argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 27a

Maskaraden aroa

Abiatu da maskaraden garaia. Aurtengoan Urdiñarbeko gazteak arduratuko dira Zuberoako inauteri bereziak jokatzeaz. Hamahiru urte dira maskarada egiten ez dutela Urdiñarben. Guztira sei aldiz egin ditu Urdiñarbeko herriak, 1936 (urte honetan bi egin ziren), 1949, 1977, 1982 eta 1993 urteetan. Aurtengoa, beraz, zazpigarrena du. Azken urteetan gertatu bezala, maskaradako parte-hartzaileak oso gazteak dira eta apirilaren amaiera arte 20 emanaldi eskainiko dituzte Zuberoako hainbat herritan. Hartza izango da aurtengo maskaradaren protagonista, azken boladan hartzak berriz sartzeak piztu duen eztabaidaren lekuko. Aurten maskaradaren agerraldi bat Parisen egiteko asmoa agertu dute, baina oraingoz, ez dute datarik finkatu. Dena den, inauteri egunetatik kanpo izango litzatekeela jakinarazi dute.


Euskal musika Midem azokan

EUROPAKO musika merkatu handiena da Cannesen (Frantzia) egiten den Midem azoka. Aurreko urteetako joerari eutsita, aurten ere Euskadiko Soinuak programa (www.euskadikosoinuak.com) eramango du Eusko Jaurlaritzak. Duela sei urte abiatu zuen programa hau euskal musika zabaltzeko, bakarlari eta taldeen lana, diskoetxeena eta management enpresena ezagutarazteko. Urtarrilaren 22tik 26ra, standa jarriko du azokan Jaurlaritzak. Bestalde, euskal jazzaren gaua eskainiko dute Magestic hotelean, Basque Music. Vitoria Jazz Festival Night jaialdia hain zuzen. Tomás San Miguelen laukotea eta Iñaki Salvadorren taldea arituko dira zuzenean, besteak beste.


Barre barra-barra egiteko lehiaketa

Bakarrizketa Barregarrien I. Lehiaketa antolatu du Debagoieneko Euskal Elkarteen Elkargoak (Debagune). Parte hartu nahi duenak euskara batuan nahiz norberaren euskalkian idatzitako bakarrizketa bidali beharko du eta harekin batera, testuaren interpretazioaren grabazioa. Gehienez, testua bi orrialdekoa izango da eta grabazkioa, 5-10 minutukoa. 300 eta 150 euroko bi sari egongo dira. Lanok otsailaren 28a bitarte bidali behar dira Debagune elkartera. Informazio gehiago nahi izanez gero, kulturajarduntopagunea.com helbidera idatzi.


Zinegoak hirugarrenez

Sendotzen ari da Bilboko Hegoak elkarteak antolatzen duen gay, lesbiana eta transexualei buruzko zinema jaialdia; aurtengoa hirugarren urtea du Zinegoak jaialdiak. Urtarrialen 17an hasi eta 22a bitarte pelikula andana ikusteko parada izango da Arriaga antzokian, Bilborocken eta Capitol zinema aretoetan. Ia-ia bikoiztu egin da film kopurua, aurreko urtekoekiko. Lehiatuko diren film labur, luze eta dokumentalez gain, Vicente Molina Foixek atondutako zikloa izango da ikusgai. Molina Foixen zikloa Espainiako Estatuan gay, lesbiana eta transexualen inguruan eginiko zinemaren errepasoan egiteko proposamena da. Besteak beste, La muerte de Mikel (Imanol Uribe, 1984), Un dios desconocido (Jaime Chávarri, 1977), eta Cambio de sexo (Vicente Aranda, 1977) ikusi ahal izango dira. Zinegoak amaitu ostean, beran proiektatutako filmak Bizkaiko hainbat herritan (Leioa, Sestao, Basauri, Portugalete, Getxo...) emango dituzte hilaren 27a arte.



Arteak eta Pasaiak topo egin dute

Pasaiako herria (Gipuzkoa) sortu zela 200 urte bete ziren iaz. Mendeurrena ospatzeko egin ziren ekimenetakoa dugu hilaren 29a bitarte bisitatu ahal izango den Topaketak Zirizan erakusketa. Pasaiarekin harremana izan duten 125 artistari, hasiberri nahiz ibilbide luzeko, egin diote gonbita, euren lanak Trintxerpeko Ziriza eraikinean jartzeko. Carlos Indak egin ditu komisario lanak eta, guztira, 200 artelan batu ditu. Pintura, argazkia, bideoa, eskultura... denetariko lanak daude ikusgai, erakusketarako propio sortuak tarteko. Besteak beste, Ricardo Ugarte, Julia Otxoa, Anjela Mejias, Don Herbert, Ramon Zuriarrain, Oier Villar eta Koldo Alberdik hartu dute parte erakusketan.



CAE artisau zentroa Erandion

Artearen eta artisautzaren zubi izateko jaio da Erandio Artisau Zentroa Erandion. Jon Alberdi errementari eta eskultoreak eta Jesús Lizaso zeramikari eta eskultoreak sortu dute 800 metro karratuko bi solairuko eraikuntza artisau eta artistentzako baliabide gisa. Zentroan lan egin nahi duten artistek, hileko 180 euro ordainduta, sukaldea, komuna, aldagelak, lan egiteko tailerra, patioa eta galeria baliatu ahal izango dituzte. Izan ere, galeria komertzial bat jarri dute CAEn artistek euren lanak saltzeko. Sorkuntza gune ez ezik, hezkuntza gune ere izango da. Besteak beste, pintura, zaharberritze, egur taila eta eskulan tailerrak eskainiko dituzte.



Euskal taldeak Espainiako onenen zerrendan

2005eko disko onenen zerrendak plazaratu dituzte Espainian banatzen diren Rock de Luxe (RDL) eta Mondo Sonoro aldizkarietan. RDL aldizkarikoan Anariren Zebra Espainiako hirugarren disko onena izendatu dute, Jabier Muguruzaren Abenduak 29 hamalaugarrena eta Lisabören Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak hogeita bigarrena. Mondo Sonororen zerrendan, aldiz, Berri Txarrak talde nafarraren Jaio. Musika. Hil seigarren lekuan ageri da, Anarirena hogeita hirugarrenean eta Lisabörena hogeita laugarrenean.