argia.eus
INPRIMATU
Kirmen Uribe: «Bide bat aukeratu baduzu, bide horretatik jarraitu behar duzu»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Zein da zure liburu honen historia?
Bizitza da gauzarik handiena, zeren zure tokian jartzen zaitu. Norberak badu koherente izan nahi bat, baina gero koherentzia horiek guztiak apurtu egiten ditu bizitzak, eta horregatik da ederra, beste gauza batzuen artean. Nik uste nuen ez nuela inoiz idatziko haur eta gazte literaturan etxeko animalia bat protagonista duen ipuinik. Baina, hitzak askotan jan egin behar izaten ditugu, eta aurtengo udan, Ondarroan nengoela, ezagutu nuen txakur bat, Guti. Txakur zahar-zaharra da, han zegoen plazan, etzanda. Eta jakin nuen txakur hori joaten zela arrastreko ontzietan Gran Solera eta Irlandara-eta han mareak pasatzera. Eta behin bere ontzia desegin egin zutela, eta geratu zela langabezian. Bai txakurra eta baita arrantzaleak ere. Orduan, egunero-egunero, bai arrantzaleak eta baita txakurra ere, biltzen zirela plazara.

Eta hunkitu egin zituen horrek?
Bai! Izan ere, asko esaten zidan txakurraren pertsonaiak, nola egunero joaten zen plazara noizbait beste ontzi batean joango zen itxaropenarekin. Gainera, pentsatzen jarrita, nik uste dut arrantzalearen izaera ere hori dela.

Izaera hortaz hitz egiten al duzu liburuan?
Batik bat ez dela amore eman behar. Nire ustez nahiko erraz ematen dugu amore bizitzan. Baina bide bat aukeratu baduzu, bide horretatik jarraitu egin behar duzu. Agian ez duzu ezer lortuko, mundua erori egingo da zure aurrean, baina nik uste dut ekinaren balore hori ahaztuxea daukagula eta errekuperatzeko modukoa dela.