Osakidetza euskalduntzeko plana


2007ko otsailaren 21ean

Jaurlaritzak onartu du Osakidetza Euskalduntzeko Plana eta erakunde horretako langileengandik plana aurrera eramateko inplikazioa eskatzen du. Intentzio onez egindako plan horri ezin diot babesik eman, gaizki egina iruditzen zaidalako, eta ezinbestez ondorio kaltegarriak ekarriko dituelako. Nire ahalegin mugatua kalte horiek arindu eta deuseztatzera zuzenduko da.

Egin dudan lehenengo gauza egitasmoa aztertzea izan da eta honen berri eman nahi dut, labur bada ere, ARGIAk eskaini didan orrialde honetan. Azaltzen ditudan ideiekiko interesa norbaitengan piztuko balitz, prest nengoke horiei buruz solastatzeko, eztabaidatzeko, sakontzeko, osatzeko.

Osakidetza Euskalduntzeko Plana, Osakidetza martxan jarri eta 20 urte pasa eta gero onartu da. Zer balantze egin 20 urte hauetaz? Ez da horretaz hitz bat bera ere esaten. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza isilik. Hutsune hau erantzukizun-ezaren lehen agerpena da. Diru eskandalagarri eskas erabili da ikastaro batzuk ordaintzeko, baina hizkuntza politikatik ezer ez. Eta horren faltan, espainol hizkuntzaren aldeko inertzia administratiboak 20 eta piko urteetan bete-betean funtzionatu du: profesional gazte askoren eskaerari uko eginez, beraien motibazioa ahuldu egin da; eta inertzia horren eraginez euskara guztiz baztertua izan da, zentro askotan inexistente bihurtu arte.

Osakidetza Euskalduntzeko Plana, egitura jakin batzuetan lanean diharduten pertsona jakin batzuen euskalduntzea da. Eta nola liteke plan bat diseinatzea plana aurrera eraman behar omen duten pertsonen egoera aztertu gabe? Zein da Osakidetzako langile edo profesionalen euskararekiko eta gaztelerarekiko eta hemen ezagutzen ari garen beste hizkuntzekiko motibazioa, ezagutza eta erabilera? Eta hau ezagutu gabe zer plan klase egin daiteke? Ez al da halabeharrez arrazionaltasunik gabeko plana? Eta honek erakusten du, nire ustez, zer den erantzukizun-ezaren printzipioaren aplikazio antologikoa.

Eta zer da Plana bera? Funtsean perfil 1 eta 2ren ezarpena. Eta zer da hori funtsean? Plana ezagutzan zentratua dago; ezagutza eskasean; eta ezagutza hori mehatxupean -perfila gainditu edo bestela lan-egoerak okerragora egingo dizu edota lanpostua bera ezingo duzu eskuratu- eraman nahi da aurrera. Mehatxua arintzeko, 45 urtetik gorakoak ezarpenetik libre gelditzen dira. Adimen maltzur batek diseinatua izango balitz, ez nintzateke harrituko. Baina euskaltzaletasunez eta borondate onez horrelakoa asmatzea eta lege bihurtzea!

Ezagutza garatze aldetik Plana eskasa da. 1. eta 2. perfilak, ez dira nahikotasun-mailara iristen erabilerara jauzia egiteko. Baina ondorio larrienak motibazioan eragiten dira: sektore handi bat motibatua sentitzetik kanpo gelditzen da -perfila ez dutenen kopurua-; sektore bat -perfila duena- urduritasun edota beldurraren motibazioan erortzeko arriskuan dago -eta badaude jadanik horrelako adibideak-; azken sektore bat (45 urtetik gorakoak) perfilaren ezarpenetik libre gelditzen dira eta horrekin euskararekiko erantzukizun-ezaren jarrerari irekitzen zaio atea. Planaren edukia positiboa da, bada, erantzukizun-ezaren hirugarren azalpen argigarria da.

Erantzukizun-ezaren diskurtsoak pozoitzen du euskararen aldeko ahalegina. Ondorio garrantzitsuak ditu: lehena, euskararekiko erantzukizun eskasa erakutsi duen jendea eta erakundeak bihurtzen dira planaren erabakitzaileak eta ardatz nagusia; bere burua behartu gabe menpeko jendeari obligazioaren-mehatxuaren legea ezartzen diete; urgentzia osoa duen euskara eta beste hizkuntzen arteko berdintasunaren aplikazioa gerorako luzatzen da, orain beharrezko dena gerorako amets helezina bihurtuz.

Plan honetan ikusten dut nik, Sanchez Carrion Txepetxek aipatzen zuen desastrearen trilogia hura: plana inkontzientea da -ez dakite zer ondorio ekarriko dituen-; inkoherentea da -aldarrikapenak eta planak norabide diferentekoak dira-; inkonpetentea da -nahikoa da jarritako adibideekin-.

'Osakidetza euskalduntzeko plana' artikuluaren jatorrizko bertsioa (luzeagoa)

Joan den urteko bukaera aldean nire sindikatuko bilera batean gaia mahai gainean jarri zen. Eta ideia batzuk zirriborratu nituen. Gero, urtearekin batera, abenduaren 21eko Berrian jaso nuen "hizkuntza politikaren lan ildo berrien" berria. Ildoak eta planak batera doazelakoan, hartu nituen nire lerroak, planoak eta mugen ertzak eta nire pentsamendua argitzen eta zehazten saiatu naiz eta hemen azaldu nahi dut. Osakidetzakoa, hizkuntza-politikarako sailburuordeak aurkeztu duen planari buruzko gogoetak bideratzen hasteko termometro egokia da, agian.

Osakidetza euskalduntzeko plana gogo bat da eta borondate puntua aitortu behar zaio. Gogo hori modu onez eta duen balioa kontutan hartuz idazten dut, hain zuzen, artikulu hau doan bezala. Bainan gogo hori nagia da (hogei urte behar izan dute plana aurkezteko), interesatua eta zuritzaile da (aldez aurreko inkesta soziolinguistikoa ez egitea, sinestezina badirudi ere, modu bat da, agian inkontzientea, bainan botere-hierarkia eta pribilejio gaiztoak kolokan ez jartzeko eta ez ukitzeko aproposa) eta murriztailea da (borondate onez ondorio zitalak erakar dezakeen plana da).

Horregatik hitz egingo dut suabe, ez dut inor mindu nahi, ez dut inor iraintzeko gogorik, eta elkarrekin euskararen geroa eraikitzen saiatzeko nahia dut. Baina euskararen garapena beldurraren eta erantzukizun-ezaren praktika eta predikazioaren bidez ziurtatu nahi bada eta hori bada 25.000 inguru pertsona-langileei jarri nahi zaion zepoa, klaru hitz egingo dut.

1.- Hogei urteko balantzea.
Osakidetza euskalduntzeko plana, Osakidetza martxan jarri eta handik 20 urtera onartua izan da. Zein da 20 urte hauetako balantzea? Zein da atzerapen honen ondorio soziolinguistikoa?

a) Euskara sustatzeko hartu diren neurriak (aurrekontuaren puska oso txiki bat profesionalen euskarazko klaseak subentzionatzeko; errotulazioa nolabait elebidun jartzea; itzulpen zerbitzu eskas bat, HABEn lanik gabe gelditutako langileak nonbait integratzeko asmoz sortua eta agian zerbait gehiago...) ez dira hizkuntza-politika bat, limosna baizik.
b) Hizkuntza-politikaren ezean Osakidetzan funtzionatu duena inertzia bat izan da, lehenagoko administrazioaren espainol hizkuntzaren aldeko dinamika hedakorraren inertzia linguistikoa. Ez zen politika linguistiko deklaratua, isilean ia inor ohartu gabe eragin zitala duen politiko linguistiko "klandestinoa" baizik, 20 urtez legalitatetik kanpo praktikatu dena Osakidetza-instituzioaren konplizitatearekin, bera baitzen politika-linguistiko ezkutuko hori praktikatzen zuena.
c) Ondorio nagusienak bi hauek izan dira:

**azken 20 urteetan euskara ikasteko eskaria egin duten ehundaka eta milaka profesionali (mediku-erizain-administrari) ez zaio erantzun. Profesional horiek etsi egin dute. Beraien motibazioak behera egin du. Duela 20 urte, profesional horiek 20-35 urte bitartekoak ziren. Hau izan da Osakidetzari eta Jaurlaritzari eskatu behar zaion konturik larriena: zergatik galdu zuten horrelako okasioa? Orain, 20 urte pasa ondoren, profesionalek 20 urte gehiago dituztelako, zailago izango da profesional horiek euskalduntzea.

**20 urteetan euskara, administrazioaren inertziaren eraginez, sistematikoki baztertua izan da, eta leku askotan desagertarazia. Hau ez da zoritxarreko kasualitatez gertatu den zerbait, Osakidetzako administrazioaren erabakien ondorioa baizik. Osakidetzaren funtzionamendua da horren erantzule. Osakidetzak probokatu du euskararen baztertze sistematikoa 20 urteetan eten gabe. Aski da osasun-zentro batean administrari ez-euskaldunak jartzea, herri horretako euskaldunen proportzioa zerora jaisteko osasun-zentroko harrera-zerbitzuan. Horrela, eta kasu bat da, Errenteriako Iztietako zentroan urteetan ez da entzun ere egin euskara harrera zerbitzuan nahiz eta populazioaren %27-30 euskalduna izan Oreretan. Orain, aldiz, administrarien %80ª gai da euskaraz atenditzeko eta horrela egiten du. Bainan aldaketa ez da Osakidetzaren inongo planifikazioaren emaitza, horren faltan eta batzutan horren kontra eman den aurrerapausoa baizik. Populazioaren jende euskaldunak, kasu askotan, ezin izan du ezta txanda euskaraz eskatu ere. Osakidetzako profesionalei eskaini zaizkien milaka prestakuntza-ikastaroetatik bakan batzuk baizik ez dute euskaraz jasotzeko modurik izan. Hala eta guztiz egin dena hainbat euskaldun kontzienteren ahaleginari esker izan da, bainan garbi esan behar da: ahalegin hori administrazioaren inertzia linguistikoaren hesiari aurre egin behar izan dio.

** emandako diru-laguntza eskas horiei esker lortutako onurei buruz ez da, nik dakidala, balantzerik egin. Egina balego, gustura jasoko nuke.

2.- Azterketa soziolinguistikoa.
Plana diseinatu aurretik azterketa soziolinguistikoa egitea bidezkoa da, ez badugu plan irrazional bat egin. Zer planifikatu jakin gabe, nola egin daiteke planifikazioa? Zer da planifikatu behar dena Osakidetza euskalduntzeko? Jendea, profesionalak. Beraien motibazioa aztertu, duten ezagutza baloratu eta dagoen erabilera neurtu, horixe da buruz jokatu nahi bada aldez aurretik egin beharreko azterketa. Bada, horrelako estudiorik egin gabe Osakidetzak kontuan hartu duena lurraldeetako eta herri/hirietako populazioaren hizkuntza-portzentaiak. Baina Osakidetzak ez du lurralde, herri eta hirien euskalduntzea planifikatu behar. Osakidetzaren lana, izatekotan, Osakidetzako profesional edo langileen euskalduntzea izango da! Horien azterketa zen egin beharrekoa. Eta horixe da, hain zuzen, Osakidetzak, Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiaren oniritziarekin eta Kultur Sailburuaren oniritziarekin, egin ez duena. Euskaldundu behar dena (jende bat eta horien arteko harremanak eta egiturak) aztertu gabe, planifikazioa onartu dute.

Azterketa soziolinguistikoak eskatzen du jendearen motibazioak, ezagutzak eta erabilerak aztertzea. Horretarako, ohi den moduan, eztabaida-taldeak eta inkesta pertsonalak erabiltzen dira, eta lan-orduetan egiten dira. Eta aztertu beharrekoa da euskararekiko eta gaztelerarekiko motibazioa, ezagutza eta erabilera. Horiek dira, maila guztietan, "normalizatu" beharrekoak. Euskararen presentziaren hutsuneak normalizatu behar badira, gazteleraren presentziaren gehiegikeriak ere normalizatu behar dira. Eta alderantziz ere. Baina horrek azterketa serio bat eskatzen du.

Azterketa soziolinguistiko hori egin gabe planifikatzeak ez du arrazionaltasun izpirik ere ez. Ez da horrelakorik ezertan ere egiten, euskararekin salbu. Edo agian, horrelako planifikazioak adierazten du arrazionaltasun "berezi" bat? Momentuz, eutsi diezaiogun gogo onaren teoriari.

3.- Planaren balorazioa.
Sinestezina bada ere, plan horretan ez da 20 urteko esperientziaren aipamen txikiena ere egiten. Eta gezurra badirudi ere, plan horretan ez da aipatu ere egiten nolakoak diren Plan horren aplikazioa burutu/jasan beharko duten profesional langileek.

Aurkeztu den planaren legearen sarreran edo preanbuloan zehazten da plan beraren horizontea eta eginkizun orokorra, Osakidetzak orain erabiltzen duen hitzetan: bisioa eta misioa. Errito bakarrik al da? Dena egiten da, hala behar du izan gainera, Euskararen Normalizazioaren Legearen arabera, Gernikako Estatutuaren arabera, eta ondorioz Espainiako Konstituzioaren arabera. Errito bakarrik al da? Erritok uste baino eragina handiagoa du bizitzan..! Konstituzioaren defentsa erritualaren inguruan zer ari gara azken hilabeteetan entzuten! Bada, erritoari omen duen garrantzia emanez, gogora dezagun Osakidetzaren egitekoa edo misioa izango dela euskara bigarren menpeko hizkuntza gisa mantentzea eta euskaldunen hizkuntza komunitatearen existentzia ezkutatzea. Ez al da ordua Konstituzioaren 2./3. artikulu hori betirako erretiratzeko? Badakigu lege partikularrak ezin duela marko legala gainditu, baina jakin beharko dugu ere jokoaren erregelak zeintzuk diren eta pozointsuak diren ala ez...

Ez dezala inork konstituzioaren aipamena aitzakiatzat hartu proposatu nahi dudan eztabaidan ez sartzeko. Legea hau izan edo bestea izan, esaten ari naizena da Osakidetzak baduela 20 urteko praktika kalamitoso bat; Osakidetzak plan bat egin duela irrazionaltasunaren numero guztiekin: azterketa soziolinguistikorik egin gabe; eta eransten dut orain, aipaturiko bisio eta misioa aurrera eramateko proposatzen den estrategia, planaren legea bera dela. Eta legea ere penagarria dela.

Preanbuloak motibazioa eta erabilera aipatzen badu ere, legearen artikulatua ezagutzan zentratua dago. Horren ingurukoa da artikulatu nagusiena eta horren ingurukoa da legearen derrigortasuna. Eta ezagutza "perfilen" politikaren bidez ziurtatu nahi da, hau da zigor-mehatxuarekin loturiko hizkuntza-eskakizuna ezarriz. Eta hizkuntz-eskakizunak 1. eta 2. direnez, oso ezagutza eskasa ziurtatu nahi da plangintza horren bidez. Laburbilduz: ezagutza, erabilerarako ezagutza eskasa, beldurraren motibazioarekin sustatu nahi den ezagutza.

Ondorioak kaltegarriak beharko dira izan. Alde batetik ezagutza eskasa proposatzearekin batera, erabilera sustatzea ezinezkoa izango da urte luzeetan, izan ere ezagutza-maila nahikoa izan gabe ezin baita erabili. Bainan, bestetik, eta hauxe da agian kaltegarriena, hizkuntz-eskakizunen ondorio txarrena motibazio arloan ematen da. Izan ere, legearen arabera bi motibazio mota nagusi sustatzen dira: lehenengoa, beldurraren motibazioa, hizkuntz-eskakizuna asignatua duten lanpostuetako langile edo profesionalak jadanik sentitzen hasi diren beldurra, angustia, depresioak....--administrazioaren gainontzeko erakundeetako hizkuntza-planetan gertatu izan den fenomenoa eta adarretatik heldu gabea oraindik--; bigarrena, "irresponsabilitatearen","erantzukizun-eza"ren motibazioa, hizkuntza eskakizunetatik libro gelditu diren guztientzat, hau da, 45 urtetik gorako guztientzat, Osakidetzan portzentai nahiko handia dena.

Osakidetza euskalduntzeko plana? Uste dut orain arte gastatu den dirua eta lana eta hemendik aurrera gastatuko dena beste erabilera osasungarriagoa izan dezakeela. Horrelako plana burutu eta onartzeko ardura izan dutenek pentsatuko beharko lukete bere gaitasunari buruz. Zeren plana osotasunean harturik, eta Txepetxi askotan entzun diodan eskema gogoratuz eta erabiliz, esan beharko nuke plan hau dela inkontzientea, inkoherentea eta inkonpetentea.

Inkontzientea da: euskara anemiatik libratzea bezain garrantzitsua da gaztelera enpatxutik libratzea, eta bidez, Osakidetzara hurbiltzen diren etorkinen onarpenaren parte bat da beraien hizkuntzarekiko keinu adeitsu bat luzatzea. Hizkuntzen berdintasuna eta guztien estima planean ez da kontenplatu ere egiten. Gainera euskara sustatzearen izenean mehatxuaren motibazioa eta erantzukizun-ezaren jarrera ezartzen dira.

Inkoherentea da: Utz dezagun jadanik erremediorik ez duena: duela hogei urte profesionalek zuten motibazioa eta adina alferrik galtzen utzi da. Baina orain inkoherente da euskararen motibazio nahikoa erakutsi ez duen Osakidetzako Zuzendaritza bera izatea euskalduntze planaren erdigunea. Inkoherentea da euskara ikasten hasi ez den jende kargudunak postu apalagoetan dagoen jendeari euskara maila jakin bat exigitzea.

Inkonpetentea da: ez duelako kontutan hartzen prozesu guztiaren motorra, helduen kasuan, motibazioa dela. Osakidetza osoa kalitatearen bikaintasunaren bidean jarri nahi denean, Osakidetzako euskalduntze prozesuan txapuzaren bidean jarri nahi da.

Anuntziatutako porrot baten aurrean gaude. Baina porrot honen leungarri izango da, agian, Osakidetzan hizkuntza kontzientzia duten profesional langile askoren lana. Administrazioak ez du horrelako txapuzak lege bezala onartzeko eskubiderik. Bainan euskaldun izateko aukera egin dugunok, aipatzen ari naizen traba guztien gainetik ere, gure erantzukizunari eutsiko diogu. Prest nago ideia hauetaz eztabaidatzeko, osatzeko, zehazteko eta fintzeko. Errenterian bizi naiz eta bertako osasun zentroan nago lanean.


Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eguneraketa berriak daude