Sagardoa enologoen ahotan


2006ko urtarrilaren 15ean

Sagardoa ekoizteko eta kontsumitzeko ohitura oso aspaldikoa da Euskal Herrian. Sagardoaren historia ikertu dutenek Euskal Herriko sagardoari buruz aurkitu dituzten lehenengo idatziak XI. mendekoak dira; hala ere, erromatarren garaian jada irasagarren antzeko jakiren bat Euskal Herrian egiten zela erakusten duten beste aipamen batzuk ere badira.

Sagardoa hainbat mendetan zehar egin den arren, ekoizteko moduak eta teknologiak ez dira ia batere aldatu; orain dela gutxi arte sagardoa eskuz egin izan da Euskal Herriko baserrietan.

70eko hamarkadan ia desagertzear zegoen Euskal Herriko sagardogintzak susperraldia bizi izan zuen eta sagardoaren kontsumoa igotzen hasi zen. Sagardoa txotxetik edatea izan da batez ere sagardoa kontsumitzeko modua, eta txotxetik edatearen modak ekoizpena areagotu du.

Sagardoak eskuz egindako edari izateari utzi eta ekoizpen industriala duen edari izatera pasa da; horrek guztiak zenbait eskakizun ekarri dizkie sagardogileei eta eskakizun horiek sortu ahala erantzuna ematen joan dira. Hortaz, garai bateko sagardoa egiteko tresnak alde batera utzi eta sistema berriei -azkarragoak, seguruagoak eta garbiagoak- heldu diete sagardogileek. Hala, altzairu herdoilgaitzeko tresnek ordezkatu dituzte egurrezko tresna zaharrak.

Azken hamarkada honetan, ordea, eman dituzte sagardogileek urratsik handienak, ikerketaren alorrean batez ere. Edari natural izateak ekoizpen prozesua ongi kontrolatzea eta prozesu guztian zehar arreta berezia izatea eskatzen du; prozesu horretan zehar badira oraindik hobetu beharra daukaten zenbait fase.

Horregatik, azken aldian, ikerketara jo dute sagardogileek, beraien produktuaren prozesu kimiko eta mikrobiologikoa hobeto ezagutzeko alde batetik, eta sagardoa egiteko prozesuan sor daitezkeen arazoei aurre egiteko eta arazo horiek konpontzeko bestetik.

Hartzidura bidez lortutako edari alkoholikoa da sagardoa; prozesu natural baten bidez lortzen da, kontserbagarri eta egonkortze edo esterilizazio tratamendurik gabe hain zuzen. Hartzidura prozesuak bere bidea ongi egin arren, behin sagardoa botilan dagoela ere kaltetu daiteke; sagardoan dauden bakterio eta legami hondakin batzuk botilan barnean dagoen produktua kaltetu dezakete oso denbora gutxian.

Horrez gainera, gero eta buruhauste gehiago ematen dute sagardoa egiterakoan sortzen diren hondakinek. Horiek nola kudeatu edo gutxitu eta nola berrerabili daitezkeen jakin nahi luke sagardogileak. Azken arazo honi irtenbidea emateko lanean ari dira Azti-Tecnalia ikerketarako zentroan.

Sagardoaren erraiak ikertzen

Azti-Tecnalia Zentro Teknologikoa eta Berrikuntzarako Zentroa da. Arrantza eta elikagaigintza sektoreak garatzeko lanean ari da 1984az geroztik. Sagardogintzari lotutako ikerketekin, ordea, 2001ean hasi zen. Geroztik, hainbat ikerketa burutu ditu eta beste batzuk garatzeko bidean dauzka.

Une honetan burutzen ari den ikerketetako bat "Sagardoaren hondakinen kudeaketa" da. Azti-Tecnaliako Elikagaien Ikerketa Saila ari da lan hori egiten Astigarragako Miguel Zapiain sagardogilearekin elkarlanean. Sagardoa ikuspegi zientifiko-teknikotik ezagutzeko interes berezia azaldu du Astigarragakoak. Ikerketa honen emaitzak sektore guztiari onurak ekar liezaizkioke. Miguel Zapiain Gipuzkoako Taldea sagardogile elkarteko kide da, Mina eta Zelaia sagardogileekin batera. Euskal Autonomia Erkidegoan 8 milioi litro inguru sagardo ekoizten dira urtero eta horietatik %30 Gipuzkoako hiru sagardotegi handi horietan ekoizten da.

Ikerketa horren barnean, hondakinen kudeaketaren ikerketaz arduratzen ari den ikerlaria Jaime Zufia da, eta konposatu aktibo naturalen azterketan, berriz, Jon Tello eta Mari Jose Manzanos ikerlariak ari dira.

Sagardoaren hondakinen kudeaketa

Produktuaren kalitateak garrantzi handia du sagardogintzan, eta horregatik, erabiltzen den lehengaian kalitate onena ematen duten zatiak erabiltzen dira; horren ondorioz, lehengaia soberan geratzen da. Lehengaiari -sagarrari- %65eko etekina besterik ez zaio ateratzen; gainerako guztia ez da aprobetxatzen, soberakina da.

Gaur egun, soberakin horiek guztiak hondakin gisa tratatzen dira, eta beraz, horrek hainbat arazo sortzen ditu: ingurumenari lotutako arazoak -hondakin horiek non bota edota nola ezabatu- eta hori kudeatzeko kostu altuak.

Sagardoa egiteko prozesuak hainbat etapa pasa behar ditu: sagarra garbitzea, sagarra txikitzea eta estutzea, hortik sortutako muztioa hartzitzea eta sagardoa botilaratzea. Sagardoa egiteko prozesuan lau momentutan sortzen dira hondakinak, hauetxek dira:

- sagardoa egiteko balio ez duen sagarra baztertu egiten da
- sagarrari zukua ateratakoan sagar patsa deiturikoa geratzen da
- muztio hondarrak
- sagardo hondarrak

Taldea-ko sagardogile eta Azti-Tecnaliako ikerlarien helburua hondakin horien kudeaketan hainbat estrategia proposatzea da: alde batetik, prebentzio eta gutxitze lana; prozesuen eraginkortasuna handituz, plangintza bat eginez, hondakin gutxiago sortuz, hondakin horri balioa emanez eta barne beharretarako berrerabiliz lor daiteke. Bestetik, hondakin horiek aprobetxatzea proposatzen da, kanpo beharretan berrerabiliz, birziklatuz eta aprobetxatuz.

Hasi duten ikerketa honen bidez, lehengaia -sagarra- ahalik eta gehien aprobetxatzea lortuko den teknologia berriak garatu nahi lituzkete, sagardoa egiteko prozesuan beti geratzen baitira gero ezertarako erabiltzen ez diren sagar puskak (ikus goiko koadroa). Horrez gainera, kontuan izan behar da gaur egun sagar gutxi dagoela Euskal Herrian, eta lehengai horrek komertzialki balio handia izan lezakeela.
Hondakinak berrerabiltzeko aukerak
Sagardoaren hondakinak berrerabili ahal izateko bideak ikertzen ari dira ikerlariak. Bitartean, ordea, ikerketa honen hasieran hondakin horiek kudeatzeko eta berrerabiltzeko hainbat aukera aurreikusi dituzte.

1-Produktu berriak sortu lehengaia erabiliz

Sagarrak elikadura balio handia du eta sagar puskak erabiliz beste produktu batzuk egiteko aukera ematen du. Sagarra txikitzerakoan, muztioaren kalitatea ez murrizteko, ez dira puska oso txikiak egiten. Hortaz, erabiltzen ez diren puska horiekin bigarren mailako muztioa egin daiteke.

Proposamena honako hauxe da: sistema baten bitartez muztio horretatik ura pasa, behin eta berriz, muztioaren propietateak har ditzan. Behin hori dagokion mailara iristen denean sagardo gasifikatua, sagar-uxuala eta sagardo-ozpina egiteko erabil daiteke.

Sagardo gasifikatua: artifizialki karbonatatutako sagardoa da. 4 alkohol-gradu ditu, 30 eta 60 gramo azukre, eta azido karbonikoari dagokionez 3 eta 5 bitarteko atmosfera. Sagardo botila txikian saltzen da.

Sagar-uxuala: patsa destilatuta lortzen den edaria da. Ardogintzan, esate baterako, mahats-hondarrak uxuala egiteko erabiltzen dira.

Sagardo ozpina: sagardoaren alkohola azido azetiko bihurtzen denean sagardo ozpina lortzen da. Sagarraren mineral eta bitamina guztiak ditu, eta baita fosforoa eta potasioa ere. Digestioa egiteko propietateak ditu, eta baita propietate diuretiko eta antiseptikoak ere.

2-Osagai osasungarri gisa erabili

Sagar puska horiek dituzten susbstantzia batzuk, konposatu polifenolikoak eta polisakaridoak esate baterako, propietate osasungarriak dituzte. Hainbat ikerketatan frogatu ahal izan da hori. Gizaki eta animaliek izaten dituzten hainbat gaixotasuni aurrea hartzen laguntzen dute, horien artean minbizia, kolesterola, arazo kardiobaskularrak.

-Konposatu polifenolikoak: sagarrean dauden konposatuen familia garrantzitsu bat da. Antioxidatzaile ezaugarriak ematen dizkiete sagarrari. Orain dela gutxi arte antioxidatzaile sintetikoak erabili izan dira elikagaigintzan eta kosmetikan; baina azken aldian, giza- eta animalia-segurtasuna dela eta, kezka sortu da, eta horrek antioxidatzaile naturalak erabiltzeko ikerketak bultzatu ditu.

-Polisakaridoak: sagarrak ere baditu polisakaridoak. Egonkortasun, gelifikazio eta loditasun ezaugarriak ematen dituzte. Horren barruan pektinak dira ezagunenak. Gaur egun, polisakaridoen arteko konposatu desberdinak aztertzen ari dira, dauzkaten propietate osasungarriak frogatzeko. Polisakaridoak asko erabiltzen dira mermelada, jogurt, azkenburuko, esneki, edari freskagarri eta saltsaren ekoizpenean, goran aipatutako propietate teknologikoak ematen baitituzte.

3-Energia berriztagarrien bidetik

Aurreko bi aukera horien bidez lehengaiaren hondakinak aprobetxatzerik ez balego, lehengai hori beste produktu batzuk garatzeko erabil daiteke:

-Animalientzako elikagai gisa erabili: sagar puskak animalientzako elikagai gisa erabil daitezke, pentsua izango balitz bezala alegia.

-Konposta egiteko erabili: ongarri organiko egonkorra da, usainik eta patogenorik ez duena, lehorra da eta erraz erabil daiteke. Materia organiko hori deskonposatu egiten da hezetasun, tenperatura eta oxigeno baldintza zehatz batzuetan. Loragintzan, basogintzan, nekazaritzan, etab. erabili daiteke konposta.

-Biogasa: energia berriztagarria da biogasa eta etxean zein industrian erabil daiteke. Beroa edota elektrizitatea sor daiteke biogasaren bitartez. Sagarra, landaretik datorrenez, biogasa lortzeko lehengai aproposa da.

Azkenak
Bunkerretik ihes egiteko manifestua

Heriotzak Eduardo du izena

  • Egilea: Formol konpainia (eta Ander Lipusen manifestua)
  • Non: Modelo Aretoan, Zarautzen, Literaturia jaialdia
  • Noiz: Maiatzaren 23an.

-------------------------------------------------------------

Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]


2025-05-30 | ARGIA
Kerik gabeko eremu gehiago ezarri nahi ditu Espainiako Gobernuak: markesinak, campusak, terrazak...

Espainiako Osasun Ministerioa kerik gabeko eremu berriak ezarriko lituzkeen lege aurreproiektua eratzen ari da eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan izango luke eragina. Eremu berri horien artean, tabernetako terrazak, unibertsitateetako campusak edo autobus-markesinak ageri... [+]


Bizkaiko Aldundiak Jaurlaritzaren ardurapean utzi du Bilboko itsasadarraren azpiko metroaren lotura egiteko aukera

Bilboko itsasadarraren ertz biak lotzeko ibilgailuentzako tunelaren proiektuagaz batera, Areeta eta Sestao lotuko zituen anezka-tren bat ere iragarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiak 2022an. Orain, proiektua gauzatzeko ardura Eusko Jaurlaritzaren mendeko Euskal Trenbide Sareari... [+]


Atxondon hildako langilea “diru-gosearen” biktima izan dela salatu du AHT Gelditu!-k

AHT Gelditu elkartearen esanetan, AHTren obretan asteartean izandako heriotza bezalakoen atzean "esklabotza-baldintzak" eta "tratu arrazista umiliagarri eta iraingarriak" baino ez daude. Atxondoko Udalak gertatutakoa ikertu eta argitzeko eskatu du. AHTko obretan... [+]


2025-05-29 | ARGIA
Segregazioa hezkuntza
Ikastolen Elkartea: “Matrikulazioren kudeaketak ez du segregazioarekin bukatzeko balio”

Euskal hezkuntza sisteman haur zaurgarriak ondo integratzeko dekretua egin zuen Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Sailak 2023ko maiatzean eta gaur haren balorazio oso kritikoa egiten du Ikastolen elkarteak: hark ez du balio izan segregazioarekin amaitzeko. Hainbat proposamen ere egin... [+]


CAF Palestinan eraikitzen ari den trenbidearen bigarren fasea hasi izana salatu dute

Okupatutako Jerusalemgo Ekintza Nazional eta Zibileko batzordeak jakinarazi du trenaren bigarren fasearen hasiera, eta gaitzetsi egin du kokalekuen arteko komunikazioa indartzea duelako helburu. Zisjordanian 22 kokaleku berri ezarriko dituela adierazi du Israelek.  


2025-05-29 | ARGIA
Asteko laugarren langile hila, Bilbon, teilatutik erorita

Ostegun goizean hil da langilea, Bilboko José María Ugarteburu kalean. Astelehenean bi langile hil ziren, Andosillan (Nafarroa) eta Atxondon (Bizkaia), eta asteartean beste bat Amurrion (Araba).


Lan heriotzak ez normalizatzeko deia zabaldu du Aiaraldeko Greba Batzordeak

Dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Aiaraldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) Tubos Reunidoseko lan heriotza salatzeko deitutako mobilizazioan. Laneko heriotzen "odolustea" salatu eta egoera ez normalizatzeko deia luzatu dute.


“Gure txikitasunetik, mundu guztiko herrien errealitatea ezagutaraztea ezinbestekoa da”

Maiatzaren amaiera eta ekainaren hasiera artean Gora Herriak jaialdia antolatu du Bixi Bixi elkarteak, zortzigarren urtez, Pasai Donibanen. Aurreko urteetan jatorrizko hainbat herriren errealitatea ezagutzera eman ondoren, aurtengo jaialdiak Ameriketako edo "Abya... [+]


Bergarako erraustegiari Jaurlaritzak emandako ingurumen baimena baliogabetu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Jaurlaritzak Valogreene enpresari ingurumen baimena eman izanari helegitea aurkeztu zioten Bergarako Udalak, Ekologistak Martxan taldeak eta Bergarako bi bizilagunek 2022ko apirilean. Udalak azpimarratu du auzitegiak arrazoia eman diola, ebatzi baitu Jaurlaritzak hartu... [+]


2025-05-29 | ARGIA
Trumpen muga-zerga orokorrak atzera bota ditu AEBetako epaimahai batek

Epaiak dio AEBetako presidentea bere eskumenetik harago joan dela muga-zergak ezartzerakoan, eta hamar eguneko epea ematen dio horiek kentzeko.


2025-05-29 | Gedar
Cintruenigon, besoz beso mobilizatu dira Frente Obrero eta Vox

"Delinkuentziarik gabeko Cintruenigo" aldarrikatu dute, ohi bezala, pertsona migratuak kriminalizatuz.


2025-05-29 | Hala Bedi
Zahartzearen negozioa agerian utzi dute Gasteizen

Zaharren egoitzen negozioa salatzen duten iragarkiak jarri dituzte Gasteizko hainbat markesinatan. Iragarkiok "Gizarte Ondoezerako Foru Erakundea”-ren sinadura daramate.


Fusionatuko diren bi ikastetxeren proiektu berria argitzeko eta adosteko eskatu diote gurasoek Jaurlaritzari

Gasteizko Adurtza eta San Ignacio ikastetxeek fusionatuta hasiko dute datorren ikasturtea, baina eskola berriaren proiektua eta plangintza falta dutela salatu dute gurasoek, beraien ekarpenak noiz eta nola egin jakin nahi dutela. “Parte hartu nahi dugu, guretzat... [+]


Hamasen buruzagia hil du Israelek, Netanyahuk baieztatu duenez

Mohamed Sinwar Gazako Hamaseko burua hilik agertu da, Israelgo armadak Gazan egindako bonbardaketa batean. Hamasek oraindik ez du baieztatu Sinwarren heriotza.


Eguneraketa berriak daude