzen ditu Kataluniako erreferentziaz galdetzean: «1980an Generalitatek bere artxibo administratiboa sortu zuen, eraikin berezian, izaera berezi batekin. Eusko Jaurlaritzak ere bere artxibo administratiboa sortu zuen orduan, Lakuan bertan, Jaurlaritzako zerbitzu bezala, baina kontsultetara irekia, Katalunian izan duen nortasun berezia izan ez badu ere». Kataluniak ez bezala, EAEko lurralde bakoitzak lehenagotik foru artxibo garrantzitsuak dituela gaineratu du.

Josu Chuecaren ustez, ordea, Jaurlaritzak Generalitatek baino arrazoi sendoagoak izan ditu Artxibo Nazionala bultzatzeko: «Jaurlaritzak, frankismoak behartutako erbestean, askoz aktibitate handiagoa izan zuen Generalitatek baino, dokumentazio gehiago sortu zuen, beraz, eta horrek artxiboarentzako oinarri sendoagoa esan nahi du».


Izena eta izana

Arrazoiak arrazoi, 2010erako, hots, legealdi hau amaitzerako, Artxibo Nazionala abian izango dela dio Ondare zuzendariak: «Amaituta egongo ote den ez dakigu, baina bideratua bai. Oraindik ez dakigu lehendik dagoen eraikin batean ipiniko den edo egoitza berria eraiki beharko den; horrek asko baldintzatuko du epea». Bilbon kokatuko dute eta seguruenik Euskadiko Artxibo Nazionala izango du izena. Historiagileentzat izena gutxienekoa da eta izanari ematen diote garrantzia. Arantza Arzamendik, artxiboak izan behar dituen ezaugarrien artean, bi azpimarratzen ditu. Batetik, teknologia berriak aplikatu behar dira ondare dokumentalen tratamenduan; funtsak digitalizatzea eta sarean erabilgarri jartzea nahitaezkoa bilakatu da. Internet bera dokumentu iturri ikaragarria da: «Hemendik urte batzutara dokumentu historiko izango dira, oso azkar aldatzen dira eta asko gal daiteke. Erronka handia dugu hor», dio Arzamandik.

Beste ardatz garrantzitsu bat artxiboen zabalkunde lanean datza. Gizarteari begira, artxiboak erakunde itxiak izan dira eta, ikertzaileez gain, oso jende gutxi hurbildu izan da bertara. «Artxiboek funtzio bat dute ikerketari begira, baina aisialdian duten funtzioa ere bultzatu behar da», Ondare zuzendariaren esanetan. Genealogiek, esaterako, arrakasta handia dute ikerlari ez direnen artean, norbere herriko historia ezagutzeko ere hurbil daiteke publikoa eta hezkuntzatik, bideratuz gero, ikasleentzat bisitak antola daitezke. Zentzu honetan Cruz Mundetek dio: «Artxiboek arlo historikoaz haratago doan erabilera dute. Dokumentuak ez dira bere balio historikoagatik sortzen, kudeaketarako, froga moduan edo ezagutzarako informazio bezala baizik».

Helburu hauek kontuan hartuta, Jaurlaritzako teknikariak atzerrira begira jarri dira: «Britainia Handiko Artxiboak 90eko hamarkadan berrikuntza sakona egin zuen eta aipatutako erronka horiek bete dituzte. Alemaniako eredua ere interesgarria da guretzat, bertako Landerrek antzekotasuna dutelako gure egiturarekin. Eta, azkenik, Kanadako artxiboak beti izan dira eredugarriak».


Legea garatu beharra

Jose Ramon Cruz Mundetek ez du posible ikusten artxibo historiko hori abian jartzea egungo legediarekin. 1990eko Kultur Ondarearen Legeak bere baitan hartzen ditu artxiboak, «baina artikulu gutxi batzutara mugatzen da» Cruz Mundeten esanetan. Horregatik, ezinbestekotzat du Artxiboen Lege bat sortzea. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bat egiten dute iritzi horrekin eta ez dute zalantzarik legeak garapena behar duela. Arantza Arzamendik dioenez, «artxiboei buruzko lege aurreproiektua egitea da legealdi honetako beste erronka bat». Dagoeneko museoei eta liburutegiei buruzko lege aurreproiektuak eginak dituzte. Koldo Ordozgoiti Kultura Saileko Komunikazio arduradunak dio legealdiaren amaieran hiruak lege izatea dutela helburu eta «ezin da ukatu liburutegietako legeak eta artxiboetakoak parekotasun handiak dituztela, beraz, liburutegietan egiten den aurrerapausoa gero artxiboetarako bidea izango da».


Jaurlaritzaren artxiboa baino gehiago

Eusko Jaurlaritzaren artxiboa izango da Artxibo Nazionalaren oinarria. 1936-1937 bitarteko epe laburra kenduta, Jaurlaritzaren artxiboa erbestean sortu zen eta itzuli luzea burututa, Hego Euskal Herrian dago egun urte zail haietatik gorde dena -zati bat Sabino Arana Fundazioaren eskuetan dago eta beste bat Eusko Jaurlaritzak du Irargi Ondare Dokumentalaren Zentroan gordeta-. Sabino Arana Fundazioak dagoeneko jakinarazi du Euskal Abertzaletasunaren Agiritegian (Artea) jasota dauzkan Eusko Jaurlaritzaren dokumentuak etorkizuneko Euskadiko Artxibo Nazionalari emango dizkiola. Hala egin zuen 2002an, Generalitataren inguruan zeukan dokumentazioa Arxiu Nacionalari eman zionean.

Baina Artxibo Nazionala izateko bokazioz jaioko denak erakunde horren dokumentazioa baino gehiago bildu eta kudeatu beharko du, Jaurlaritzaren artxibo historiko administratiboa baino gehiago izan beharko du. Horregatik bestelako funtsak izan beharko ditu: alderdi politikoen artxiboak, familietako funtsak... Enpresen artxiboek interes berezia dute Euskal Herrian industrializazioak izan duen garrantzia kontuan hartuta. Familia artxiboei dagokienez, historiagileak beldur dira Artxibo Nazionalaren faltak ez ote duen ekarri asko eta asko galtzea. «Asko galduko ziren seguruenik -dio Ordozgoitik-, egin behar izan duten ibilbideagatik, erbestearen zailtasunengatik, baita garai batean duten garrantzia eman ez zitzaielako ere. Baina beste asko Irargin jaso izan dira». Eta Arzamendik gaineratu du: «Orain baino okerrago egon gara; egun badaude aukerak berme osoz, baldintza betegarriekin, dokumentazio hori norabait helarazteko».


Artxiboak ezin dira hautsi

Artxibo Nazionalerako interesgarriak diren hainbat dokumentu beste artxibo batzuetan daude: udal artxiboak, foru artxiboak, elizbarrutietakoak... Lehenago osatutako artxibo historikoak ez hausteko printzipioa jarraituko da. Euskal Herritik kanpo ere artxibo interesgarri mordoa dago: Simancas, Valladolid, Madrilgo Reales Chancillerias... Sevillako Archivo de Indias delakoa adibide esanguratsua da, bertan erregistratzen baitziren Ameriketara zioazen guztiak, euskaldun mordoa barne. Dokumentazio hori oso interesgarria da guretzat, baina, sortu den lekuan, Sevillan du zentzua. Garai batean mikrofilmen bitartez eta egun digitalizazioari esker ordea, originalen erreprodukzioak ere eskura daitezke. Finean, eta Arantza Arzamendiren hitzetan, «Euskadiko Artxibo Nazionalaren azken helburua euskal memoria biltzen duen dokumentazioa jaso eta Interneten eskaintzea izango da». Aipatutako funtsetara joaz, aurreikusitako lan guztia betez, apurka-apurka, eraikiko da gure memoriaren etxea.

Artxiboa Bilbon, liburutegia Donostian?
Aurreko legealdian Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritzak Artxibo nahiz Liburutegi Nazionalak sortzeko azterketak burutu zituen. Hauen kokapenerako baldintzak ere izan zituen aztergai. Artxiboa Bilbon izatea komeni zela ondorioztatu zuen: ikasle kopuru handia du, unibertsitateak bertan daude , EHUk zein Deustuko Unibertsitateak egoitza berriak zabalduko dituzte Abandoibarran... Erakundeekin hitz egin, arrazoi horiek kontuan hartu eta adostasunera iritsi ziren.

Artxiboa Bilbori egokituta, logikoa da pentsatzea liburutegia Donostiarentzat izango dela. Gipuzkoan izango dela aurreikusia dute eta, seguruenik hiriburuan kokatuko dute Liburutegi Nazionala. Tabakaleran izango ote den aipatu da azken aldian eta horrek Liburutegi Nazionala urte luzez aldarrikatu dutenen artean kezka sortu du. Bearing Point kontsultoreak egindako Tabakaleraren aurreproiektuak dio liburutegia lehen solairuan koka daitekeela, 1.200 metro koadroko espazio hartuz. Kataluniako Liburutegi Nazionalak 15.000 metro ditu eta dagoeneko txiki geratu da. Nafarroako Liburutegi Orokorrak aldiz, 20.000 metro izango ditu. Ez dirudi 1.200 metro nahikoak izango direnik. Koldo Ordozgoiti Kultura Saileko Komunikazio arduradunaren esanetan: «Hori jakin gabe hitz egitea da. Proposamen bat baino ez da eta beste aukera batzuk begiratu behar dira. Azkenean, Liburutegi Nazionalak ezaugarri batzuk bete beharko ditu eta horien arabera hartuko da erabakia».

Salamanca: paperezko sugetzarra
Salamancako Gerra Zibilaren Artxiboak ondo funtzionatzen du. Hala diote, behintzat bertara jo behar izan duten ikerlariek. Nahiko berria da eta baliabide handiak eskaini zaizkio. Baina artxiboaren funtsak harrapaketaren ondorio dira eta bertako paperak euren jatorrira itzuli behar dira.
Gerra askotan gertatu izan da gauza bera, Napoleonek berak, esaterako, bere inbasioetan galtzaileen artxiboak harrapatzen zituen. Baina gero, urteen poderioz, artxiboak jatorrizko tokira itzuli ohi dira.

Jose Ramon Cruz Mundet historialari donostiarrak, esaterako, ez du onartzen Kataluniara itzuli diren paperen eskandalu mediatikoa: «Manipulazio politikoaren adibide garbia da. Zalantzarik ez dago Salamancako Artxibo Historikoa beste erakunde batzuei eta familiei lapurtutako dokumentuez osatua dagoela eta lapurreta helburu errepresiboekin egin zela, gainera». Josu Chueca historiagileak sakondu digu gertatutakoa: «Frankistek batzorde bereziak sortu zituzten dokumentazioa bildu eta bertan azaltzen zirenen atzetik joateko. Artxibo hori sortzeko ez zen inolako interes artxibistikorik izan». Kataluniara Generalitatearen dokumentazioz betetako 507 kaxak iritsi dira, baina oraindik asko gordetzen da Salamancan: familietako artxiboak, alderdi politikoetakoak. Euskal Herriaren inguruko dokumentazioarekin berdin gertatzen da, hots, Eusko Jaurlaritzaren paperak eskatuak daude 1978tik baina beste jatorrietako dokumentu ugari ere badago bertan. Arantza Arzamendiren esanetan, «Jaurlaritzari dagozkion paperak, ez dakigu noiz, baina etorri etorriko dira. Gainerakoak eskatzea ere errazagoa izango da, behin Artxibo Nazionala martxan dagoenean». Bestalde, euskaldunoi dagozkigun paperak ez daude soilik Fondo Bilbao delakoan. Frankistek Donostia hartu ondoren, Bilbotik kanpora paperak ateratzen hasi ziren bertan zeuden erakunde eta alderdiak. Gainera Valentzian eta luzaroago Bartzelonan egoitza izan zuen Jaurlaritzak. Horregatik Santander, Gijon, Madril, Valentzia edo Bartzelonari dagozkien Salamancako funtsetan ere Euskal Herrian behar lukeen dokumentazioa dago sakabanatuta. Jaurlaritzak bere eskaerarekin jarraitzen du eta, oraindik inolako erantzunik jaso ez badu ere, Kataluniako kasuak ez dio soilik polemikari atea ireki; paperak berreskuratzeko aukera ere zabaldu du.

Eusko Jaurlaritza eta Generalitat
Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitatek prozesu ezberdina hautatu dute Artxibo Nazionala antolatzeko. Errealitate ezberdina da bi egitura hauena eta euren dokumentazioa Artxibo Nazionalen oinarri dela kontuan hartuta, izan duten aktibitateak eragina izan du utzi duten ondare dokumentalean.

Batetik Generalitatek nolabaiteko abantaila historikoa du Jaurlaritzarekiko. 1918an antolatu zituen Kataluniak bere erakundeak, gero 1932an II. Errepublikarekin, berriro berrantolatzeko. 1939an amaitu zen bide hori. Eusko Jaurlaritza berriz 1936ko urrian antolatu zen eta 37ko ekainean erbesteratu; 9 hilabeteko aktibitatea baino ez zuen izan, beraz. Horregatik, frankistek dokumentazio gehiago lapurtu ahal izan zuten Generalitatetik Eusko Jaurlaritzatik baino eta, hortaz, Salamancan gehiago dira erakunde katalanaren paperak.

Gerra Zibila amaituta, ordea, Eusko Jaurlaritzak aktibitate handiagoa izan zuen Generalitatek baino. Azken honek presidentea mantendu zuen, baina bere egitura erabat deseginda geratu zen; gerraren porrotak gordinki eragin zien. Oro har Errepublikatik zetozen erakundeek erbesteen zatiketa handia izan zuten. Jaurlaritza izan zen salbuespena; Jaurlaritzak ia ostasunean jarraitu zuen lanean, hasierako koalizioan zeuden alderdiekin. 1937tik 1940ra arte Parisen izan zuen erbesteko egoitza. Naziak Parisen sartzean sakabanatu zen, baina berriro 1946an Frantziako hiriburuan bildu zen, 1979a arte bertan lanean jarraituz.
Beraz, Frankismoan, Eusko Jaurlaritzak askoz ere dokumentu gehiago sortu zuen Generalitatek baino.

Hutsetik hasi gabe
Jaurlaritza sortu eta kulturako konpetentziak bereganatzean sortu zen Ondare Zuzendaritza eta honen barruan artxiboen zerbitzua. 1986an Irargi sortu zen Bergarako Errekalde Jauregian dokumentazioa bildu eta aztertzeko. 1990ean Ondarearen Legea onartu eta EASN -Euskal Agiritegien Sistema Nazionala- sortu zen. Lehenengoz dirulaguntzak izan ziren artxibo publiko nahiz pribatuentzat eta laguntzek indarrean jarraitzen dute. Urte hauetan guztietan bertako nahiz kanpoko dokumentazioa topatzen, inbentarioak egiten, erreprodukzioak egiten... aritu dira. Hurrengo pausoa 1997an iritsi zen Badator datu basearekin. Egun XIII-XIX mendeetako dokumentuak Internet bidez kontsulta daitezke horri esker. Jaurlaritzako ordezkariek diote egindako lan hau Artxibo Nazionalarentzat oinarri sendoa dela.

Nazionala?
EAEko artxibo historikoak Artxibo Nazionala izena izango du seguruenik. Baina iraganean bezala, egungo egituraketa politiko administratiboak mugatzen du izaera nazional hori. Nafarroak bere Artxibo Orokor zabala du (beheko argazkian), hain zuzen iraganeko egitura administratiboak »Nafarroako Erresuma» mende askotako ondare dokumentala utzi diolako. Ipar Euskal Herrian ezer gutxi dago aipatzeko udal artxiboak »Baionako eta Biarritzekoa bereziki» kenduta. Iparraldeari dagokion dokumentu ugari Parisen dago, beste hainbat arlotan bezala, Frantziako Estatua artxibo kontuetan ere oso zentralista baita. Ondare zuzendariaren esanetan, «horiekin guztiekin, maila teknikoan bederen, harremana badago, eta sarearen bitartez, apurka, lankidetza osatuz joango da». Arantza Arzamendik gogorarazi du diasporan ere, Euskal Etxeetan, egunkarietan eta batez ere familietan, euskaldunen inguruko informazio asko dagoela eta eremu hau lantzeko proiektu posibleak aztertzen ari direla.

Teknologia berriak, artxibozain gaurkotuak
Helburua artxibo birtuala sarean jartzea baldin bada non geratuko da artxibozainaren lana? Ez dirudi artxibozainei lana faltako zaienik, alderantziz, lan handiagoa izango dute etorkizunean. Batetik, dokumentuak digitalizatzea prozesu luzea izango da. Artxibozainaren lana ez da publikoari erantzutera mugatzen, dokumentua jaso, katalogatu, datu basea sortu... behar du. Gainera, artxiboen edukiak sarean ipintzen hasi direnetik kontsultak ikaragarri igo direla diote Jaurlaritzatik. Gehitu eta aldatu ere egingo da artxibozainaren lana. Orain arte bere lana bakarkakoa izan da gehienbat eta sarean lan egiteak aberastasun handia ekarriko dio. Aberastasuna, baina baita berritzeko beharra ere. «Lanerako eskemak, ohiturak, mentalitatea erabat aldatuko dira eta etengabeko formakuntza beharrezkoa izango du artxibozainak» dio Arantza Arzamendik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro

Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


2024-11-18 | Hala Bedi
Frankismoaren errepresaliatuak omendu zituen Lagrango Udalak larunbatean [Argazki galeria]

"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"


2024-11-12 | Julene Flamarique
Sortuk manifestazioa egingo du Brouard eta Muguruzaren hilketen urteurrenean, azaroaren 20an Bilbon

Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.


Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute

Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.


2024-10-25 | ARGIA
Gasteizen 1976ko martxoaren 3an zauritutako beste zazpi pertsona identifikatu dituzte

Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


Eguneraketa berriak daude