argia.eus
INPRIMATU
Nola eduki gatza kontrolpean
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21

AHipertentsioa zeri esaten zaio? Odola arterietan zehar zirkulatzen ari denean, abiadura handian doalako edota bere bidean trabak aurkitzen dituelako, aurrera egiteko dituen zailtasunei esaten zaio tentsio arterial altua edo hipertentsioa. Pertsonaren adinaren aurreneko zenbakiari 1 erantsi aurretik, eta horrek tentsio altua edo sistolikoa emango digu. Adibidez, 44 urte badituzu 14 izango da zuretzat zifra sistolikoa; 62 badituzu, berriz, 16 izango da tentsio altuaren zifra. Eta tentsio baxua edo diastolikoa kalkulatzeko, altuaren erdia gehi bat egin behar da. Beraz, aurreko kasuetan (7+1 = 8) edo (8+1 = 9) izango lirateke zifra horiek.

Hipertentsioa oso gaitz traidorea da, ez baitu apenas sintomarik ematen -mareoak edo buruko minak, batzuetan-, baina bere ondorioak oso larriak izan daitezke. Eta inoiz ez dira ahaztu behar gaixotasunarekin lotutako arrisku-faktoreak, hala nola familian gaitza agertzeko dagoen joera, jarduera fisiko eskasa, tabakoa, pisu handiegia eta gehiegizko alkohol eta gatz kontsumoa.

Aspalditik aski frogatua dago zuzeneko harremana dagoela hipertentsioaren eta gatz kontsumo gehiegizkoaren artean. Horrela, Osasunaren Munduko Erakundeak (OMEk) emandako gomendioen arabera, ez litzateke egunean 6 gramo gatz baino gehiago ahoratu behar. Baina maila hori baino askoz beherago ibiltzeak baditu bere arriskuak ere: gatzak digestio egokia errazten du, gorputzak behar dituen likidoen maila bere neurrian mantentzen du, eta eguneroko mineralen kopurua ere ziurtatzen du.

Nola lortu, bada, eguneko gatz-kopuru egoki hori? Hona hemen zaindu beharreko aholku edo neurri batzuk:

- Produktu gazien kontsumoa mugatu -poltsako patata frijituak, sobreko zopak, olibak, ozpinetako pepinoak edo tomate saltsa, esaterako-.

- Aurrekozinatutako eta latako produktuen kontsumoa gutxitu.

- Irakurri ondo jakien etiketak, zenbat sodio duten ikusteko.

- Janariak gatz gutxirekin prestatu, edo batere gatzik gabe, ahal izanez gero. Eta behar izanez gero, erabili gatza mahaian, baina hor ere neurriz.