Gizatasuna zalantzan


2007ko otsailaren 21ean
Bartzelonan, berriki, hiru gazte atxilotu dituzte andrazko eskale bat hil izana leporatuta; eta nola hil, gainera. Hasieran, 18 urteko gazte bik bortizki jipoitu zuten, baina eskaleak kutxazain batean babestea lortu zuen, bertako atea itxirik. Handik gutxira, berriz itzuli ziren, 16 urteko gazte bat amu bezala erabilita atea ireki ziezaien. Eta behin hori lortuta, su eman zioten andreari. Horrelaxe, bizirik erre zuten. Udal agintarien arabera, mutilak familia arruntekoak dira, klase ertainekoak. Gazteok, antza denez, errudun direla aitortu dute, baina jolastu baizik ez zutela nahi esan dute euren burua defendatu guran.

Tankera horretako albisteek ezinegona eragiten dute edonorengan. Animalia hutsak dira: horixe da burura datorkigun lehendabiziko ideia; eta ziztu bizian saiatzen gara gizateriaren eta ale bakan batzuen arteko mugak ezartzen. Esaten dutenez, alta, ankerkeria giza ezaugarria omen da; hots, animaliek biziraupena ziurtatzeko baino ez omen diote beste bati minik eragiten. Ez dakit egia den edo ez. Edozein modutan, aipatu albistea entzutean, barruko ahots txiki bat hasten zaigu berbaz, apur bat etsita, gizakiaren eta gizateriaren izenean han-hemenka egiten diren hainbat eta hainbat sakrifiziok, ametsek, proiektuk... merezi ote duten zalantzan ipintzen duena.

Azken batez, edozein zeregin kolektibo bati ekiten dionak gizakiari buruzko ikusmolde jakin bati eusten dio, nahiz eta batzuetan jabetu ere ez garen egiten horretaz. Ugariak dira ikusmoldeok, baina oinarrian denek dute honelako ideia: pertsonak badu halako izaera sakratu bat, beste edozeren gainetik dagoena. Esate baterako, sentiberatasun ekologikoa izugarri hazi da azken aldian, eta, horren ondorioz, naturari egindako eraso bakoitzak -berdin da parke bateko zuhaitzak edo Amazoniako baso erraldoi bat izan- egiazko tristezia sorrarazten du gugan. Baina edozein hondamendi ekologikok beste izari bat hartzen du tartean hildakorik egonez gero, zeren eta gizakia eta bere bizitza -eta ondorioz, bere heriotza- gauza guztien gainetik daudela uste baitugu. Bestela esanda, ekologistek ere ez dute maila berean jartzen astoaren desagerpena eta gizakiarena. Hori horrela, norbanakoaren duintasuna, askatasuna eta ongizatea jotzen ditugu balio gorentzat. Giza aberea abere guztiz berezi bezala ikustean bat egiten dute tradizio kristauak eta pentsamendu filosofiko nagusiak. Mendebaldeko gogoeta intelektualean ez ezik, gaur egun ondo sustraitua aurki dezakegu ikusmolde hori jende xehearen irudikapen eta egintzetan; horregatik esaten nuen gorago, batzuetan, sentipena inkontzientea izan daitekeela.

Hala ere, ondo sustraitua egoteak edota sakonki hausnartua izateak ez du saihesten ikuspegi okerra izatea, alde askotatik begiratuta. Zenbaitek uste du, horrela, alferrikakoa dela gure animaltasunari uko egin gura izate hori. Alferrikakoa ez ezik, patetikoa ere bada. Diotenez, antropozentrismoa alboratu ezinik gabiltza, orain mende batzuk gure planeta unibertsoaren erdigunea zela pentsatzen zutenak bezalaxe, harro-harro, itsu-itsuan. Eta ez dugu Darwin behar animaltasunaren katebegi bat baino ez garela jabetzeko; egunerokotasunari begiratu baino ez zaio egin behar, ordea. Mingarria da, apur bat fribolo jarrita, baina onartu beharra dago: gu ez gara filmearen protagonista; bilakaeraren zori hutsaren emaitza baizik. Akabo, beraz, duintasun guztiak. Edo ez?

Dudarik gabe, eztabaidaren ondorioetan dago gako nagusietako bat, ez baikaude intelektual batzuen arteko tira-bira teoriko huts baten aurrean. Animaliei dagokienez, uste dut ondorio zuzen -eta onuragarri- asko egon daitezkeela. Ni neu ezjakina naiz animaliek guk bezalaxe sentitzen eta arrazionalizatzen duten edo ez ebazteko, edo horretaz iritzi sustaturik emateko, baina nago eztabaida bera mesedegarria izan behar dela haien bizi baldintzak eta haiekin dugun jokabidea zuzentzeko. Milaka urtetako zorra kitatuko genuke horrela. Natura/kultura binomioaren arteko mugei buruzko gogoetaren ur sakonetan murgildu gabe, beraz, gora animaliak! oihuari ongi etorria eman beharko genioke herritar xumeok.

Baina zer gertatzen da gizakiok elkarri zor diogun jokabidearekin? Zenbait ekinbide kolektiboren jardunean, adibidez, inplikazio zuzen bat baino gehiago izan lezake. Burura datorkidan lehena feminismoa da, neurri handi batez, naturak ezarritako baldintzei uko etengabean eta horiek gainditzean oinarritu baita mugimendu hori. Nola edo hala, ekinbide kolektibo oro ukiturik gelditzen da eztabaida honekin. Hasiera batez, irudi lezake ekologismoa indartzeko mesedegarri izan litekeela antropozentrismoa alboratzea, baina, zergatik izan behar gara ekologista eboluzioaren zori hutsez baldin bagaude planetan? Zergatik sentituko ginateke gure ondorengo belaunaldiekin zorretan?

Hortaz, animaltasunaren errebindikazio erradikalak ekinbide morala ere indargabetu dezake. Agian horrela sentituko ziren kristauak Darwinek bere tesi ospetsuak azaleratu zituenean.


Azkenak
2025-01-20 | ARGIA
Otegi buru, “belaunaldi berri batek” hartuko du EH Bilduren gidaritza

EH Bilduk astelehen honetan abian ipini du mahai politikoa berritzeko barne prozesua. Zuzendaritzak zerrenda proposatu du. Arnaldo Otegik buruzagi izaten segituko du.


2025-01-20 | Julene Flamarique
Iruñeko Erorien Monumentua eraistea eskatu dute

Elkarte memorialisten ustetan, Rozalejoko Markesaren Jauregia, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatuko litzatekeen tokia, "omenaldi, oroimen eta oroimenerako lokal bat" izan daiteke, eta Maravillas Lamberto izena eraman. Manifestariek adierazi dute ez dela nahikoa... [+]


2025-01-20 | Leire Ibar
Ortuzar prest agertu da EAJren buru izaten segitzeko

Abian da EAJren barne prozesua. Lehen fasea urtarrilaren 20tik otsailaren 2ra bitartean egingo da. Gaurtik aurrera, Ortuzarrek alderdiaren buru izaten jarraituko duen erabakitzeko aukera izango dute EAJko afiliatuek.


2025-01-20 | Julene Flamarique
Sunsundegiren aldeko manifestazioa: “Sakanan bizi eta lan egin nahi dugu”

Sunsundegik “produktua eta merkatua” dituela azpimarratu dute Altsasun eginiko manifestazioan. “Nafarroarentzat enpresa estrategikoa” izan daitekeela defendatu dute langileek, eta itxiera “aukera gisa ulertzen ez dutela” ziurtatu.


2025-01-20 | ARGIA
Nazioarteko eskuin muturrak inguratuta hartuko du presidente kargua Trumpek

Donald Trumpek asteleheneko 18:00etan (12:00ak Washingtonen) egingo dio zin AEBetako presidente izateari. Europako eta beste hainbat herrialdetako eskuin muturreko estatu buruak gonbidatu ditu inbestidura ekitaldira. Egun bakar bat lehenago emandako mitinean aurreratu duenez,... [+]


2025-01-20 | Leire Ibar
Su-etena indarrean, Israel eta Hamas hasi dira bahituak trukatzen

Igandetik indarrean da Hamasek eta Israelek nazioarteko bitartekaritzarekin adostutako su-etena. Lehen egunean 69 emakume eta 21 nerabe askatu ditu Israelek, horietako bederatzi adingabeak, eta Hamasek hiru israeldar. Gazara laguntza humanitarioko 630 kamioi ere sartu dira.


Joxe Mari Esparza: “Txikitik handira borrokatu behar dugu, egunerokoan gertu ditugun gauzak aldatuz”

Tafallan, nekazal giroko etxe batean sortu zen 1951. urtean. “Neolitikoan bezala bizi ginen, animaliez eta soroez inguratuta”. Nerabe zelarik, 'Luzuriaga’ lantegian hasi zen lanean. Bertan, hogei urtez aritu zen. Lantegian ekintzaile sindikala izan zen;... [+]


2025-01-20 | dantzan.eus
Martxora arte kalez kale eta etxez etxe ibiliko dira kaskarotak Lapurdin

Bi asteburu direla atera dira lehen kaskarotak: Beskoitzekoak. Eta martxora arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira Beskoitzeko kaskarotak, baina ez bakarrak... [+]


2025-01-20 | Bertsozale.eus
Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa
Gasteizko Amaia Zentroan elkartu dira larunbatean Arabako Bertso Kuadrilla artekoan parte hartuko duten 14 taldeetako ordezkariak. Kuadrillartekoaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.

2025-01-20 | Euskal Irratiak
%221ko gainpopulatzea, Baionako presondegian

Alarma jo du, beste urte batez, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak. Abenduaren lehenean marka berri bat hautsi zen frantses estatuan, 80.792 pertsona atxiloturekin. Espetxe-administrazioaren aitzinikuspenen arabera, gainera, 86.000 baino gehiago izan litezke 2027an egungo... [+]


Eguneraketa berriak daude