argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21

Tsunamiaren eragin luzea
Urtea igaro da Indiar ozeanoan sortutako tsunamiaren ondorioz milaka pertsona hil zirenetik. Oraindik milioika pertsonak etxerik gabe segitzen du eta Nazio Batutik bidalitako diru-laguntzak uste baino gauza gutxiago konpondu ditu.

Beste hamar urte igaroko omen dira gauzak bere onera itzultzeko, besteak beste etxe berriak eraikitzeko. Sarraskia gertatutako lekuak zorionez eguraldi epelekoak direnez, eraikuntzarako sistema errazak erabili nahi dira, horrela urte gutxian milaka etxe txiki eraikitzerik izango baita.

Etxeak eraikitzeko material nagusia egurra izango da, bera baita material ugarienetakoa lurralde horietan. Horretarako milaka tona egur beharko da, baina nondik aterako da egur-kantitate hori? Hainbat zientzialarik alarma gorria piztu du gai honen inguruan, zeren eta susmo guztien arabera, tsunamiak ukitutako lurraldeetako basoetatik aterako baita egurra. Hau horrela izanik, deforestazio izugarriaren aurrean egon gaitezke eta horren ondorioz hemendik hogei edota hogeita hamar urtera beste sarraski natural batzuk gerta daitezke, egun basoek eutsitako urak mendian behera trabarik gabe egin baitezake bailaretan dagoena kaltetuz.

Eraikuntza-materialez gain, badago beste arazo larri bat: eraikuntzen kokalekua. Etxeak sarraskia gertatutako leku berberetan egin behar al dira? Beste leku batzuetan? Lehenengo kasuan, beste tsunami baten aurrean zer defentsa eraiki? Bigarren kasuan, populazioen desplazamendu handiak gerta daitezke eta horrek etnia edota pertsona-talde desberdinen arteko tentsioak sor ditzake.

Galdera askotxo dago erantzuteko eta arrisku garbia dago gauzak ez buru ez hankarik gabe egiteko.

Gizakiaren arrasto zaharrak

Australiako Mungoko parkean dagoen laku lehor batean orain 20.000 urteko gizakiaren arrastoak topatu dira. Ume, andre eta gizonen oin-arrastoak dira hain zuzen ere topatu direnak, guztiak kaltzio karbonatoa zuen buztinezko zoruan. Antza, lakua lehortzean, zorua porlana bezain gogorra geratu zen.

Guztira 124 aztarna aurkitu dira 13tik 30 zentimetrora artekoak. Datu hauek oso interesgarriak dira Australiako jatorrizko gizakien ezaugarriak ezagutzeko. Adibidez, antzeko aztarnen azterketaren ondorioz 20 kilometro orduko abiaduran zihoan gizon handi baten lasterketa berregiterik izan zen.

Orain arte Australian topatutako gizaki zaharrenen hondarrek 40.000 urteko adina dute eta hauek ere Mungoko parkean topatu ziren.