Historia-liburu ondradu gutxi egiten dira. Gehienak, ia denak, ideologia edo interpretazio jakin batzuen menekoak izaten dira. Bereziki, gurea bezalako herri politizatu batean -ba ote politizatu gabeko herririk?-. Lehengoan, ordea, liburu ondradu baten aurkezpenean egon nintzen Iruñean. Liburuaren izenburua: Nafarroa, historiaren hariak. Egilea, berriz, Bixente Serrano Izko.
Zertan da ondradu liburu hau? Izenburuan berean islatzen du, adibidez, ez duela Nafarroako Historia ardatz hartu, baizik eta Nafarroan gertatutako historien hariak. Historien historia bat. Pluralean. Liburuaren hitzaurrean, azaleko izenburua irakurri ondotik begiek atzematen duten lehenean, hala dio Serrano Izkok: "Ez dakit zer den Nafarroa, historialaria naizelako". Erantzun eta argudio sendoegiak aurkitzen ditugu historia liburuetan, nonbait. Nire ikasleei historia hutsunez beterik dagoen zerbait dela erakusten diet lehen-lehenik.
Wislawa Szymborskak erraten zuen elkarrizketa batean bere "ez dakit" urte askotan bilatutakoaren emaitza dela. Laurogeitaka urte dituen poeta honen azken liburua galderaz beterik dago. Serrano Izkoren liburu mardula bezala.