Kutsadurari dagokionez fama hobea dauka gas naturalak petrolioak baino: ez da erabat garbia baina energia bera ekoizteko behar den ikatzak botatzen duen karbono dioxido erdia ematen du gasak eta petrolioaren herena. Kyotoko itun famatua betetzea nahi dutenentzako interesgarria. Europan sortutako argindarraren %18 atera zen gasetik 2002an, eta kopuru hori 2030ean %29ra igotzea espero da. Txina, India eta Hego Koreak ere gero eta gehiago jotzen dute gasaren aldera.
Gasak ordea badauka eragozpen bat: gaur ezagutzen ditugun erreserba guztien %67 Errusia, Iran, Qatar, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuetan daukate. Errusia bera %26,7aren jabe da, eta aldiz AEBak %2,9arena.
Errusia da Europaren gas hornitzaile nagusietakoa, baina Txina, Korea eta Japoniari ere zerbitzatzen die, eta iritsiko da AEBei saltzera ere. Errusiarrak saiatu omen dira nagusitasun hori harreman internazionaletan nabarmenegi ez erabiltzen, baina ale batzuk erakutsi dituzte: 2000.ean Georgiari gasa eten zioten Errusiaren albotik gehiegi urruntzeagatik, eta abendu-urtarril honetan Ukrainarekin egindakoa bide beretik zihoan. Europako agintariek badute zertaz kezkatua, honantz iristen den gasaren %40a Gazpromek saltzen digu eta.
Iran da beste hornitzaile handi bat. Europa eta Asian saltzen du Persiar Golkoan ateratzen duen gasa. Hogeita bost urterako kontratua sinatu du Teherango gobernuak China National Petrochemical Corporation-ekin; batzuek ulertu dutenez AEBei aurre egiteko aliatu bila. Itsaso beraren beste aldean, Qatarrek ere 25 urterako tratua egin du, ExxonMobil amerikarrarekin.
Baina Qatarretik gasa itsasontziz eraman beharko dute Amerikara. Horixe da amerikarrek gasaren arloan daukaten ahuldadea: atzerriko gasa itsasontziz eraman behar dutela, likidotuta; horretarako bapore berezietan eta gasa hoztu eta berotzeko portuetan inbertsio erraldoiak egin behar dituzte. Portu berri horiek ingurumenean egingo dituzten kalteak eta segurtasun arriskuak salatu dituzte herritar askok, baina Kalifornian horietako kai batzuk egingo direla gauza segurua da.
Ondorengo urteetan Errusia, Txina, Japonia eta bi Koreen arteko harremanetan izango dira gorabehera handiak, hala aurreikusi du Michael T. Klarek. Harreman kontraesankorrak. Zeren eta alde batetik elkarlan proiektu handi batean daude sartuta: Errusiarena den Sakhalin uharteko lurpean dagoen gas zaku erraldoia ustiatzeko tratuan ari dira denak, denen interesen mesederako. Gas-hodi bat eraikiko dute Sakhalindik Txinako iparraldera eta beste bat Japoniara. Eta ExxonMobil eta Royal Dutch/Shell-ek gasa likidotu eta ontziratzeko portu erraldoia eraikiko dute bertan, Amerikara eramateko.
Baina beste aldetik, Txinako itsasoan liskarrak izan dira eta are gehiago izango, baita AEBekin aliatu direnen artean ere, Hego Korea eta Japoniaren artean alegia. Istilurik gogorrena Txinako itsasoko hegoaldean gertatu zen. Ur azal samarreko itsaso horretan uste da petrolio eta gas altxor handiak daudela. Itsaso horren bazterretan dauden herrialde guztiek, (Brunei, Txina, Indonesia, Malaysia, Filipinak eta Vietnam) denek aldarrikatu dituzte 200 miliako itsas-eremuak berentzako. Aldarrikatzea bat da, eta kostalde nahasia eta milaka uhartetxoz aberastua den horretan mugak ipintzea bestea. Eskualde horretako potentzia nagusia den Txinak agresibitate handiz jokatu du, Vietnam eta Filipinen kontra bortxa erabiltzera iritsiz.
«Ikusteko dago -bukatu du artikulua Klarek- ea herrialdeek onura handiagoak ikusiko dizkioten gasa eskuratzeko elkarlanari ala bakoitzaren ekintza unilateralei. Gauza bat dago garbi: munduaren gas natural eskari gero eta handiagoak rol nabarmena jokatuko duela gasa saltzeko daukaten nazioen eta kontsumitzen dutenen artean. Energia beharrak erabakiko du gero eta gehiago botere nagusien agenda, eta gas naturalak -luzaz petrolioaren itzalpean egon denak- leku zentrala edukiko du».
Gasak geopolitika berotu du... eta zenbait lekutan ostu egin nahi dietela ikusi duten herritar askoren haserrea ere bai. Hala ikusi da Bolivian.
www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.