Argitalpenak


2021eko uztailaren 20an
Los médicos de Bilbao
Juan Gondra
Medikuntza eta Zientzien Historiaren Euskal Museoa
312 orrialde

Bilbok izandako sendagileak

Bilboko Udalaren babesaz Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoak plazaratu duen Juan Gondraren lan honen izenburu zehatza Los médicos de Bilbao. Siglos XV al XIX da. Hain zuzen ere, mende horietan zehar Bizkaiko hiriburuak izandako sendagileen zereginak zeintzuk izan ziren azaltzen ditu bertan. Garai haietan Udalak arautzen zituen zeregin horiek eta sendagileen soldatak ordaindu ere bai. Juan Gondraren lanak ez ditu bakarrik Bilbok izan dituen mediku ospetsuenak gogoratzen, ordea, bere hiritarren beharrei erantzuteko mende horietan zehar hiriak izan dituen ia laurehun sendagileak baizik. Eta osasunari dagokionez Bilbok izan dituen arazorik aipagarrienak eta haiei aurre egiteko eman diren urratsak ere eskaintzen ditu.

Kontsumitzaileen
eskubideak. Aurrerapausoak, arriskuak eta konponbideak
Patxi Juaristi Larrinaga
Deustuko Unibertsitatea
62 orrialde

Kontsumitzaileon bizi kalitatea hobetzeko bideak

Deustuko Unibertsitatearen Giza Eskubideen Institutuak kaleratu duen Patxi Juaristi Larrinagaren lan honek kontsumitzaileon eskubideekin zer gertatzen den hainbat ikuspuntutatik aztertzea du helburu, gai honen inguruan eztabaida bultzatzeko. Horretarako, batetik, kontsumitzailearen eskubideen bilakaeraren historia laburtua azaltzen du, Espainiari eta Hego Euskal Herriari dagokienez. Gero, XXI. mendeko kontsumitzaileak dauzkan zazpi eskubideen berri ematen du, gaur egungo kontsumitzaileak babes juridiko egokia duela gogoratzeaz batera. Jarraian, ordea, Nola urratzen dira kontsumitzaillen eskubideak? kapitulua osatu du, eta azkenik hori gerta ez dadin jarraitu beharreko hainbat proposamen eskaini.

Txan magoa. Dedi mago ospetsua
Juan Kruz Igerabide, Julen Tokera
Elkar
38 or. / 6,75 euro

Txan magoak Egipton bizitakoa

Juan Kruz Igerabideren irudimenak sortu eta Julen Tokeroren marrazkiek apaindutako istorioa da Txan magoaren abentura berri hau, Dedi mago ospetsua. Txan magoak Egipto ezagutzeko aukera izan zuenekoa kontatzen du. Behin batean badoa Txan magoa Donostiako Alde Zaharreko Konstituzio plazara, eta hara nondik ordura arte sekula ikusi gabeko denda zahar bat aurkitzen duen. Aitona zahar batek eta neska gazte eder batek zaintzen dute denda hori. Era guztietako traste zaharrak ditu barruan eta, Txan magoari traste zaharrak asko gustatzen zaizkionez, haiek ikusteko baimena eskatzen die besteei. Txalupa bat ikusi, eta bertan esertzen da gure magoa. Baina bat-batean txalupa kulunka hasten zaio, eta nola ez dakiela Egipton azalduko da gure Txan magoa.

Contraluz
Batzuen artean
Agrupación Fotográfica y Cinematográfica de Navarra
56 orrialde

AFCNkoen urrezko ezteiak

Nafarroako argazkilari eta zinegileen elkartea bere 50. urtemugara iritsia den honetan, hainbat partaidek AFCNren historiaz idatzitakoa eskaintzeaz batera, urte guzti horietan zehar elkarteak bildu ahal izan dituen argazki esanguratsuenen lagin zoragarria eskaintzen du Contraluz aldizkariak zenbaki honetan. Horrez gain, José Ortiz Echagüek Nafarroan ateratako argazkirik biribilenak ere agertu nahi izan dituzte, hala nola artzain nafarrei 1940an ateratakoa; Orreagako basoari eginiko zenbait; Cruceros de Roncesvalles izenburua duena; Garralda, Otsagabia eta Erronkariko neska gazteei zein herri horietako alkateei berrogeigarren hamarkadan ateratakoak; Tuterako Kolegiataren klaustroari eginikoa; Goizueta eta Otsagabiako etxeak agertzen dituztenak; eta 1931n datatua dagoen Remero vasco titulua duen erretratua.

Euskerazaintza
Batzuen artean
Euskeraren Erri Akademia
194 orrialde Borondatea

Euskerazaintza inoiz baino mardulago

Euskeraren Erri Akademiak plazaratzen duen Euskerazaintza aldizkaria inoiz baino mardulago datorkigu oraingoan. Eta jakina, gai ugari azaltzen da bertan. Besteak beste, Donostian burutu zuten batzarrari eskainitako tartea, betirako joan zaien Latiegi ta Eraso’tar Bixente lagunari egin dioten agurra, filosofiaren historiaz Olazar’tar Martinek osatutako errepasoa, filosofo euskaldunei eskainitako gehigarria, euskara sustatzearren Nafarroako Foru Erkidegoko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa osatzeko deia (euskara batuan idatzitako lana); olerkiak; Euskal izenorde zarrak Lazarraga'n (euskaraz eta gaztelaniaz), eta Euzkera Naparroa'n.

Mario eta txori zuriak
Garbiñe Salaberria
Gero
134 or. /14 euro

Mario udan elurra egiten duen lurraldean

Gau batean etxetik alde egitea erabakitzen duen mutiko baten istorioa azaltzen du Garbiñe Salaberriak irakurle gaztetxoentzako apropos idatzitako Mario eta txori zuriak kontakizunean. Ibili eta ibili, Karinan-era iristen da Mario. Han lagun onak aurkitzen ditu, baina bertan dela oso gauza arraroak gertatzen hasten dira herrian. Izan ere, uda gorenean elurra ari du, eta ezinezkoa da kalean hitz egitea, hitzak, ahotik irten ahala, neurri ezberdinetako izotz zati bihurtzen direlako. Zer egin horien aurrean?

Euskal idazleen belaunaldiez
Paulo Iztueta Armendariz
Utriusque Vasconiae
198 orrialde 16 euro

Euskal literaturaren gaineko periodizazioez

Paulo Iztueta Armendarizek plazaratutako azken lana dugu Euskal idazleen belaunaldiez. Euskal kultura eta literaturari buruzko periodizazioak zein irizpideren arabera eraikiak izan diren aztertzen duen saioa da. Belaunaldien kontzeptua tradizio soziologikoan zein eratara erabilia izan den agertzen du lehenik, eskola positibistak, historiko-erromanikoak, soziohistorikoak eta etnologiko-antropologikoak kontzeptu hori nola landu duten alegia. Ondoren, euskal kulturaren bilakaera historikoa eta periodizazioa euskal literaturaren historian nola izan diren azaltzen du eta jarraian belaunaldiez hitz egiten du: hamalau bat idazlek osatutako 1800-1850eko belaunaldia, 1876-1936 urte artekoa, 1930eko bezala aurkeztua izan den Aitzolen gizaldia, Joan Mari Torrealdaik aldarrikatutako 1936ko belaunaldia, gerra ostean erbestean zein barruan kulturgintzan zihardutenek osatutako 1950eko belaunaldia, euskal kulturarentzat «urte mugarritzat» jo izan den 1956ko belaunaldia, 1960koa, 1964koa, Burgosekoa ere deitua izan den 1970eko belaunaldia, Atxagarena ere deitu izan zaion 1976koa, azkenaldiotan «tropelekoa» deitutako 1984koa eta, azkenik, 1993koa.



Azkenak
EHUk eskolak ematea debekatu dio, behin-behinean, “mezu faxistak” zabaldu dituen irakasleari

Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazi duenez, gutxienez astebetez ez du eskolarik emango Zuzenbide Fakultateko irakasleak. Astelehen goizean Leioako campuseko ehunka ikaslek sare sozialetan frankismoa goraipatzea eta mezu xenofobo, matxista eta homofoboak hedatu izana salatu... [+]


Turistifikazioaren Aurkako Urria antolatu dute, hiri bizigarri baten alde

Turismoaren Nazioarteko Egunean, joan den ostiralean, aurkeztu zuen Bizilagunekin plataformak Turistikazioaren Aurkako Urria egitasmoa.


2024-09-30 | ARGIA
Barakaldoko tiroketaren harira zazpi pertsona atxilotu dituzte

Gizon bat hil eta beste bi pertsona zauritu dituzte igandean, Barakaldon izandako tiroketan. Ertzaintzak zazpi lagun atxilotu ditu –bost gizon eta bi emakume–, eta ikerketa zabalik da oraindik.


2024-09-30 | ARGIA
Israelek dozenaka lagun hil ditu Libanon eta Yemenen, Hezbollah eta Hamaseko buruak tartean

Israelen bonbardaketek ez dute etenik. Beirut (Libano) eta Yemengo hainbat azpiegitura izan ditu jo-puntuan azken egunotan, eta dozenaka herritar hil erasoetan. Horien artean, Hezbollah erakunde xiitako buruzagi Hassan Nasrallah eta Segurtasun Prebentiboko komandante Nabil... [+]


2024-09-30 | ARGIA
Ultraeskuinak irabazi ditu hauteskundeak Austrian, lehen aldiz Bigarren Mundu Gerraz geroztik

Botoen %28,8 lortu ditu FPÖ alderdi ultranazionalistak, 2019an baino %13 gehiago. ÖVP Alderdi Popularrak botoen %26,3 jaso du eta hirugarren indarra izan da SPÖ alderdi sozialdemokrata, botoen %21,1ekin. Alderdi nagusiek uko egin diote ultraeskuinari gobernatzeko... [+]


Pilar Garaialde, Gogora Institututik kanpo utzi duten estatuaren biktima:
“Beti zoru etikoa ahoan, baina ez dakit hori non ote dagoen”

Iragan asteazkenean, Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko bost kide independenteak hautatu zituzten Gasteizko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean. EAJren eta PSE-EEren abstentzioek Pilar Garaialde Salsamendi zuzendaritzatik kanpo utzi zuten. Bera zen,... [+]


Eguneraketa berriak daude