Ama, kantari izan nahi dut


2021eko uztailaren 20an

Telebista piztu. Operación Triunfo. Azken edizioko azken gala. Sergio, irabazlea, taula gainean. Adin eta gizarte maila guztien gainetik, une horretan telebista aurrean ziren bi pertsonen artetik bat saio hau ikusten ari zen. Hori bai arrakasta! Non? Euskal Autonomia Erkidegoan... Sinestea kosta egiten da, baina Donostian egindako casting-era 762 pertsona aurkeztu ziren. Urduri. Fama, dirua eta diskoa. Hori guztia hiru hilabetean eskuratzeko aukera. Zein dago ilaran zain?

Ainara Ortegak ez du aurkeztu den inor ezagutzen. Berak jazz estiloko kantua ikasten du, Musikene goi mailako kontserbatorioan. Han eta hemen aritzen da abesten, hainbat proiektu musikaletan parte hartzen du eta aldian aldiko jai pribatuak girotuz ere lortzen du dirua. Bera bezala aritzen den asko ezagutzen du. Horietako inor ez da Operación Triunfoko castingetara aurkeztu, ezta nahi ere.

Goi mailako ikasketak egiten ari diren gehienek ez dute «operazio» horretan sinesten. Telebistarako prestatutako gidoia jarraitzen duen saio bat gehiago dela uste dute, fartsa. Bidea berandu hasi duenik badela onartzen dute, baina benetako abeslari izateko gutxieneko musika ezagupen batzuk ezinbesteko jotzen dituzte. Abestea, ahoa ireki eta kantuan hastea baino zerbait gehiago dela, alegia.


Karrera ala lasterketa?

Aipatutako gehienek umetan hasi zituzten solfeo ikasketak. Gurasoen eskutik joaten ziren eskoletara. Musika tresnaren bat jotzen ere ikasi zuten, baina beranduago ohartu ziren benetan maite zuten musika tresna, landu nahi zutena, gainean zutena zela, ahotsa.

Helen Rowson bi astean behin Bartzelonatik etortzen da Musikenera, ikasle hauekin horixe bera lantzera, ahotsa. Ahots teknikak irakasten dizkie. Hona etorri aurretik, David Bisbal, Chenoa eta beste lehiakideekin akademia famatuan hiru urtez aritu zen lan bera egiten.

Bi aldeetako ikasleak konparatzeko eskatuta, biek ere helburu antzekoa edo berbera dutela dio; guztien asmoa fama eta musikaren bidean aurrera egitea dela. Kontua da batari eta besteari zein garrantzia ematen dioten, argitu digu gero.

Musikene lanerako askoz ere aproposagoa ikusten badu ere, eta ikasleek egiten dituzten aurrerapausoak nabarmenagoak direla iruditzen bazaio ere, telebistako saioak musikaren panoraman bizitasun pixka bat sortzen duela onartzen du. Arrakasta benetako arrakasta izan ez arren eta makillaje eta arropek ahotsak baino garrantzia handiagoa dutela baietsi arren, horrelako saioak behar direla uste du. Batzuentzat benetako lorbidea izan daitekeela eta aukera badute aprobetxa dezaten gomendatzen du berak.


Bestearen epaitza

Ana Otxoa bilbotarrak kantu klasikoa ikasten du. Aurten amaituko ditu goi mailako ikasketak eta ez du uste etorkizunerako ate gehiegi zabaldu zaizkionik. Musika irakasle izateko ere ikasi zuen lehenago, baina horrez gain zerbait gehiago egitea gustatuko litzaioke. Operación Triunforen castingera aurkeztuko litzateke, baina soilik epaimahai horren aurrean nola sentituko litzatekeen jakitearren, bere ahots interpretazioak zer iritzi sortuko liekeen jakitearren. «Jakin nahikeria da», dio berak, «besterik ez». Gainera, lehiaketa horretako parte-hartzaileei txalogarria iruditzen zaion gaitasun bat ikusten die, dantza eta kantua bateratzeko ahalmena. Anari oso zaila iruditzen zaio biak aldi berean ongi egitea. Hala ere, mikrofonoak asko laguntzen diela dio bere alde, antzoki bat bere ahots soilarekin betetzeak akaso meritu gehiago duela iradokiz.

Telebista saioari gauza positiboak ikusten badizkio ere, bere ikaskideek bezala, segur da arrakasta eguneroko lanari esker lortuko duela eta ezinezkoa dela eurak urtetan egin duten lana hiru hilabetean barneratzea.


Arrakasta, norberaren esku

Izan baldin badira, gutxi dira zorte hori izaten dutenak. Ez orain, ez lehen. Amaia Zubiria kantariak oso argi ikusi du hori. Ez du uste gauzak orain lehen baino errazago direnik, ez eta zailago ere. Gazteak lanerako gogoz ikusten ditu, nahiz eta akaso zertxobait burgestu direla pentsatzen duen.

Amaiak uste du kantari izan nahi duenak, musika sentitzen duenak, artistaren bizitzari eusten diola eta ez duela aberasteko asmorik izaten. Egun, errazagoa iruditzen zaio bestelako ikasketekin uztartzea, baina une jakin batean zirt edo zart, bat edo bestea aukeratu behar izaten dela ikusi du. Arrakasta norberaren gogo, ahalmen eta lanaren araberakoa izaten dela iruditzen zaio.



Ama, kantatu zuk ere

Zubiria abeslari ezaguna dugu eta euskal kantu lehiaketetan epaimahaikide izan ohi da. Bere esanetan, adin jakin batera heldu arte, gizonezkoak baino gehiago dira lehiaketa hauetara aurkezten diren emakumezkoak, baina ama izatea erabakitzen dutenean edo beste erantzukizun batzuei aurre egin behar izaten dietenean, emakumeek agertokia alde batera uzten dute. «Non da Labrit?» galdetu omen zion norbaitek orain gutxi. «Ama izan da» pentsatu zuen berak. Eta halaxe izan da, jakin duenez. Horrek penatu egiten du eta egunen batean emakume bat haurdun bere tripa handiarekin agertokian kantari ikusteak poztuko lukeela dio. Ez omen du aitatasunagatik aretoak utzi dituen gizonik ezagutzen.

Zubiriak badaki lehia ez dela didaktikoa, baina euskarazko eta euskal kantagintzaren tradizioari eusteko modua iruditzen zaio lehiaketa hauek antolatzea. Nafarroako Kantuzaleen Elkarteko koordinatzaile Oskar Estangak ere hala uste du. Estangarentzat, epaile batzuen arabera on edo txar sentitzea norberaren konfiantza besteren eskuetan uztea da. Era berean, ordea, kantari izateko bidean direnei bultzada emateko oso modu ona da, bere aburuz.

Horrela ari da Maider Ansa aranoarra (Nafarroa) ezagun egiten. 19 urte ditu eta dagoeneko helduen arteko txapelketa bigarrenez irabazi berri du Nafarroan. Haurren artekoan, 11 urterekin aurkeztu zenetik, behin bakarrik geratu zen lehen saririk gabe. Euskal Herrikoan aurkeztu den aldi bakarrean ere, irabazle suertatu da.

Berriro ere zertarako aurkeztu behar duen galdetzen diotenean, horixe erantzuten du berak, aurkeztuko ez balitz eta berriz irabaziko ez balu, inork ez lukeela bere izenik gogoratuko. Sikiera urtean behin, Ansa ahizpen artean gazteena hortxe dabilela jakin dezagun aurkezten da.


Kalitatearen beste hainbat erakusleiho

Aldi berean, Ansa musika irakasle izateko ikasketak egiten ari da Iruñean eta uda garaian talde batekin aritzen da, herriz herri eta festaz festa. Kantu bazkari eta afarietan parte hartzea ere atsegin du eta horrelakoei esker, kantagintza berreskuratzen ari direla nabari du. Dibertsio gune izateaz gain, aukera horiek guztiak kantagintzarentzat ezinbestekoak diren leihoak iruditzen zaizkio.

Askok nahiko luke bere errepertorioa formatu borobilean bilduta ikustea, baina ez da hain erraza. Irratietan banatzeko moduko zerbait etxeko ordenagailuarekin ere egin liteke, beti ere kalitatearen kaltetan, baina CD formatuan eta saltzeko moduan egiteko, gutxienez 3.000 euro behar izaten dira. Zorte handia da etxera ate joka etortzea; ohikoena, ordea, patrikatik jarri behar izatea da eta horrek ere ez du arrakasta segurtatzen. Hori argi dute lehia horretan ari direnek eta beraientzat nahikoa arrakasta da luzean ala laburrean, diskoarekin ala gabe, plazan edo lagun artean, xume, goxo eta suabe entzuten den doinu polita; aurrean dagoena hunkitzea lortzen badu, bederen.

Non ikasi kantuan?

Kantu eskoletan ahotsa nola erabili irakasten dute, ez bakarrik nola abestu behar den.

Horretarako, lehenengo arnasa nola hartu ikasten dute hara jotzen dutenek, hori baita kanturako tresna martxan jartzen duen gasolina.

Ahotsa nola kokatu ere ikasten dute, haize horrek bere norabidea hartu behar baitu, hizketarako bezalaxe.

Azkenik, haize bideratu horri doinu ematen ikasten dute eta errepertorio bat praktikan jartzen dute.

Hori guztia ikasteko hainbat ariketa irakasten da eta maisu bakoitzak bere teknikak erabiltzen ditu, ahots bakoitzari probetxua ateratzeko.

Euskal Herrian bada aukerarik kantu lirikoa zein modernoa ikasteko. Goi zikloa ikasteko Musikene dago Donostian (943 316778) eta Pablo Sarasate kontserbatorioa Iruñean (948 206 680).

Erdi mailako kontserbatorioetan ere kantu lirikoa ikasteko aukera bada, nahiz eta oraindik modernoa ez den ezarri. Ikasketok ia edozein herritako kontserbatorioan egin litezke.

Horrez gainera, badira beste hamaika akademia eta musika eskola, araututako heziketaz kanpo edo homologaturik kantu eskolak eskaintzen dituztenak. Esaterako: Artsaia (Iruñea), Sol Sostenido (Burlata), Musical Tomás (Iruñea): 948 198619, Ugao musika akademia (Ugao): 94 6481819.


Azkenak
2024-10-18 | ARGIA
Langile bat hil da Lizarran, biltegi batek eztanda egin ondoren

56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.


Beldurra espazio komun gisa

Herritarren segurtasunik ezaren kezka gero eta handiagoa da gure auzo eta hirietako elkarrizketetan, batez ere kalean bizirik dirauten Magrebeko gazteek eragindako lapurreten eta gatazken inguruan. Badirudi egoera horiek areagotu egin direla azken hilabeteetan, eta alarma eta... [+]


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


Sinwarren hilketaren ondoren, gerrak bere horretan jarraitzen du

Yahya Sinwar Hamaseko burua hil ondoren, Ekialde Erdiko gerrak nola jarraituko duen aurrera mintzagai da hilketaren biharamunean. AEBek, Joe Bidenen ahotik, berehala iragarri dute orain su-etenak bidea libre izan dezakeela. Bide beretik jo dute Mendebaldeko hainbat buruzagik... [+]


2024-10-18 | Ahotsa.info
Azken hiru urteetan altueratik erorita Nafarroan 10 langile hil direla salatu dute

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu dituzte Nafarroan altueratik erorita hil diren hamar langileen kasuak.


Marcos Maceira, A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidentea
“Oso zaila izango da galiziera leheneratzea PPren hizkuntza politika ez bada zuzentzen”

Galiziako Estatistika Institutuak galizieraren egoeraren inguruko inkestaren azken datuak ezagutarazi ditu. Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez... [+]


2024-10-18 | Hala Bedi
Makroproiektuen aurkako manifestaziora deitu du Gasteizen Araba Bizirik!-ek, urriaren 26rako

“Araba ez dago salgai” eta “Makroproiekturik ez” lelopean egin dute deialdia. Urriaren 26an elkartuko dira 18:00etan “etekin pribatuak bermatzera” bideratuta dagoen eredu energetikoa eta “instituzioek jokatzen duten papera”... [+]


Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino grafiti gehiagorekin margotuta?

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-18 | Uriola.eus
Bazter Fest ospatuko dute Bilbon azaroaren 9an, protagonistak emakumeak diren hip-hop jaialdia

Azaroaren 9an, emakumeak protagonista diren hip-hop jaialdia ospatuko dute, 17:30etatik aurrera. Jaialdiak urtez urte hip-hop eta rap estiloetan ibilbide ezaguna duten emakume artistak bildu izan ditu.


Xamarrek ‘Orhipean, Gure Herria ezagutzen’ liburuaren edizio berria aurkeztu du

Gaur Donostian Orhipean, Gure Herria ezagutzen liburuaren edizio berria aurkeztu dute. Bertan Izan da egilea Xamar eta berarekin batera Antton Luku, Isabel Isazelaia eta Lander Majuelo.


“Beti gainerakoei jartzen diegu oxigeno maskara, eta denbora badago, norberari”

Krisi egoeran idatzitako gogoetak eta lagungarri egin zaizkion tresnak jasotzen ditu Iratxe Etxebarria kazetariaren 7.300 miligramo eszitalopram liburuak.


Eguneraketa berriak daude