argia.eus
INPRIMATU
Prozesuaren barne korrontea berean dago (Bero-beroan)
2007ko otsailaren 21
BECeko azaleko korrontea da, ez ei du oztopatuko barne mailako korronte sendoa. Baina termometro funtzioa ere bete du. Azaleko korronte horretan bakoitza non dagoen adierazteko balio izan du. Ez da gutxi, batez ere barruko korronte hortaz ezer gutxi azaleratzen denean. Batasunak bere arriskua hartu zuen BECekoa horrela planteatuta, baina guztiz gaizki ere ez zaio atera, berriz ere Alderdien Legea eta errealitatearen arteko zanga erraldoia agertu duelako, zentralitatea eman diolako eta barne kohesioan beste urrats bat eman duelako. Prozesuaren hiru erpinek adierazi dute apustuarekin jarraitzekotan direla: sozialisten buruzagi desberdinen adierazpenek hori islatu dute; Ibarretxe eta Otegiren bilera ere nahiko adierazgarria izan da; eta Batasunak ere argi utzi du BECen eta elkarrizketa desberdinetan. Euskadi Irratian emandako elkarrizketa batean, gainera, datozen bi hilabeteetan gertakizun esanguratsuak izango direla iradoki du; beste iturri batzuek ere hala espero dutela adierazi dute.