Parole antzerki talde profesional sortu berriak estreinako K537 obra aurkeztuko du urtarrilaren 22an Errenterian. Boterearen eta gerraren absurdoaz diharduen komedia da eta Imatxi Ricok idatzi eta zuzendu du. Dantzariak eta aktoreak arituko dira taula gainean.
Denis Laborde etnologoak La mèmoire et l'instant. Les improvisations chantées du bertsolari basque (Oroimena eta momentua. Euskal bertsolariaren inprobisazio kantatuak) ikerlana plazaratu du Iparraldeko bertsolaritzaren inguruan, Elkarren eskutik.
Jose Ibarrola artista bilbotarrak 30 urte bete ditu prentsarako irudiak egiten. Egindako 5.000 irudietatik 54 bildu ditu Tiempo de papel liburuan (Eleak). 300 ale plazaratuko ditu eta ale bakoitza ezberdina izango da.
Ion Fiz moda diseinatzaileak kamiseta bat diseinatu du Bilboarterentzat. Erakundeak bertan aritutako artistei egin die eskaera, Bilboarteren eta artisten izenak zabaltzeko.
Asgarth Donostiako Añorga auzoko taldeak diskoa plazaratu du hiru urteko isilunearen ostean: Garrasia (EDG). Hard rock ukitua nabaria da diskoan. Utikan taldean aritutako Unai Corral da taldeko bateria berria.