Tecnalia fundazioaren barruko zentro teknologiko pribatua da Inasmet eta Donostiako Parke Teknologikoan dauka egoitza. Ikerketako zentro hori, jatorriz, 1962ko Asociación Técnica de Fundidores de Guipúzcoa elkartetik eta haren Laboratorios de Ensayos y Análisis Metalúrgicos azpiegituratik dator. 1975ean, Asociación de Investigación Metalúrgica del País Vasco-Inasmet izena hartu zuen eta 1985ean, Donostiako Igara auzoan kokatu zituen instalazioak. 1996an, berriz, Inasmet Fundazioa izena hartu zuen. Hurrena, 2002. urtean, Donostiako Parke Teknologikoko oraingo instalazioak inauguratu zituen. 2004an, kontratupeko 220 proiektu eta aplikazio pribatu eta publikoetan partizipatu zuen. 111 enpresa izan ziren zentroarekin kontratatu zituztenak, eta, horrez gainera, beste 26 proiektu entitate publikoekin kontzertatuak. Urte horretan bertan, Europako 77 proiektu teknologikotan hartu zuen parte, eta diru-sarrera osoaren %24,5 ekarri zioten (aurreko urtean baino %22,5 gehiago). Ekitaldi horretan, 418.000 euroko emaitza positiboa izan zuen: ehunekoetan adierazita, 2003an baino %35 gehiago.