argia.eus
INPRIMATU
Presoen eskubideak lehen lerroan dira (Bero-beroan)
2007ko otsailaren 21a
Jende askok kalera ateratzeko zuen gogoa erakutsi zuen iragan larunbateko manifestazioak. Presoen eskubideak izan ohi dira sarri horretarako aukera, bai presoen eskubideen aldeko borrokagatik, eta baita ere edozelako irtenbide aukerak bera burua agertzen duenean, presoak eta bestelako errepresaliatuen egoera funtsezkoa delako. Batek daki azkenean irtenbide zentzuzkoak bere bidea egiten badu, presoen askatasunaren gaia nola garatuko den, baina ubideren bat eratu beharko da ur horrek bere bidea egin dezan. Zeren eta, nola salduko du Zapateroren Gobernuak gai hori Espainiako iritzi publikoaren aurrean? Azken boladan presoen inguruan mediatan ateratako gaietan bik garrantzi berezia hartu dute: batetik, Fernando Buesaren hilketagatik epaitu eta zigortu duten etakideari, buruzagi sozialistaren familiara hurbiltzeko gutxieneko distantzia jarri zaiola; bestetik, zenbait komunikabidetan -tartean El Pais edo La Clave astekaria- ETAren biktimekiko erantzukizun zibilaren gaia astintzen ari dira. Moda kontua ala klaberik ba ote gaiotan?