argia.eus
INPRIMATU
Paulo Iztueta Armendariz: «Erabilera egokia ala desegokia izan, belaunaldien gaia bizirik dago»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Belaunaldien kontzeptua ez al dago zaharkitua?
Aldika, trumoi haserretuaren antzera, idazle-multzo baten deiadarrak entzuten dira gizartean beren lekua eskatuz. Harritzekoa ere bada belaunaldien kontuak horrelako burrunba ateratzea, kontzeptu hori, kritikak aspalditxotik auzitan jarria, hila edo erdi-hila zelakoan baikeunden. Baina bai zera! Nolanahi ere, kontzeptuari ematen zaion zentzua ez da beti berdina izaten, nork eta non, aldatu egiten baita.

Zeintzuk dira aldaketa horiek?
Askotan, adin biologikoa izan ohi da neurria. Beste batzuetan, ordea, zentzu sozialean erabiltzen da. Adibidez, Pako Sudupek 1950eko hamarkadan gertatzen diren tirabirez jarduten duenean. Euzko-Gogoa aldizkariaz ari dela, belaunaldi berekoen artean bi joera nabarmentzen ditu, batzuk euskara kultuaren aldekoak (Zaitegi, Orixe, Ibinagabeitia) eta beste batzuk, berriz, euskara populistaren aldekoak (Iparraldean Herria astekarikoak, Lafitte eta Salaberri, eta Hegoaldean Mokoroa eta Etxaniz).

Eta nola erabili beharko litzateke kontzeptua?
Zernahiri deitzeko balio du belaunaldiaren kontzeptuak. Erabilera egokia ala desegokia izango da, baina belaunaldiaren gaia bizirik dago. Eta euskal literaturaren esparruan badu bere gantxoa, berrikitan ARGIAn bertan Harkaitz Cano, Juan Luis Zabala eta Iban Zaldua idazleen arteko elkarrizketa mamitsuan solaskideek egungo euskal literaturaren esparruan belaunaldien arazoaz beren aburuak agertzen baitzituzten.