argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 16a

Joxean Muñoz izendatu dute Donostiako Tabacaleran jarriko duten Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren (KGNZ) zuzendari, Miguel Aiertzak ezetz esan eta gero. Muñozek Tipula komunikazio enpresan jardun du orain arte, gidoigintzan eta erakusketak diseinatzen. Joxean Muñozek, Santi Eraso eduki zuzendariak eta Iñaki Galarraga arkitektura zuzendariak hamalau hilabeteko epea izango dute KGNZko edukiak eta kudeaketa mamitzeko.

Urtzi Urkizu kazetariak No Excuse dokumentala zuzendu du, Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo kultur elkartearen hamargarren urteurrenaren karietara. Kultur sorkuntzaz dihardu eta JosAnton Artzeren poema batek harilkatzen du.

Andoni Salegik Otsobeltz komiki liburua plazaratu du Uztarria Azpeitiko kultur koordinakundearean eskutik. Uztarria aldizkarirako sortu zuen Salegik Otsobeltz eta zenbait urtez plazaratu zituen haren tirak. Orain bestelako biñetak egiten ditu Uztarriarako eta komiki bloga zabaldu du www.uztarria.com gunean.

Konter musika talde algortarrak estreinako lan luzea plazaratu du: Aro berria. Diskoa Musikherria herri diskoetxeak plazaratutako lehena da. Zortzi urteko ibilbidea du taldeak eta metal eta hardcorea jotzen du. Laster jarriko dute diskoa sarean eskuragai; izan ere, taldearen asmoa beren musika ahal den gehiena hedatzea da.

Xabier Morras artista iruindarrak erakusketa zabalik du Iruñeko Pintzel galerian. Formatu handi eta txikiko margolanak paratu ditu, hainbat teknikatan eginak: olioa, akuarela, grafitoa... Arkitektura ardatz duten lanok urtarrilaren 27a arte ikusi ahal izango dira.