Ez dakit nork egin dituen halako zenbaketa bitxiak, baina irakurri berri dut orain bertan badirela munduan hamabost erlijio ezberdin. Eta hamabost erlijio nagusi horiek badituztela hainbat bariante edo aldaera munduan zehar barreiatuta. Aldi berean, aldaera erlijioso horiek bereizi egiten omen dira, ibai zabalak hainbeste ibaitxo edo errekatan egin ohi duen modura segidan beste hainbeste ubide edo ur korronte txikiago osatzeko, hainbat sinesmen, errito edo ohitura ezberdinetan txertatuta amaitzeko. Jakina denez hemendik hainbeste gerra, txikizio, istilu, liskar eta haserre bizi sortu dira mendeetan zehar, beti ere norbaitek uste zuelako bere erlijio hori auzokoarena baino hobea zela, bere jainkoa aldamenekoarena baino jainkoago zela eta, beraz, bide txarretik atera eta bide onera ekarri beharrean zegoela hain galdurik zebilen arima erratu hori. Hau horrela betidanik izan da eta, beldur naiz, urte edo mende mordo batean horrela izaten jarraituko duela dirudi.
Azkenaldi honetan Espainiako estatuan kristoren istiluak -eta agian inoiz baino zilegiago izan daiteke orain esamolde hori hemen erabiltzea- ari dira erlijioa gora eta erlijioa behera, bereziki ikastetxeetan izan behar duen leku eta garrantziaz mintzatzerakoan. Eliza eta eskuinekoak batetik eta besteak bestetik jo eta fuego ari dira nor aterako den irabazle. Azken inkestek diote, gainera, Euskadin eta Katalunian gero eta gazte gutxiagok ikasten duela Erlijioa, asignatura moduan, ikastetxeetan. Badirudi hemen ia inork ez duela horrelako gauzarik estudiatu nahi. Esan beharrik ere ez dago, hemen Erlijioaz eztabaidatzen dutenean esan nahi da erlijio katolikoaz ari direla, Erroman bizi den aita santuari obeditzen dion horri buruz. (Lehengo batean irratian eztabaidatzen zuten ea zergatik kontu horietan sinesten ez duen batek deitu behar dion "aita santua" beste lekuetan "papa" edo "pope" deitzen zaion pertsonari horri, kontuan izanda askorentzat santu baino beste edozein gauza seguruago izango denean. Eta proposatzen zuen euskaraz beste izen bat asmatzea Erromako pertsonaia horrentzat).
Europako iparraldetik lagun eta ezagun batzuk etorri zaizkit bisitan herrira. Zine munduan daude sartuta eta horietako bat, zine zuzendari daniarra eta hona inoiz etorri gabea, harrituta geratu da hemen omen dugun maila altuarekin. Eta hori esatean orokorrean ari zen, bizi-kalitatea, kultura maila, hizkuntzekiko begiramena... Hurrengo egunean bazkaltzeko bildu gara Tolosako jatetxe batean beste zine zuzendari horietako bat, Bernardo Atxaga eta hirurok. Gai sakonetan murgildu baino lehen hiruron familiei egin diegu errepaso txiki bat eta ikusi dugu denok dauzkagula adin ezberdineko alabak, denak zerbait ikasten. Orduan esan digu zine zuzendari horrek bere alaba zaharrena unibertsitatean estudiatzen ari den karrera zein den. Oso modan omen dago gainera Europako iparraldean karrera hori eta laster batean zabalduko omen da guregana: Erlijioa! Atxagak eta biok ezin harrituago begiratu diogu elkarri pentsatuz gure artean: "Horixe bai ederra! Gure alaba, moja!" Berehalaxe argitu digu ordea gure lagunak alaba ez zaiola moja sartu, eta ez duela sartzeko asmorik ere. Erlijio karrera horrek etorkizun handia omen dauka, bereziki politikagintzarekin lotuta, beste kulturetatik datozen munduak hobe ulertzearren. Jende asko kolokatzen omen da gobernu eta parlamentuetan, aholkulari eta aditu gisa, beste nazioekin harremanetan aritzeko, nazioarteko erakundetan lan egiteko...
"Zuek lasai -esan digu azkenik gure lagunak- moda hori hona ere berehalaxe etorriko da eta! Ikusiko duzue". Atxaga eta biok isilik geratu gara pentsatzen ea moda berri horrek gure alabak harrapatuko dituen ala ez unibertsitatera joateko unea iristen zaienean.