Joan ahal izatea beti izan da helburu zaletuarentzat, bere gogokoak txapeldun izateko jokatuko duela esan nahi baitu. Eta finala beti ere da berezia, iritsi bitarteko posturak irabazi izanaren harrotuak, zoriontsu egiten baitu bat, zuk aukeratutako horrek, pittin bat, dagoen lekuan zure babesari zor balego bezala. Zeren, horrela ez balitz, gaur egun nola eraman, telebista etxean dugula kontutan hartuta, hara bertaratzeko hartutako lanak eta utzitako sosak? Irabazleak ohikoa du bere jarraitzaileak eskertzea, haiek gabe nekez garaituko zuela esatea. Final gehienek dute elkarren antza. Jarraitzaileak identifikatuta joaten dira eta publikoki, suharki, harro adierazten dute noren nahiz zeren alde dauden. Kirol mota gehienetan koloreak ditugu pasaporte: urdin, gorri, arrosa, hori, more, berde. Finalista oro doa, omen, gozatzera. Eta honetan barrutik ari direla deritzot, irabazteko jokatzea gozamena baita. Jokoan gozatzea eragotzi dion bere sufriezaz gure ingurua sufriarazi du Xalak joan deneko finalean. Ez omen zen irabaztera joan, ez omen zuen ahaleginik egin, presentziarekin konformatu omen zen. Frontoira egin zuten Xalaren zaleetako lauri entzuna, semifinalak irabazte hartan partaidetza bazutela esan zuten berberak. Hori bai, tonua aldatuta.