PSCk eta CiUk egin dute bere jokaldia. Estatutu berriaren negoziazioa luzea izan da eta apurka joango dira agertzen denboran izan diren jarrera desberdinak, baina ez du egoera samurra uzten Kataluniako politikan. ERCk oso ondo erabaki beharko du zer egin, baina PSOEk eta CiUk egindako jokaldian baztertuta geratzen direla dirudi, baita azken orduan Estatutu berria onartuko balu ere. Egungo hiruko gobernua osatu aurretik berak proposatu zuen «nazio salbaziorako» gobernu zabala, jakinik PSC eta CiUk ez zutela halakorik onartuko. Bikote honek lotutakoen artean aritzera behartua dago orain, eta epe laburrera egungo hirukoa ere arriskuan egon liteke, ERCk bere hautesleriari eusteko zerbait egin beharrean baitago. CiU eta PSOEren arteko akordioa norainokoa den oraindik guztiz garbi ez badago ere, argitara eman diren informazioek urruti uzten dute iaz Kataluniako Legebiltzarrak onartu zuenetik.