argia.eus
INPRIMATU
Zer da: CEMITEC
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 27a

CEMITEC akronimoa Centro Multidisciplinar de Innovación y Tecnología de Navarra erakundeari dagokio. Centros Tecnológicos de Navarra entitatearen parte da, zeinetan partizipatzen baitute, halaber, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak eta berrikuntzan laguntzen duten beste erakunde batzuek. CEMITECek Noainen dauka egoitza, eta industriara bideratua du jarduna: ikerketako eta garapen teknologikoko proiektuak (I+GT) egiten ditu enpresentzat. Zerbitzu teknologikoak eskaintzen dizkie, eta orobat prestakuntza espezializatua, zabalkundea eta aholkularitza teknologikoa.

Nafarroako zentro horrek, kolaboraziozko I+GT proiektuen bitartez, teknologia transferitzen du, enpresen maila teknologikoa eta lehiakortasuna goratzeko asmoz. Bestalde, etengabe aritzen da zaintza teknologikoan, eta orobat bakarkako ikerketako proiektuetan nahiz beste zentro teknologiko batzuekin eta unibertsitateekin kolaboratuz egiten dituenetan, eta horrela lortzen du diferentzial teknologikoa, Nafarroako ehun industrialari buruz. CEMITECen teknologien kartera mekatronikari buruzko hiru diziplina handiren inguruan egituratua dago: materialak, mekanika eta elektronika.