argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 20a

Txotxongiloen Nazioarteko Zentroa bidean

Ondo bidez, udazkenean hasiko dira Tolosan Txotxongiloen Nazioarteko Zentroaren eraikuntza lanak. Justizia jauregi zaharraren eraikinean kokatuko da eta 6 milioi euroko aurrekontua izango du. Txotxongilo ikuskizunak Titirijai jaialdiaren baitan baino ez dira ikusten ia Gipuzkoako herrian eta, Zentroaren bidez, urtean zehar programazio egonkorra eskaini nahi dute. Horrez gain, bi erakusketa areto izango ditu: txotxongiloen historiaren gaineko erakusketa egonkorra izango da batean eta behin-behinekoak bestean. Dokumentazio funtsa jasoko du, ikastaroak eskainiko ditu eta txotxongilo taldeekin koprodukzioak egitea du asmo. Eraikinak txotxongilo emanaldiez gain, bestelako ekintza kulturalak jasoko ditu.


Metak diskoetxeak ateak itxi ditu

Urtarrilaren 31n amaitu zuen Metak diskoetxeak bere jarduna. 2001eko udaberrian Esan Ozenki diskoetxeari lekukoa hartu zion Metak-ek, autogestioa eta independentzia ardatz hartuta haren lan egiteko eredua bere eginez. Bost urtetan 73 disko eta DVD plazaratu ditu, azkena Negu Gorriak taldearen ibilbidea jasotzen duen Negu Gorriak 1990-2001 DVDa. Musikari preziatuen lanak argitaratu ditu bost urteotan argitaletxeaak: Ruper Ordorika, Xabier Montoia, Fermin Muguruza, Kuraia, Anari... Ez dira garai onenak sektorearentzat. Diskoetxeko arduradunek Metaboletinaren bidez eman dute itxieraren berri: «Salmentek urtez urte behera egin dute, nabarmen. Honek kinka zailean ipini izan gaitu ia ekoizpen bakoitzarekin, eta azkenean joera hori gailendu eta benetan hondoratu aurretik lehorreratu beharrean ikusi gara». Metaken katalogoa eta Esan Ozenkirena zena Elkarrek banatuko ditu aurrerantzean.


Euskal galeria gutxiago Arcon

Madrilgo Arte Garaikideko Nazioarteko Azokak 25. aldiz zabalduko ditu ateak hilaren 9an. Otsailaren 13a arte, Arcok mundu osoko 3.000 artista inguru bilduko ditu, baina aurtengoan austriarrei arreta berezia ipiniz, herrialde hau baita ekitaldiko gonbidatua. Urtero bezala, hainbat euskal galeriek ere gonbidapena jaso dute, bostek hain zuzen, aurreko urtetan baino gutxiagok: Bilboko Colon XVI, Vanguardia eta Windsor Kulturgintza, Donostiako Dieciséis eta Iruñeko Moises Perez Albeniz. Rosina Gomez-Baeza Arcoren zuzendariaren iritziz, kopurua gutxitzearen arrazoia azokaren "nazioarteko izaeran" dago.


Donostiako Jazzaldia, bertakoagoa....

Apurka ugarituz joan dira azken urteotan Donostiako Jazzaldian parte hartu duten bertako eta inguruko taldeak. 2005ean hamar tokiko taldek parte hartu zuten jaialdian eta kopuru berdina lortu nahi dute uztailaren 21etik 26ra burutuko den 41. Jazzaldian ere. Horretarako 45 talderen proposamenak jaso eta 15 aukeratu dituzte urtarrilaren amaieratik maiatzeraino Altxerri, Branka eta Forum FNACen jo dezaten. Publikoarentzat doan izango diren kontzertuotan Jazzaldiko Batzorde Antolatzaileko kideek programazioan sartuko diren hamar taldeak aukeratuko dituzte hamabost horien artetik.


Liburutegiek izandako aldaketa aztertu du ALDEEk

Asko aldatu dira liburutegiak. Haietan dagoeneko ez daude liburuak bakarrik, geroz eta euskarri gehiago (CD-ROM, DVD, datu baseak...) jasotzen dituzte eta horrek ere aldaketak ekarri dizkie liburuzain eta dokumentalistei. Interneten zabalkundeak liburutegietan kontsulta gutxiago izatea ere ekarri du. Aldaketa horiexek jaso ditu Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Elkarteak (ALDEE) egin berri duen azterketan. Profesionalak kexu dira egiten dituzten lan kualifikatuak ez direlako euren soldatetan islatzen. Esaterako, administrazio liburuzain postuetarako eskola graduatua baino ez dela eskatzen diote eta apenas baloratzen diren Bibliotekonomia diplomatura eta Dokumentazio lizentziatura. Bestetik, etengabe formatzeko beharra ageri da azterketan, teknologia berrien eraginez.



Solasaldiak ostegunetan Amikuzen

Urtero bezala, hitzaldi sorta oparoa izango da Amikuzeko Xokoan, otsaileko ostegun oro: Otsail ostegunak. Manex gogoan animazio taldeak antolatu ditu Zabalik elkartearen babespean eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzaz. Otsailaren 2an Laida Etxemendi Palestinan izandako bizipenez mintzatuko da Palestinan Elkartasunez hitzaldian. Lucien Etxezaharretak Zer balio du euskarazko literaturak? galderari erantzungo dio otsailaren 9an. Otsailaren 16an Iñaki Caminok hartuko du lekukoa eta Baxenabarreko eskuaraz hitz egingo du. Amaitzeko, Alizia Stürtzek Euskal kultura, neoliberalismoa eta inpendentzia hitzaldia eskainiko du otsailaren 23an.


Operaz gehiago jakiteko

Jendea operara zaletzeko asmoz, opera emanaldiak eskainiko ditu DVD formatuan Donostiako Orfeoiak bere egoitzan, hirugarren urtez. Gaztelaniazko azpitituluak izango dituzte proiekzioek. Aurtengoan Wolfgang Amadeus Mozarten opera batzuk entzun eta ikusi ahal izango dira programan, hura jaio zela 250 urte direnean. Hona eskainiko dituzten operetako batzuk: Zaide (otsailak 23), Idomeneo (martxoak 9), Las bodas de Figaro (apirilak 27), Don Giovanni (maiatzak 11) eta Cosi Fan Tutte (maiatzak 25). Proiekzioen aurretik Carlos Benito operazaleak obraren gaineko sarrera egingo du.