argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21

Klimaren historiari buruzko datu gehiago

Europarrek eta japoniarrek, bakoitzak bere aldetik, Hego Poloko izotz-geruzatik bi izotz-lagin aztertu berri dituzte, Lurraren atmosfera eta klimaren historiari buruz zerbait gehiago ezagutu nahian. EPICA deituriko proiektu europarrean Alfred Wegener Institutuko Heinrich Miller-ek zuzendutako ekipoak 2.772 metroko sakonera duen zuloa egin eta bertako izotza aztertu du. Zulaketa 2001ean hasi zen eta aurtengo urtarrilaren 17an amaitu.

Ateratako izotz-puskak 900.000 urte izango dituela uste da eta beraz, orain 780.000 urte gertatu bide zen polo magnetikoen alderanzketari buruzko aztarnak lortzea espero da.

Japoniarrek 3.000 metrotik beherako izotz-puskak lortu dituztela iragarri dute, beraz, hauek ere datu interesgarriak lortu ditzakete.

Orain arte egindako zulaketen eraginez, azken 650.000 urtean gertatutako fenomeno atmosferiko garrantzitsuenen aztarnak topatu dira eta beraz, aipatu epeko historia klimatikoa aski ezaguna da. Ea bada zenbat egiten dugun atzera orain.


Edalontzi motaren eragina

Likore bat zerbitzatzen denean, pertsona gehienek, zerbitzari profesionalek barne, %20-%30 artean likore gehiago botatzen dute edalontzi zabal eta baxuetan edalontzi altu eta estuetan baino, Cornell-eko unibertsitateko Brian Wansink eta Georgiako Institutuko Koert van Ittersum ikerlariek egindako azterketaren arabera. Gainera, hezkuntzak edota esperientziak ez dute joera hau erabat zuzentzen.

Ikerlarien arabera, horren arrazoia gizakiok dugun ilusio optikoa da; ilusio horren arabera lerro bertikalak tamaina bereko lerro horizontalak baino luzeago ikusten ditugunez, nahiz eta bi edalontzi-motak bolumen bera izan, edalontzi altuetan likido gehiago sartzen dela pentsatzen dugu. Beraz, beste era batera esanda, gure zentzuak garrantzi handiagoa ematen dio altuerari zabalerari baino.

Froga desberdinak egin zituzten: batean 198 unibertsitateko ikasleri eta bestean 86 zerbitzari profesionali likore kantitate zehatz bat bi edalontzitan -altua eta estua zein baxua eta zabala- zerbitzatzea eskatu zieten eta emaitzak hauexek izan ziren: ikasleek behar baino %30 gehiago zerbitzatu zuten edalontzi baxuetan eta zerbitzariek %20 gehiago.

Beste froga batean, froga erreala egin aurretik hamar aldiz entrenatzeko eskatu zieten ikasleei eta hala ere froga errealean %26 gehiago bete zuten edalontzi baxua. Zerbitzariei ere behar zuten denbora hartzeko eskatu zietenean, hauek ere %10 gehiago bete zituzten edalontzi baxuak.

Ikerketa honek uste baino garrantzi handiagoa du medikuntzan -alkoholismoaren inguruan- eta ostalaritzan -kostuak murrizteko-.