Juan Kruz Igerabide: «Ametsak ziklikoki berpiztu egiten dira»


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Oroimenak aukeratu egiten duela, eta aukeratzen duenetik, arriskutsua edo behintzat ez oso fidagarria bihurtzen dela gogoratzen digu Igerabidek. Beraz, garai hura nola bizi izan zuen eta orduko egoerak bere barruan utzitako arrastoaren arabera interpretatuko ditu irakurle bakoitzak eleberrian kontatzen direnak. Eta bistan da, ondoko elkarrizketan Juan Kruzek erantzuten dituen galderak ere, elkarrizketaren egileak nobelari buruz egindako irakurketa pertsonalaren haritik doaz.


Ezer baino lehen, bi olerkiren aipuak agertzen dituzu. Haietako bat Imanolek abestutako Mikel Arregiren poema bati dagokio...
«Zuek, hil zineten,/ atomo huts, hauts bihurtu zineten...», bai. Nobelaren gaia laburbiltzen duen poema da, garai bateko zenbait mugimendu, ilusio, portaera desagertzearen inguruko liburua baita, eta Frankismoaren azken urteetako eta Trantsizioaren hasierako zenbait jenderen oroitzapenaren hautsak apur bat biziarazteko ahalegin bat.

Hain zuzen ere, gogoratzen dituzun pertsonetatik bat Imanol kantaria bera da.
Haren presentzia nahiko marjinala da nobelan, pertsonaia gisa, baina Adelak -pertsonaia nagusiak- sinbolizatzen duen pertsonaia Imanolen oso haritik doa, eta hor lotzen dira biak. Azken batean, errealitatearekin egiten diren lotura xume labur horien lekuko bat da.

Bigarren aipua, berriz, Gabriel Arestik egin eta Oskorrik abestu izan zuen «Adela gorria/ Adela gurea» harena da.
«Adela, gure arabar lorea»rena, bai. Izan ere, nik agertzen ditudan protagonistetako bat haren oihartzun bat da. Maistra komunista. Gabriel Arestiren Adela ikastola batean ibilitako andereñoa zen, bere ideia komunistengatik Arrasateko ikastolatik bidali egin zutena. Nire Adela, berriz, eskola publikoan dago, eta han egiten du bere iraultza lana. Dena den, bien artean nik uste dut badagoela loturarik, zeren azken batean garai hartan ikastoletan hasi zen askatasunaren pedagogiaren mugimendua. Gogoratzen naiz nola nik askatasunaren pedagogiaren lehenengo berriak Herri Gaztedin izan nituen, eta gero Amara Berri ikastolan (Donostia), han eman zirelako ikastaro batzuk pedagogia berri eta askatzaile horien haritik. Baina bazegoen beste giro bat ere: eskola publikoan, erregimenaren bortxa guztia; eta ikastoletan, ideologia aldetik asko kontrolatzen zuen alde bat.

Kontserbadoreak, esan nahi duzu?
Oso-oso kontserbadoreak, Elizarekin erabat lotuak zeudenak, eta horiek, jakina, komunismoaren edo horrelako ideia aurrerakoien aurka zeuden, eta halako jendea bota egiten zuten.

Nobelan zehar aipatzen dituzun porrot egindako amets iraultzaileen artean askatasunaren pedagogiarena dago. Zergatik gertatu ote da porrot zehatz hori, kontuan izanik gaur egun ere orduko pertsona askok jarraitzen dutela ikastoletan zein eskoletan irakasle?
Gogoeta hori nobelan nolabait libre uzten da, ez da ixten. Nik neuk uste dut mugimendu hark zeuzkan alde onak pedagogiaren ikuspegi teknokratiko eta didaktizistak ito dituela. Eta oinarrian mugimendu hark ahulezia handiak zituelako baita ere. Mugimendu oso idealista, erromantiko samarra zen...

Amets iraultzaileen porrotaren arrazoiak ere nahiko lauso ageri dira. Borroka armatuari egozten al diozu zerorrek porrot horren arrazoietako bat?
Borroka armatuari buruz nobelan egiten diren gogoetak bizipen pertsonaletik eta etikatik begiratuak dira, eta ez estrategia politiko edo historikoetatik. Azterketa bizipenezkoa da, nola bizitzen duten batek eta bestek, eta hor jada ikusten dira jarrera bat baino gehiago. Narratzaile gazteak ere zalantza handiak ditu. Adelak dauka jarrerarik argiena eta tinkoena, eta narratzailea den mutila bizia errespetatzen eta etika zorrotz bat mantentzen hezi nahi du. Horrela tratatzen da borroka armatuaren eta borroka politikoaren kontu hori. Nik neuk, nobelaren kanpotik begiratuta, uste dut iraultza proletarioaren porrotaren arrazoiak ezin direla begiratu testuinguru txiki batean, munduko testuingurutik baizik. Eta ikusi egin behar da ere egin ziren iraultza proletarioak zenbateraino izan ziren iraultza eta zenbateraino ez ziren diktadura bihurtu, burokratizatu... Hau da, zenbateraino ez zen usteldu hura guztia.

Nobelako narratzaile gazteak badirudi hobesten dituela abertzale munduak espainolistatzat jotzen zituen taldeak -PC, ORT, OIC-, eta ez ezker abertzalea, astapotroz osatua ikusten duelako-edo...
Adelak eragin handia du berarengan, eta Adela PCkoa da. Bestalde, bere inguruan dabilen jendea dago -bailaran-eta, garai hartan batez ere ORT zen nagusi, gero beste batzuk ere bai-, eta inguru horrek ere eragina du bere ikuspegian. Ezker abertzalea nolabait ezkutuago bezala agertzen da egoera horretan, baina badu presentzia indartsua, Joxe Mariren kasuan. Gertatzen dena da Joxe Mari, gero, inguru horrekin kritiko bihurtzen dela. Joxe Mari eta Ana, emaztea.

Guardia Zibilek bahitu zutena. Amparo Arangoaren omenez sartutako pasartea al da hori?
Ez, armatua da, besterik gabe. Hainbeste aldiz gertatutako zerbait denez, horren ispilu. Gero, Joxe Arregiren kasua ere agertzen da. Beraz, narratzaileak badu inguru bat, hor kokatua dago, baina ez da definitzen erabat, oso gaztea delako eta argitu nahian dabilelako. Bere sinpatiak, dena den, oso garbiak dira, kasu horretan batik bat Adelarenak. Baina ez du garbi ulertuko ere Adela bera zergatik den PCkoa, aita galbidera eraman zioten berberen alderdikoa. Kontraesan horretan dago. Eta Joxe Mari ere bai: ezker abertzale mundukoa da, baina une batean hiltzearen kontu hori ez du onartzen. Marro berak ere mundu horretakoa dirudi, baina gero ez dakigu txibatoa den edo zer den... Pertsonaia horiek kontraesanean bizi dira. Ematen du Adela salbatzen dela hortik, oso tinkoa delako, baina bukaeran hark ere porrot egiten du.

Adela emakume askatzailea da, eta jakina, sexu aldetik ere bai. Nobelan, halere, badirudi sexu askatasun horri egozten zaiola bere porrot pertsonalaren arrazoia.
Je, je, je...! Nik ez diot zuzenean egozten Adelaren askatasun se3ualari bere porrotaren kontua, baina askatasun hori kudeatzeko moduari bai, agian. Azkenean bera noiz lasaitzen da pixka bat? Apaiz batekin elkartzen denean.

Hortaz, bikote tinko bat izan balu libratuko zen drogaren mundutik?
Agian ez, zeren berdin erori diren bikote tinkoko makina bat kasu ezagutu ditugu. Hori baino gehiago, gure inguruan ezagutu ditugun jokabideen erakuste bat da.

Zer alde dago narratzaile gaztearen eta Juan Kruz Igerabide nerabearen artean?
Horren eta nire artean badago loturarik, baina Adelaren eta nire artean ere bai, eta Marroren eta nire artean ere badago. Guztiak dira nire proiekzio batzuk. Marro nire itzalaren proiekzioa litzateke, eta narratzailea nire kontzientziaren zati bat izan daiteke, argitu nahian dabilena. Baina ni ez nintzen horrelakoa. Errealitatean, gazte hori baino askoz ere definituagoa nengoen ni; garai hartan Herri Gaztedin ibili nintzen, eta gero hartu nituen jarrerak ere ez ziren hain zalantzakorrak izan.

Zeri erantzuten dio helduentzako nobela hau idazteak?
Barne-hustuketa bati, ez inori kontuak eskatzeko -ezta neure buruari ere-, baizik eta esperientziei hitzak jartzeko, ohartzen den kontzientzia hori zabaltzeko, gehiago ulertu nahirik. Eta lehendik nekarren gogoetari jarraipena eman nahi izan diot ere; poesia eta aforismoak egin ditudanean gogoeta hari bat landu dut, eta nobelan ere gogoeta horrekin segitu egiten dut. Idazle unibertsalek egindako gogoeten barruan sartu nahi bat da nirea. Eszeptizismo bizitzazale bat. Ezin ditut gauzak bete-betean sinetsi, hala ere haiei buruz gogoeta egiten dut jarrera eszeptikotik, baina horrek ez dit bizitzan sinestea kentzen.

Frankismoaren azken urteak bizi izandako jendeak erraz ulertuko du Hauts bihurtu zineten, haren mamiarekin ados egon ala ez. Eta egungo gaztediak, ulertuko al du?
Pertsonaia batzuen bizipenekin konektatzen duten heinean, bai. Garai hura ez dute ulertuko nobela honen bidez, ez da hori asmoa; baina agian jakin-mina piztuko zaie, eta galdezka hasiko dira: horrelako esperientzia gogorrak izan zenituzten? Eta galdezka hasten denak gaur egun dauzkagun erantzun estuak baino pixka bat zabalagoak bilatzen hasteko aukera badu behintzat. Nobelak duen akuilua hori da. Ez garai horren interpretazio bat eskaintzea, galdezka hasteko akuilatzea baizik. Eta pertsonaia batzuekin identifikazio bat, edo halako inarroste bat lortzen baldin bada, bada, beno...

Berriro ametsa berpiztu daiteke?
Ametsak ziklikoki berpiztu egiten dira. Kontua da esnatzea, eta ez ametsetan segitzea.


Azkenak
Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude