Automozioa garrantzizko sektorea da Euskal Herrian, enpleguari dagokionez: 284 enpresa hartzen ditu, eta 43.706 laguni ematen die lana. Kontuak kontu, arazo larriak izan ditzake hurrengo hiru urteetan, baldin berehala erabaki zehatzak hartzen ez badira Europako Ekialdeko eta Asiako herrialdeen konpetentziari, multinazionalak deslokalizatzeko arriskuari eta enpresen sakabanaketari aurre egiteko. Orain, egoerak horretaratuta, enpresak kontzentratzeko prozesua defendatzen da, eta orobat elektronikako arloa indartuz produkzioko sistema berritzekoa. Lan-ildo horiek ageri dira Ibilgailuetako Osagaien Industrien Euskadiko Kluster Taldeak (ACICAEk) prestatu duen 2005-2010 plan estrategikoan. Egitamu hori sektoreko enpresa gehien hartzen duen EAEko automozioko sektoreari begira landua da, baina, ez da dudarik, Nafarroako egoera ere ispilatzen du, nahiz eta Nafarroak EAEk baino arlo horretako enpresa gutxiago izan.
Egia da, halaz guztiz, plan horren ondorioetan, ohartarazten eta ñabartzen dela egungo egunean ona dela sektorearen osasuna eta hurrengo hiru urteetan ere gora egingo duela. Segidan, ordea, plana egin dutenek diote neurriak berehala hartzen ez badira, arazo larriak etorriko direla epe ertainean.
Kontzentrazioa eta berrikuntza indartu behar dira
ACICAEn, bi norabidetan ari dira lanean, Europako Batasuneko herrialde kidetu berrien konkurrentziari eta Txinakoari aurre egiteko: batetik, enpresen arteko kolaborazioa indartzen dihardute, tamainaz haz daitezen, eta, bestetik, sektorearen berrikuntza bultzatzen. ACICAEko arduradunen iritziz, enpresen tamaina funtsezkoa da, eta ibilgailuen euskal industria atomizatuegia dago. Horregatik, enpresek proiektuak elkarbanatu ditzaten ahalegintzen ari dira, eta, oroz gainetik, enpresak kontzentratzeko formulak aurkitzen, tamaina handiagoko enpresak osa daitezen.
Berrikuntzaren arloan, berriz, ACICAEk teknologia eta gestioa eraberritu nahi ditu. Ildo horretan, planak dio euskal enpresek gaina hartu behar dutela elektronikaren arloan, zeren esparru horrek hazkunderako potentzial handia erakusten du ibilgailuen industrian. ACICAEk, transformazio horretan laguntzeko asmoz, GIAIAko elektronikako departamentuarekin akordioak erdiesteko ahaleginean dihardu.
Enpresen atomizazioa batetik,
43.000 enplegutik gora, bestetik
Bi kontu hauek ezaugarritzen dute euskal automozioa: batetik, enpresen ugaritasunak, 284 baitira guztira; bestetik, berriz, enplegu-kopuruak: 43.000 baino gehiago EAEn. 2004an, 2003an baino %11 gehiago fakturatu zen sektorean: 8.111 milioi euro, alegia, Espainiako Estatuan sektoreak fakturatu zuenaren %28,19. Aitortu behar da enpresa domestikoek eta kautxuaren arloko multinazionalek -Michelinek eta Bridgestone Firestonek-, batzuek nahiz besteek, lortu zituztela 2003an baino irabazi hobeak. 2004ko ekitaldian, enpresa domestikoek 5.200 milioi eurotik gora fakturatu zituzten; multinazionalak, berriz, ia 2.900 milioi eurora iritsi ziren.
Salmenten merkatuari dagokionez, honakoa da banaketa: %7,4 saldu zen EAEn, %26,8 Espainiako Estatuan, %59,6 Europan eta %6,2 munduko gainerakoan. Datuek erakusten duten moduan, handia da euskal enpresen esportatzeko joera. Urterik urte irabazi dute kanpoko merkatuko kuota, eta lehen mailako enpresa esportatzaile bilakatu dira munduko rankingean.
Hil edo biziko sektorea Nafarroako ekonomiarako
Automozioko sektorea ezinbestekoa da Nafarroako ekonomiarako, zeren euskal lurralde horretako industria ez dago behar bezain dibertsifikatua krisi orokor bati aurre egiteko, ezta hain pisuzkoak dituen multinazionalen deslokalizazio-prozesua saihesteko ere. Nafarroako multinazionalen artean, Landabengo Volkswagen enpresa alemana da nagusi, eta, adibidez, krisian sartuko balitz, arazo larriak etor dakizkieke Nafarroako ekonomiari eta langileei. Izan ere, Nafarroako Merkataritzako Ganbarak emandako datuen arabera, automozioko sektoreak egiten du Nafarroako produkzio industrialaren %33 inguru; bestela esan, automobilgintzaren ekarria da Barne Produktu Gordinaren (BPGren) %10a. Iturri horrek berak azaldu duenez, egungo egunean 80 enpresek dihardute sektore horretan erabat, eta beste 233k produzitzen dute parte batean ibilgailuen industriarako. Lehen multzokoek 12.000 lagun enplegatzen dituzte eta bigarren taldekoek 10.000.
Nafarroako automobilgintzak ibilgailuen fabrikazioa hartzen du batetik, eta industria osagarria bestetik. Bigarren arlo horretan, autoentzako eta ibilgailu industrialentzako fluidoak, piezak eta multzoak produzitzen dira. Nafarroan, automozioaren sektoreko enpresa gehienak 100 enplegatutik beherakoak dira, baina nabarmentzekoa da multinazionalen ugaritasuna »20 bat guztira» eta esportazioen kopuru handia. Sektore horretakoak dira Nafarroako esportazioen %50 inguru, eta ehuneko horretatik %60 egiten dute Volkswagen enpresaren esportazioek.