argia.eus
INPRIMATU
Egibar berriz Ibarretxeren lidergoa aldarrikatzen (Bero-beroan)
2007ko otsailaren 21a
Iragan abenduaren bukaeran Ibarretxe lehendakariaren lidergoa gogor akuilatu zuen Joseba Egibarrek prentsara zabaldutako artikulu batean. Joan den igandean berriz aritu zen gaiaz, Berria-n argitaratutako elkarrizketa batean. Bere ustez, lehendakariak iragan legealdian ekindako lana berak bukatu beharko luke, eta beraz, datorren legealdian ere bera litzateke EAJren hautagairik egokiena. EAJn bertan norbaitek bestelako hautagaitzarik bultzatuko balu, Egibar bera bederen aurrez aurre izango luke. Ibarretxe lehendakariak, bere aldetik, legealdi honi ekin zionean, hau bakea eta normalizazioaren legealdia izango zela iragarri zuen, eta helburu hauek bete ezean karguari utziko ziola iradoki zuen. Jakina, zer dagoen bideratua eta zer ez baloratzea oso interpretatiboa izan liteke. Bestetik, politika jarraitzen duten herritarren galdera izan liteke ea zertara datorren Egibarrek Ibarretxe lehendakariaren lidergoa horrenbeste defendatu beharra. Eta horrek zerikusirik izan ote dezake EAJn azken bi urteetan izan diren barne tentsioekin? Eta EAJren zuzendaritzak berri duen norabide berriarekin?