argia.eus
INPRIMATU
Hasier Etxeberria: «Eleberri bat idaztean, norberaren gustukoa eraiki nahi izaten da»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Zer dago Mutuaren hitzak nobelaren atzean?
Bada, begira, nobela hau idazteko garaian beste langintza bat izan nuen, burua bete eta eskuak eta gerria apurtu zizkidana: etxea handitzeko lanak hartu genituen hiru hilabetez, eta horrek gremioekin jarri ninduen harremanetan; arkitekto, igeltsero, iturgin, zurgin eta bestelako guztiekin. Eta zinez esan dezaket etxea eraikitzeak eta eleberria idazteak badutela antzekotasunik.

Eta zein da antzekotasun hori?
Antzeko bizi izan ditut nik, behintzat, biak ala biak, eleberrigintza etxegintza baino nekezagoa eta luzeagoa gertatzen bada ere. Lehenik eta behin, nolako etxea egin nahi duzun behar da erabaki. Liburuarekin ere, berdin. Arkitekto lanbidean hain ohikoa diren marrazki eta zirriborro horiek egin behar izaten dira lehenbizi, buruan edo paper mutur batean. Helburua, jakina, irakurlea denbora batez gordetzeko moduko etxe bat eraikitzea da. Eta gainera, etxe horrek ezin du izan edonolakoa, Babes Ofizialeko mila aldiz errepikatu horietako bat. Gutxitan jarriko gara geure bizitzan zehar hainbesteko lanak egiten -eleberri bat idazten-, eta norberaren gustuko etxea eraiki nahi izaten da, nabari dadila nor den arkitektoa, baita han biziko dena -irakurlea- beste norbait izango bada ere.

Ildo nagusiak marraztu eta gero, zer dator?
Igeltsero lana etortzen da, eta horixe du arazorik handiena idazleak, nere kasuan behintzat; zeren normalean irudimenetik ondo samar ibili ohi bagara ere, adreilu bat, eta beste bat eta gero beste bat jarri behar izaten da gero orrialdeetan.