Kataluniako estatutua Kongresuan dago jada eta hilabete izango da batzordean osoko bilkurara pasatu aurretik. CiUren eta PSOEren akordioaren ondoren jadanik ez da espero aldaketa handirik. Hor ez da ezustekorik izango. Izatekotan, ezustekoak Generalitatearen hirukoaren baitan izango dira, ez baita ikusten nola eutsi diezaiokeen gobernu batek halako sakoneko banaketari. ERCk Gobernuan iraungo duela dio, baina benetako asmoa baino, iritzi publikoaren aurrean mantendu beharreko jarrera dirudi. Hauteskunde aurreratuen usaina dago Katalunian, eta beharbada, horixe da apurka ERC prestatzen ari dena. Gobernuak iraungo ez lukeen hipotesian, ERCri gehiago komeni zaio Maragallek gobernutik kanporatzea haiek besterik gabe joatea baino.