argia.eus
INPRIMATU
Zeolitak
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21
Zeolitak, grekoko "zeo" irekin eta "litos" harria, mineral bereziak dira. Era askotakoak daude baina denen ezaugarri nabarmenena hutsunez beteriko armazoi tankerako egitura izatea da. Batik bat aluminioa, silizioa, oxigenoa, hidrogenoa eta zenbait ur molekulaz osaturiko egiturak alegia. Belaki antzeko hutsunezko egitura honek zeolitak haien gisako lanetara bideratzea ekarri du: iragazki, likido xurgatzaile eta emaile...

Batean eta bestean toki ugaritan ari da zeoliten ustiapena ikertzen, tartean Argentinako La Platako Unibertsitatean, non nekazaritzara ekar ditzakeen onurak topatzen saio mordoa egiten ari diren. Agronomoak, geologoak eta kimikariak elkarrekin ari dira, etorkizunean txanpon iturri oparoa izan daitekeelakoaren itxaropenarekin.

Oraingoz bi bide jorratzen ari dira: ura eta ongarriak aurreztea. Lurrak bere egitura fisikoa eta kimikoa medio, urari eta elikagaiei eusteko gaitasun jakin bat du. Gaitasun hori gainditzeko adinako ura eta elikagaiak gehitzen bazaizkio lurrari, ezin eutsiko ditu bere baitan, ur eta jaki erreuxak alde egin eta landarearentzako alfer alferrik galduz. Landareak elikatzen diren lurrean zeolita nahasten badugu lur horretan hutsune gehiago izango da eta ur molekulak eta nitrogenoa, karea, magnesioa eta tankerako landareen jakiak bertan eutsiko dira. Aurkikuntza zientifiko handien eran hau ere umekeria txepel bat dirudien hutsunearen erabilera honetatik dator.

Landareen lurra urez edo ongarriz aberasten dugunean, lorontzia bezala soroa, tartean zeolita izaki, landareek luzaroago izango dituzte eskuera biak, lurrak eta landareek behar ahala askatuko baititu. Errusian eta Kuban zeolita naturalak badarabiltzate, Europa aberatsean sintesi kimikoz sortzen dira, zailago eta garestiago, bere gisako lana egiten duten ordezkoak. Gu bai txoro! Txina, Kuba, Japonia, Bulgaria, AEB, Errusia, Hungaria, Hegoafrika eta Italia dira zeolita ekoizle nagusiak.