argia.eus
INPRIMATU
BEC: seinale bat gehiago (Bero-beroan)
2007ko otsailaren 21a
Legeak unean uneko interpretazioetan oinarritzen dira, botere banaketa duen sistema batean ikuspegi horretatik egiten dira, eta hori da sistema judizialaren funtzio nagusia, legeak interpretatu eta horren arabera, zerbait legezkoa den edo ez erabakitzea. Baina botere exekutiboa ere etengabe ari da legea interpretatzen: borondate politikoa deitzen da hori. Noski, lege bat nola dagoen egina funtsezkoa da berau malgutasunez interpretatu ahal izateko eta Alderdien Legeak ez du horretarako tarte handiegirik eskaintzen. Jose Luis Rodriguez Zapaterok, hala ere, Batasunaren ekitaldia gauzatzearen aldeko keinua luzatu du; PSEko Jose Antonio Pastorrek erdi iragarria zuen, baina bistan da ez dela gauza bera batak edo besteak esatea. Ekitaldia egiten bada, beraz, seinale ona, eta egiten ez bada, prozesuaren egoera pentsatu baino berdeago dagoenaren seinale. Bakoitzak bere bidea egin behar du, eta Batasunaren BECeko ekitaldia, legez kanpoko alderdi baten kongresuaz gain, hautu baten beharrezko antzezte ekitaldia ere bada.