argia.eus
INPRIMATU
Pako Aristi: «Gizarte honek ekarri du denbora pasaraztea meritu bihurtzea»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Zer eskaintzen duzu Note booken?
Noizbait okurritu zitzaidan, nahi gabe, ea Libreta horiko poemak liburuarekin hasita, Gauza txikien liburuarekin jarraitu eta honekin amaitutako trilogia bat ez ote dudan egin. Aurrenekoan, gure bizitza azaldu nuen. Gauza txikien liburuan, dudarik gabe, nik bizitutakoak, pentsatutakoak, sufritutakoak... Eta Note booken, nire ustez, zuek da, gizartea; zuek, mundutarrok, nola zaudeten, nola ikusten zaituztedan nik.

Nola azalduko zenuke bere mamia?

Pare bat bereizgarrirekin. Batetik, teknika aldetik inoiz egin ez nuen gauza berezi bat egin dut: neurri bat eta bera jartzea testu guztiei. Alegia, folio batean sartu behar zuen nik esan nahi nuen guztiak. Zergatik? Folioa, niretzat, gauza miresgarria izan delako beti, elur egin berria bezalakoxea. Eta uste dudalako askotan pentsamenduari jarri behar zaiola neurria. Hau da, nirea, esan nahi dudanaren eta hitzek jartzen dutenaren artean dagoen aldea murrizteko ahalegina izan da. Gauzen funtsa atera eta soberakinak alde batera uzteko eginahala.

Eta bigarren bereizgarria?

Gizartean ematen ari diren aldaketekin-eta, oso lotuta egoten da literaturaren itxura eta mamia ere. Gizarte hau, azken urteotan ikuskizunaren gizarte bihurtu da nolabait, ekarri duelako denbora pasaraztea meritu bihurtzea. Alegia, hemen inportanteena ez aspertzea bihurtu da, denbora erraz pasatzea. Nire lan hau, literatura estilo horren aurkako aldarria ere bada pixka bat.