Ray Fernandez: "Internet komunikabideen zirkuitu sentsazionalistatik atera nahi dugu"


2007ko otsailaren 21ean

Noiz eta zergatik sortu zen elkartea?

Hainbat saiakera egin ostean, 2002an sortu zen, baina 2003an jarri zen martxan. Interneti buruzko kongresu eta ekintzei esker, mundu horretan gabiltzanok elkar ezagutzen genuen jada eta gizartearen interesak biltzeko eta defendatzeko elkartea sortzea erabaki genuen. Ez ginen enpresa bezala sortu; ikuspuntu soziala zuen, profesionala baino. Horregatik, hasieratik gure helburuak argi ditugu: euskal gizarteak Internetetik ahalik eta onura gehien lortzea eta sarean Euskal Herriko beharrak islatzea -euskara, lurralde egiturak eskatzen dituen Interneterako sarbide bereziak eta abar-.


Nolako bilakaera izan du elkarteak?

Hasiera batean energia handiarekin jaio zen, Valentin Garciaren zuzendaritzapean batzordea sortuz. Txostenak, liburuak, ekitaldiak... egin zituzten, Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundien diru laguntzekin. Estatutuek diote lehendakaritza bi urtetakoa dela eta beraz, bi urte beranduago nire zuzendaritzapean egungo batzordea sartu zen. Orain, gainera, guk sortutako baliabideei esker langile bat kontratatu ahal izan dugu. Ekitaldiak mantentzen baditugu ere, batez ere eztabaida bultzatu nahi izan dugu, esaterako InternetEuskadi web orriko foroaren edo wikiaren bidez. Bertan iritzi eztabaida handia dago eta informazio horrekin @Euskadi buletina kaleratzen dugu. Esan bezala, hasiera batean diru laguntza publikoen babesean ekitaldiak antolatu ohi ziren, baina uste dugu liburuak kaleratzea baino gehiago, eztabaida sortzea eta iritzia eman nahi duten guztiei aukera ematea dela gure egitekoa. Erraza dirudi, baina ez da hala, globalizazioaren aurkakoek, adibidez, ez dutelako foroan parte hartu nahi, erakundeek parte hartzen dutenez foroa kutsatuta dagoela diotelako. Guk iritzi guztiak jaso nahi ditugu, ofizialak eta horietatik at daudenak.


Azken finean, erakunde publikoen parte-hartzea garrantzitsua izango da helburu praktikoak lortu nahi badira, ezta?

Hala da. Gure betiko eztabaida da: Zerbait lortu nahi dugu ala oihuka ibili? Administrazio publikoarekin hitz egitea beharrezkoa da, gure asmoak helarazteko. Presioa egitea ez da gure jokabidea; gainera, arazoa ez da gauzak hobetzeko borondate falta, informazio eza baizik. Beharrak planteatu ditugunean, arrazoia eman izan digute. Esaterako, banda zabala faktore oso garrantzitsua dela adierazi diogu beti Jaurlaritzari. Bada EAEn legeak dio operadoreek derrigorrez 9.600 baudioko banda zabala eskaini behar dutela, baina hori oso baxua da eta orain, Jaurlaritzak legea aldatuko du, banda zabalaren baudio kopurua handitzeko asmoz. Euskal Herrian dugun orografiaren erruz, badaude hiri handietatik kilometro gutxira egonagatik sarbide telefonikoa baino ez duten herriak. Hemen gabezia handienak orografiak eragiten ditu. Bestalde, eskaintzak demanda sortzea ere bilatzen dugu, Interneten zerbitzu on batek jendea erakartzea alegia, eta hori Administrazio publikoaren egitekoa da. Internetek gauza asko eskaintzen ditu planeta guztian, baina euskaldunontzat onuragarriak diren gauzak eskaintzea behar dugu.


Euskal Herritik kanpoko beste elkarteekin harremanak ba al dituzue?

Bai, oraintxe bertan Internet Society internauten munduko elkarterik garrantzitsuenarekin harremana indartzeko ahaleginetan ari gara. Gainerakoan, Kataluniako internauten elkartearekin dugu harreman gehien, oso aurreratuak daudelako. Euskal Herritik kanpo antolatzen diren hainbat bileretan ere parte hartzen dugu, baina normalean elkarteen eztabaidak sarean azaleratzen dituzte eta bertatik zuzenean jaso ditzakegu.


Interneteuskadi.org zuen web guneak zer eskaintzen du?

Ongietorria ematen duen orrialde nagusia blog bat da eta edonork anonimoki informazioa bidal dezake. Gure weba Euskal Herriarekin lotura duten Interneti buruzko berriak ematen lehenengoa izan ohi da. Informazio hori guk kontrolatzen dugu eta iturri garrantzitsua da. Bestalde, wiki atalean elkarteko gauza asko azaltzen ditugu, estatutuak aurki daitezke bertan eta izaera irekia du, edonork gauzak alda ditzake.


Web orrialdea euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzen duzue, baina orokorrean, euskararen presentzia handia al da web guneetan?

Erdarazko blogekin alderatuta, euskarazkoak askoz gutxiago dira. Erakunde publikoen aldetik, diru laguntza eta programa garrantzitsuak daude -softwarea euskaraz eskuratzeko aukera dago orain-, baina ekimen pribatuetan euskara bigarren mailakoa da, nabarmen.


Administrazioak, orduan, Internetekiko interesa agertzen al du?

Asko inbertitzen da, baina sentsazioa da ez dela zerbitzu horien hartzailea kontuan hartzen; beharrezkoa da hiritarra zerbitzu horietan gehiago inplikatzea. Esaterako, Administrazioko hainbat web orrialdetan aldaketak egin dituzte eta ez dute aukera eman orrialde horietan Mozilla nabigatzailearekin sartzeko, nabigatzaile horrek merkatuaren %10 duenean. Erabaki arbitrarioak eta onartezinak dira guztiz. Beraz, Administrazioan hobetzeko asko dago oraindik, baina egoera beste lurralde batzuetakoa baino hobea da. Irun, Donostia, Bilbo eta beste hainbat udalek oso gauza interesgarriak egin dituzte. Dena den, ondo egindako web orrialdeak ez dira erakundearen sistematizazioaren ondorioa, Internet munduarekiko interesa duten pertsona jakinen ekintzak baizik. Sistematizazioa falta da.


Interneten demanda handia al da Euskal Herrian?

Erabiltzaileei dagokienez, Espainiako batezbestekoaren gainetik gaude eta Europako batezbestekotik zertxobait beherago. Erabiltzailearen profila beste lekuetakoa bezalakoa da, baina KZgunea bezalako ekimenek ondorio interesgarriak izan dituzte eta etxeko andre eta erretiratu asko Internet ikastaroa egitera animatu dira.


Eta web orrialdeetako edukien aldetik?

Euskal Herrian ez dugu Interneten oinarritutako marka multinazionalik eta guneen eduki nagusiak beste lekuetakoen antzekoak dira: merkataritza elektronikoa, aisialdiarekin zerikusia duten orrialdeak eta blogak. Blogen fenomenoa ere iritsi baita gugana eta blogarien mugimendua mundu osoan ikus daitekeenaren parekoa da. Dena den, euskararen arazoa handia da blogetan, hizkuntzak noizean behin konektatu ohi diren bisitarien kopurua murrizteaz gain, Internetera egunero konektatu eta blogak egunero kontsultatzen dituen internauta leial horren kopurua ere murrizten duelako.


Une honetan zer da berritzaileena Interneten?

Horri erantzutea helburu duten web guneak daude, baina oso zaila da berritzaileena edo azken berrikuntza zein den esatea, Interneten bilakaera oso azkarra delako eta egunetik egunera aldatzen delako. Dena den, ekintza berritzaileen adibidea jartzeagatik, Amerikako Estatu Batuetako gazte batek milioi bat puntuko web orria sortu zuen duela gutxi eta puntu bakoitza publizitatea ipintzeko saltzea bururatu zitzaion, unibertsitaterako dirua lortzeko. Hiru hilabetetan, puntu guztiak saldu ditu. Buruan dudan beste berrikuntza bat: pod-cast delakoa edo audioen bloga. Pod-castak baino lehenago argazkien blogak arrakasta izan zuen, ondoren irratiak audioak sartzen hasi ziren eta orain jendea ere animatu da. Aukera ona iruditzen zait, bideoak Interneten kargatzeko denbora asko behar duelako eta soinuak aldiz, gutxiago.


Interneten zerbait berria ikusiko al dugu?

Bai, noski! Begira nola aldatu diren gauzak urte hauetan! Interneten «desagertzea» izango da interesgarriena. Hau da, ondorengo belaunaldiek ordenagailua hain modu arruntean eta hain maiz erabiliko dute, telefonoarekin bezalako jauzi kualitatiboa emango dela: ez dira Interneten existentziaz kontziente izango. Telefonoa sortu zenean, oso asmakuntza garrantzitsua izan zen, baina dagoeneko «desagertu» egin da, inor ez da bilakaera historiko horretaz jabetzen eta hori da Internetek izango duen bilakaera. Ikusiko dugun beste aldaketa bat informazioa erabiltzeko moduarena da. Gaur egun, informazioa guk geuk gordetzeko joera dugu. Banda zabala leku guztietan bermatzen denean, informazioa Interneten bertan kontserbatzea izango da joera eta ez da beharrezkoa izango etxean gordetzea. Hala ere, beste mila aldaketa ekarriko ditu Internetek.


Eta elkarteari dagokionez, zeintzuk dira etorkizunerako zuen erronkak?

Epe laburrean, batetik, Euskal Herrian Informazio Gizartearen Plana nola dagoen ikustea eta aztertzea izango da gure egitekoa, batez ere herritarrek banda zabala eskuratzeko egin behar den finantzazioaren inguruan. Jarraitasun batekin web tailerrak maiz egitea ere beharrezkoa ikusten dugu, Administrazio publikoak eskaintzen dizkigun web guneen kalitatea ikertzeko. Funtsezko hirugarren oinarria Interneten irudi atsegina zabaltzea izango da. Komunikabide askok etengabe beldurra sortzen dute Interneten inguruan. Sentsazionalismo kontua da, berri batzuek beste batzuek baino gehiago saltzen dutelako. Internet zirkuitu horretatik atera nahi dugu, Interneti lotuta munduan egunero milioika berri atsegin eta arrunt daudela jendeari erakusteko. Hori da elkartearen erronkarik garrantzitsuena, gurasoek beraien seme-alabei Internet erabiltzen utz diezaieten beharrezkoa baita beldurra kentzea. Eta Informazioaren Gizartean beharrezkoa da haurrei Interneten ibiltzen uztea. Beldurtu beharrean ondo informatzean eta arriskuak saihestean dago gakoa.

Datuak
«Elkartean 500-600 inguru gara, Euskal Herri osokoak -Ipar Euskal Herrikoak gutxien- eta diasporakoak, eta gure weblogaren eta Euskadi zerbitzuaren artean 5.000 harpide ditugu. Beraz, euskal internauten bilgune adierazgarria dela uste dut. Orain, kuotak ipini nahi dizkiegu bazkideei, baliabideak eskuratzeko. Noski, elkarte guztiz irekia gara».

Buber sariak
Internet&Euskadi elkarteak Euskal Herriko web gune onenak saritzeko Buber sarien bosgarren edizioa martxan jarri du dagoeneko. Sariak 2000. urtean sortu ziren -garai hartan Euskadi ekimenaren bidez- eta Euskal Herriari buruz lehenengo web orrialdea egin zuenaren izengoitia daramate: Buber. Hautagaiak aurkezteko epea zabalik da otsailaren 28a arte eta lehenengo bi asteetan jada 200 hautagai aurkeztu dituzte, duten ospearen adierazgarri. Epea bukatu ostean, sarituak aukeratzeko edozeinek bozkatu ahal izango du. Kategoria batzuetan, ordea, «iritzi profesionalagoa» behar dela eta horietan InternetEuskadiko web gunean azaltzen diren 30 epaimahaikideek hartuko dutela erabakia azaldu digu Ray Fernandezek. Besteak beste, «edukien kalitatea, erabilgarritasuna eta herritarrei bideratuta egotea» hartuko dute kontuan. Elkarteko web gunean kritikak jaso dituzte, epaileetako batzuek ez dakitelako euskaraz. Fernandezen hitzetan, «euskaraz hitz egiten ez jakin arren, euskarazko web guneak baloratzeko adina euskara badakiten pertsonak daude epaimahaian eta gainera, testuak zehazki zer esaten duen jakitea ez da faktore garrantzitsuena. Egia da euskaldun gehiago izatea gustatuko litzaigukeela »aitortu du», baina urtero aldatzen eta hobetzen joango gara».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Internet
2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


Teknologia
Gizakion sorkuntza agortzen?

Adimen artifiziala gizakion eremu asko ordezkatzen ari dela badakigu: erosotasuna, abiadura, efizientzia... Mundu kapitalista honen abiadura beharretan, gizakion ahalegina oztopo dela sinetsarazi digute. Gure, klase xumeen, egiteko eta sortzeko aukerak murrizteko erasoak leku... [+]


2024-11-15 | Gorka Julio
S2 - Sareak berreskuratu eta berrasmatu

Azaroaren 15ean Errenteria-Oreretan Euskal Herria Digitala osatzen dugun eragileek antolatutako hirugarren jardunaldiak egingo ditugu. Autodefentsa digital feminista lantzeko tailer bat eta digitalizazio demokratikoa oinarri izango duen hitzaldi bat izango dira... [+]


Wikipediako 2023ko argazki onenak: naturako argazki ikusgarriak nagusi

Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]


2024-11-01 | Sustatu | Sustatu
Wikipedia AA eduki okerretik (baina ez AA orotatik) askatzeko premia eta proiektua

WikiProject AI Cleanup proiektuari ekin diote Wikipedian: "Adimen Artifizialaren garbiketa", nolabait esatearren. Wikilari boluntarioak momentuz ingelesez, frantsesez eta alemanez hasi dira adimen artifizialaren bidez sortutako materialak detektatu eta (okerrak... [+]


2024-10-30 | Axier Lopez
Marta G. Franco
“Sare sozial komertzialetan inertziaz jarraitzen dugu, baina ez gara emaitza onak lortzen ari”

Gorrotoa sustatzen duten algoritmoak, mendekotasuna sortzeko diseinatutako aplikazioak, pertsonak beharrean publizitate-hartzaileak ikusten dituzten plataformak, merkantzia gisa tratatzen gaituzten sare sozialak... Badirudi azken aldian Internetetik toxikotasuna baino ez dugula... [+]


Mugikorrak ez, baina Chromebookak bai?

“Pantaila aurrean denbora gutxiago igarotzeko esaten diegu gazteei, eta aldi berean ikastetxean derrigortzen ditugu gailu digitaletara konektatzera”. Eskoletako digitalizazio prozesuei frenoa jartzeko eta teknologiak (ez bakarrik hezkuntzan) gure gain duen kontrolaz... [+]


2024-10-08 | Sustatu
.eus domeinuetako 15 terabyte gorde dituzte artxibo publikoetarako

Espainiako Liburutegi Nazionala eta Euskariana Euskadiko Liburutegi Digitala elkarlanean aritu dira, bigarren urtez jarraian, .eus domeinuko eduki multzo handi baten bilketan. 13.000 domeinutan, orrialde sorta handiak biltegiratu dituzte, informazioko 15 terabyte guztira. Baina... [+]


Wikipediaren hizkuntza gutxituen biltzar batean bizitakoak

Lanopor egun batzuk izan nituen joan den astean. Oporrak ziren, baina ordu batzuk dedikatzen dizkiodan afizio bati emanak izan ziren, biltzar batean inbertituak: hotelean lo eta hotel bereko areto batean jardunaldiak goiz eta arratsaldez. Ordu gutxi batzuk geratzen ziren hiria... [+]


Internet demokratiko eta burujabe baten alde lanean

Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]


2024-09-17 | Sustatu
Euskal kulturari buruzko artikuluak hobetzeko lehiaketa Wikipedian

Euskarazko Wikipediaren proiektuetako bat da Ikusgela, ikus-entzunezko material didaktikoak sortzeko ekimena, eta ikasturte berria abiatzera doaz euskal kultura sailerako bideo sorta berria argitaratuz. Hori egireko orduan konturatu dira artikulu askok hobekuntza eskertuko... [+]


2024-09-16 | Sustatu
EAEko Hezkuntza Sailak datuen babesa egoki bete gabe egin zuen hitzarmena Google Workspace for Education erabiltzeko

Udako albistea da, zenbait tokitan agertu zena, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-organo bat) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari espedientea ireki ziola Googleren produktu batzuk erabiltzera behartzeagatik ikasleen... [+]


Europak 15.000 milioi euroko isuna jarri die Apple eta Google multinazionalei

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Apple eta Irlanda kasua ebatzi, eta Googleren aurkako zigorra berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.


2024-09-10 | Sustatu
Kaixomaitia.eus irail amaieran itxiko da, ez badu inork erreleboa hartzen

Irail amaieran itxiko da Kaixomaitia.eus, harremanak aurkitzeko euskarazko webgunea, 17 urteko jardunaren ondoren. Hala jakinarazi du mezu batean bere sortzaileak, urteotan baliabide hau kudeatzen hainbeste lan egin duen Iñigo Arandia Galarragak. Mezuan aipatzen du... [+]


Eguneraketa berriak daude