Hitzaldiak
Gero eta gehiago gozatzen dut hitzaldiak ematean. Berdintsu zait zer-nolakoa den entzule-taldea: gotorra edo barreiatua, gaztea edo zaharra, jakituna edo gutxiago dakiena. Eta printzipioz zailena dirudien talde-moduarekin sentitzen naiz erosoen: hamazazpi-hamazortzi urteko eskolako gazteekin. Ez daukate adin ederra ezeri erreparatzeko, eta are gutxiago ni bezain pertsona nagusiari. Derrigorrean joanak dira hitzaldira eskolatik. Elkarren anparoan munstro txiki mordoa handi bakarra bilaka daiteke... Baina, halere, ez naiz sekula deseroso sentitu euren artean. Segur aski egia aitortzetik abiatzeko ausardia dudalako. Norena da errua, erantzukizuna nahiago baduzue, haiek euskara ez erabiltzearena? Haiei euskarak ez badie eguneroko bizitzarako balio, geuk, irakasleok, gurasook, izango dugu zerikusirik. Azken batean gurea da haiek heztearen ardura. Hizkuntza den xarma, arma, armiarma... transmititzen ez dugu asmatu. Bururatzen zaidan laugarren errima-hitza "alarma" da. Aitortza horretatik abiatuta izugarri errazten da komunikazioa itxuraz zailena behar lukeen foroan ere.
Erretzaile naiz
Eta ez nago harro. Oñati, Ordizia, Amurrio eta Oiartzun. Lau jaialdi lau egunean eta lauak eraikin itxietan. Ez genuen erre. Erre nauena izan da, ez dudala elkarrizketarik burutu gaiari erantzun beharrik izan gabe. Gainera, -biba elkarrizketa egileen irudimena!- beti azken galdera izaten da erretzeari buruzkoa. Elkarrizketa burutzeko modu "arin" edo "grazioso" bat eta bakarra bururatu zaien seinale. Eta nire artean diot: gaia hain "xinpatikoa" bada, erretzearen kontua benetan larritzat jotzen ez dutelako da. Edo bestela, erretzearen gaia zinez larri eta arduratzekotzat joko balute, ez lukete azken galdera anekdotikotzat erabiliko. Bietatik bat, mesedez.
Lehengo erara
"Raro es el día en que no me sienta de interés público" idatzi zuen Xabier Silveira trumoitsu, eta aldi berean, nekatuak. Pasa zaio. Niri ez. Aharrausia ere albiste bihurtzen delarik, erritmo onean ote gabiltzan galdetzen diogu geure buruari. Horregatik estimatzen da zenbait gauza bestelako tenplearekin burutzea. Azken urteotan gertatu ez zitzaidana gertatu zait urtarrilean. Alkate jaun batek, bere herriko bertso-jaialdia suspertu nahi zuela eta, lagun baten txabolara hots egin zidan afaltzera. Hitz egiteko. Besterik gabe. Gaur egun lantegi horiek enpresen, telefonoen eta gainerakoen esku uzten direlarik, harrigarri eta enplasto gertatu zitzaidan hasieran abisua bera. Ez neukan ba beste zereginik! Lagunaren txabolan, jaialdiaz ez gainerako guztiaz jardun genuen, jan eta edan eta bertsotan egin. Azken orduan hitzartu genuen jaialdiarena ere. Baina askotan, helburua baino ederragoa dela bidea bera gogorarazi zidaten, nahi gabe. Itzuringuruaren xarma berreskuratu nuen. Eta martxoaren kondarrean, jaialdia egingo dugu Mendexan. Bazkaritarako, lapa-jana. Lehengo erara.
Alkate doinua
Hamar egunen buruan, urtarrilaren 20tik 29ra, gure kostaldeko Alkaterik entzutetsuenek bertsoak entzun dituzte. Donostiakoak, Hendaiakoak, Bilbokoak... Ez dakit hori ona den, baina txarra ez da. Ohituak gaude, erakundeen jardueratan euskara entzutera, baina beti ere gaztelera edo frantsesaren parean, eta ez pare. Legeak hala dioelako egiten da euskara, egiten denean. Ederra da, euskaraz aritu eta inork itzuliko ez duela sentitzea. Nik behintzat ez dut sekula itzultzeko gogorik sentitu. Bueltatzekoa, batzuetan bai. Iñigo Aranbarriren harrotasunerako aitortuko dut Azkuna alkatea kexu azaldu zitzaidala Arriagan, Sabino Arana Sarien ekitaldiaren ondotik. Bospasei aldiz aipatu omen nuen Barakaldo, eta Bilbo behin ere ez. Ikasten badakigu.
Gastronomia
Ez dakit kulturaren bidelagun edo kulturaren etsai bihurtuko zaigun azkenean. Jaten emango digun edo jan egingo gaituen, alegia. Libururik salduenak gastronomiari buruzkoak direla jakiteak ematen du zer pentsaturik. Urtarrileko agendari begiratutxoa botatzea aski zait, gu ere horretan harrapatuak gaudela jabetzeko. Astigarragan izan naiz, sagardoaren habian. Getarian, txakolinaren sehaskan. Eta Idiazabalen, gaztaren gunean. Bertsogintza beti egon izan da jan-edanarekin uztartua, baina hain lotua egotea ere!
Kursaalean
Bertsogintza da 80 urteko aitonak eta 22 urteko neska gazteak biltzen dituen arlo bakarretakoa gaur egun. Egin dezakete elkarrekin egun-pasa hamar-hamabi ordukoa eta biak eroso sentitu kantuan nola berriketan. Gainerako arloetan nekez gertatuko da horrelakorik: laurogei urteko dentista aspaldi jubilatu zen eta 22korik ez da. Laurogei urteko futbolariak berrogeitaka daramatza erretiraturik. Laurogei urteko Unibertsitate irakaslea bajan egongo da segur aski, edo Kongresuren batean, gazteagotan ere hala egoten zen askotan eta. Aurtengo bertso-egunean, Kursaaleko ekitaldian "bertsolari zaharrak" izan genituen entzun gai. Bestelako kantakera, bestelako arrazoi moduak, bestelako hizkera... bestelako mundu baten interpretazioa, oraingotik begiraturik bitxi gertatzen dena. Belarri erneek baina, beti harrapatzen dute zerbait. Gaztetako sexu-balentriez eta oraingo ezinaz ari zirela, Egileorrek sotil sartu zion ziria lagunari: " ...ta orain zerorrekin mugituko zaizu".
Irakurriz lokartu
Ez zara jabetzen une zehatza zein den. Badatorrela bai. Halako batean esku-punttetan zama sentitzen hasten zara eta betazaletan pisua. Gero, arima zintzoren batek itzaltzen du piztuta geratu den argia eta jasotzen ohean edo alfonbra gainean geratu den liburu aho-zabaldua. Azaroaren amaieran utzia, urtarrilaren amaiera aldera arte ezin izan dut gozatu munduan den plazerrik handienetakoa. Ondoegi bizi ez naizen seinale. Bitartean, aldi berean, eskola-umeak sumatzen ditut inguruan, liburuak botika bezala irentsiz. Bat lodia, bestea ertaina eta beste bat mehea ebaluaketa honetarako. Hasieran nioen moduan, zerbait gaizki egiten ari gara.