argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2021eko uztailaren 19a

Mikel Goitia Andra Mari dantzari taldeko kideak Berriari esanak: «Oro har, euskal folklorearen inguruan egiten den lanaren errekonozimendua falta da. Folklorea baztertuta moduan dago, ez da ikusten euskal dantza talde guztiek egiten duten lana».

Estitxu Arozena bertsolariak honakoak adierazi zizkion Karrika aldizkariari: «Zergatik baloratu behar dugu gehiago oholtza gainera igotzea, eta ez bertsozaletasuna transmititzeko saiakera, herriko bertso eskola martxan jartzea... Azken batean sukaldeko lana, guttiago baloratua dago».

Javi P3z El Diario Vascon: «Diskoetxeek urte oso onak bizi izan dituzte, artistaren musikatik bizi diren bitartekari ugarirekin, eta logikoa da beldurtzea. Industriak urrezko garaiak bizi izan zituen CDaren etorrerarekin. Eskandaluzko prezioa jarri zioten; ez zuen inola ere hainbeste balio. Bat-batean, teknologiak norberak bere CDa egiteko aukera eman du. Industria diskografikoak ez du denbora berean aurrera egin eta orain zigorra jaso du».

Carlos Panera antzerki zuzendariaren hitzok jaso zituen Berriak: «Antzerkia izan zen lehen ikus-entzunezkoa, jendea joan den mendeetan antzerkira joaten zen eta gero, zinemara joaten hasi zen. Orain jendea ez da asko joaten zinemara, etxean gelditzen da eta filmak pirateatzen ditu. Nire ustez, abangoardia ez du arteak eramaten, teknologiak baizik. Artista guztiak daude datorrenaren zain».